Euskararen biziraupena etorkizun digitalago batean, Lauburua ikur lagungarri bezala?
Euskararen biziraupena –
Ondoren Nazio Ikurren Lantaldean jaso dugun artikulu eta txosten baten berri eman nahi dizuegu. Nazio Ikurren Lantaldea orain urte batzuk sortu zen, gure aberriaren ikurrei buruzko gogoetak eta proposamenak zabaltzeko eta eztabaidatzeko. Eztabaida horren emaitza hemen laburtu genuen Nazio Ikurrak biziberritzea: izena, armarria, bandera, ereserkia, Aberri Eguna…
Oraingo honetan, Lauburuaren Biltzarrak egin duen artikulua eta txostena zabaldu nahi dugu hemen, mahai gainean bere proposamena jar dadila ere eskatu digulako.
Euskararen biziraupena etorkizun digitalago batean, Lauburua ikur lagungarri bezala?
“Euskara da euskaldunon aberria” zioen Txillardegik,mende erdi bat lehenagoko Sabino Aranaren “Euzkotarren aberria Euzkadi da” parafraseatuz. Eta beste mende eta erdi bat beranduago, nahitaez gizadiaren historiako garai berri baten atarian aurkitzen gara.Internet, Sare sozialak, 5G, Big Data, Inteligentzia Artifiziala, Metabersoa… gero eta haundiagoa bihurtzen ari den errealitate paralelo batetan murgilduz goaz pixkanaka. “Aldea global” deritzon mundu globalizatu honetan, eta harremanak era birtualagoan ehuntzen diren aro hasiberri honen aurrean, euskararen presentzia “erreala” ezinbestean ziurtatu beharko litzateke; gure ondorengoei oparituko diegun euskal kultura iraunkortze aldera.Txillardegik berak etorkizuna iragarriz, “Estatu batekin, agian euskara ez da salbatuko. Estaturik gabe, ziur ezetz” zioen. Ondorioz, mundu digitalki konektatu batean euskarak ez badu bere presentzia bermatzen, ez litzatekeela salbatuko ondorioztatzera ausartu gintezke.
Egungo ohizko errealitate sozioekonomiko eta politikoan, beste estatu batzuen menpe dauden lau komunitate nolabait homogeneotan banatuta aurkitzen da euskaldunon aberria. Euskadi, Nafarroa, Iparralde eta sarritan ahaztutako Euskal Diaspora alegia;inposatutako mugen eraginagatik poliki-poliki aldenduz doazelarik. Zatiketa horrez gain, euskal gizarte heterogeneoaren ideologia anitzak kontutan hartzen badira, hainbat ikur, ikurriña eta bandera itxuraz erabat desberdin plazaratzen ditugu;nazio zatikatu baten irudia areagotuz.Adibidez, Eusko Jaurlaritzaren agerpenetan, hasiera batean Bizkaia soilik sinbolizatzen zuen Ikurriña, lehendakariaren atzean Nafarroako armarririk gabe ikustaraziz, zein Nafarroako Erreinuko katedun bandera gorria udaletxeetako balkoietan zintzilikatuz, zein Baskoien erregearen Arrano Beltza euskal selekzioaren partidetan astinduz.
Euskaldunen aberri bat lortzeko bidearen hasierako urrats birtualean behintzat, arestian aipatutako banderen bateragarritasunik ezak, ahaleginak sakabanatu eta amestutako itxaropen horri ateak ixten ote dizkion gogoeta egin beharko genuke; nazio eraikuntza prozesuetan ikur eta banderek duten garrantzia aintzat hartuz eta Joseba Sarrionandiaren “Euskara da gure territorio libre bakarra” askatasunezko hitzak abiapuntutzat hartuz.
Hala ere, denboraren poderioz ahultzen doan euskal batasun honen “barne” mugez gaindi, pentsakera eta jatorri desberdinetako euskaldunak, eta ez hain euskaldunak,lotzen gaituen ikur polit bezain esanguratsu bat badugu dagoeneko, Lauburua. Euskal Herriaren historian zehar, edozein bazterretan sarritan agertu izan dena; eta gaur egun ere, Euskal-Basque hitzekin, euskal tokiekin edo euskal kutxuko ekoizpen eta produktuekin, berehala lotzen dena.Politika eta ideologiak alde batera utzita, euskal herrietako biztanleen ikur kuttunenetakoa izanik,munduaren begien aurrean herri adeitsu legez agertzen gaituena.
Lauburuaren bilakaera historikoa aztertzean, jatorriari dagokionez,Historia Aurreko garaietara garamatza. Erromatar aurreko harrietan zizelkaturik aurkitu da, Bizkaiko Meñakan, Foruan edo Arabako Iruña-Veleian, adibide batzuk aipatzearren. Esbastika, Triskela, Hexaskela, Tomoe, jing-jang… ikur espiritual primitiboen senide, euskaldunok soilik erabiltzen dugun lauburu borobilduna,Euskal Herrian XVI. mendetik aurrera zabal hedaturik aurki genezake: Nafarroako XV. mendeko eleizetan, XVII. mendeko Zuberoako etxe atarietan, Bizkaiko hilerrietan… eta jadanik euskal zentzua erabat barneraturik,Arabako Izki mendilerroko oroitarrian, Biarritzeko oihal saltokietan, Tolosaldeko kirol elkarte baten izenean edo Montevideo, Tokio, zein Shangaiko Euskal Etxeetako anagrametan esaterako.Apaingarri soil bat baino gehiago, Lauburuak euskal sena daukanik ezin uka. Nabarmenki, euskal usaina darien ekoizpenak argi identifikatzeko aspalditik erabili izan da, eta erabiltzen dugu: Edozein motatako euskal oroigarrietan, harriz edo egurrez egindako lanetan, eraztun zein lepokoetan, euskal pasteletan, jantzietan,musika tresnetan…. edo betirako den tatuaje bat gorputzaren azalean egiteraino.
Baina ez al dago batzuentzat Pays Basque-ko objektuen irudi folkloriko soil bat bihurtzeko arriskuan? Ez al da aintzinako garaietatik datorkigun altxorra, euskara, eta Lauburuaren arteko zilbor hestea ahultzen ari? Euskaradun arbaso haiei ohore eginez, Lauburua begien aurrean dugunean, beraien begirada zorrotza somatu beharko genuke.
Aintzinatik datorkigun misterioz betetako irudizko ondare hau, gaur egun Euskal Herriko edozein bazterretan barreiaturik aurki dezakegu,ez aldiz euskaldunen hizkuntza den euskara; Koldo Mitxelenak euskarari buruz zioenez, nola bizi iraun duen gaur egunera arte omen da misterioa. Hala ere, Iparraldean dugu azken mendeetako euskararen gainbeheraren adibiderik esanguratsuena.Bertan, euskarak bizirik irauteko eskergabeko ahalegin etengabea behar du, aldiz, Lauburuak irudi sendo baten gisa biziraungo duela argi dago;Lapurdin, Nafarroa Beheran edo Zuberoan erruz ikusi baitezakegu.
Lauburua, XX. mendeko Guda Zibila aurretik Sabino Aranak abertzaletasun eta aldarrikapen ikur moduan bultzatu zuen, eta nabarmenki hedatu zen berriro ere Euskal Herrian zehar. Alabaina, folklore hutsa bihurtzeko arriskuan dagoelarik,datorren garai berri digitalerako, euskararen esku beretik eramateko zilegitasuna bultzatu beharko genuke. Historian beste behin bere sustraietatik berreskuratua, euskararen aberriari gainera datozkion erronka eta ekaitzei adorez aurre egiteko, indarrak bildu eta bideratu ahalko lituzkeen ikur esanguratsu hau, bidelagun jatorra litzaiguke.
Sabino Arana bezalako euskaldun berriak, euskaldun zaharrak, eta jatorria edozein dela ere, bakoitza bere neurrian euskaltzaleak direnak, joera politikoak alde batera utzita, polita soilik ez den irudi honek, bere lau besoekin nolabait biltzen gaitu geure burua euskal herritartzat dugun denok.
Horrenbestez, ikur honen ahalmenaren jabe, garai berri honetarako euskararen aurrerakadarekin sinistu nahi dugunok, euskal nazio ezaugarri diren bandera eta ikurrinen artean, ez al genioke Lauburuari toki jasoago bat emateko eztabaida zabala sortu beharko? Behingoz, Nafarroako bandera, Nafarroako Foru Erkidegorako mugatua, eta Aranatarren Ikurriña, Euskal Autonomi Erkidegorako soilik mugatuta daudela heldutasunez aitortzeak, atzera pausu txiki bat litzateke hasiera batean gehiengoarentzako, baina ausartasunez aurreranzko jauzi handiago bat egiteko prest egonik, eguneratzeko aukera eder baten aurrean geundeke Euskal Herri globala biltzen duen Lauburudun Ikurrina Berribatibidea zabalduko bagenio.
Gai honi buruz, mota guztietako abertzaleetatik hasi, edo euskaltzale soil diren guztion jarrerak eta ekimenak biltzeko xedearekin, lan mardul bat egin da. Eginkizun honetan, Lauburua, Nafarroako bandera, Ikurriña eta euskarari buruzko informazio bilaketa amaigabea, sailkaketa eta laburpena jorratu dira; Google bilatzailean “Lauburu” hitza bilatuz gero 380.000 sarrera agertzen dira, “Ikurriñ(n)a”-rekin beste 695.000 eta “Bandera de Navarra”-rekin 783.000. Horrez gain, gogoetara gonbidatu nahi duen lan eklektiko honetan, euskal idazle, pentsalari eta abarren esanei erreferentzia egiten zaie. Arestian aipatutako guztia uztartzen saiakera ahalik eta adeitsuena eginez,eta ilusio handiz sormenari ere beta emanez,Lauburudun Ikurrina Berri baten proposamen txukun batere aurkezten da bertan.“Lauburua, euskal nazioaren ikur? Arbaso euskaldun haiengandik, aintzinako ikur unibertsalen senide jator bat datorkigu gaur egunera euskararen ilinti gisa. Benito Lertxundiren abestiak dioen bezalaxe: Suaren bila atera ziren surik etzuten haiek, ikusmenaren mugaz gaindi dauden lurretara… Maitasuna bilatu gabe, aurkitu beharreko zerbait dela. Eta euskal nazio ikurretan armoniaren bila, Lauburu zuri-beltz bat aurkitu da!”
Koloretako irudiz jositako 150 orrialdetako idazlan honen epilogoa izan duzu artikulu hau. Saiakera bere osotasunean hementxe irakurri daiteke:
Hausnarketa egin eta bertan parte hartzera zabal hartzen zaituztegu,euskaltzale guztion artean eztabaidatu, eta azkenean Lauburuarekin alderatuta berriak diren 1150. urteko Nafarroako Bandera pomelatua eta 1894. urteko Aranatar anaien Ikurriña bigurutzeduna, nazio ikur moduan gelditzeko adostutako erabakia hartuta ere, tamalezgaur eguneanesanahi anbiguoa hartu duten bi banderok indarberrituak aterako liratekelarik.
Lauburuaren Biltzarra
Arratsalde on!
Ondo artikuluan idatzitakoa. Kontua da nahiz eta ondo azaldu zer den euskaldun askorentzat hau txinera da. Indiferentzia, ezjakintasuna, euskarazko irakurketarik ez, eta folklorea edonon.
Era berean, honekin lotuz ikas guneetara hau ere eraman ahal dugu. Ezaxola berbera adieraziko lukete. Are gehiago, batek baino gehiagok erantzungo luke zergatik ikasi behar duen euskaraz.
Sekulako arazo potoloa daukagu, gure idisionkraziaren berri ez badakite: historia, kultura, lurraldetasuna, hizkuntza, erreferentziak, jazarpena eta abar.
1158 urtetik ”Iruñeko Erresuma izenez aldatzen du Antso Jakitunak, Nafarroako Erresuma bilakatuz. Errege berak 1167an sinaturiko agiri batean euskarari “lingua navarrorum” deritzo: nafarren hizkuntza. Horregatik, ez da batere harritzekoa erresumaren hedadurak ia-ia euskararen mugarekin bat egitea garai horretarako.
Laburbilduz, Antso jakitunak bazekien zer ziren eta zer hitz egiten zuten. Gaur egun badakigu zein da gure nortasuna eta jatorria, ikurrak ikur? Estatu arrotzek ekarrarazi dizkigute: hizkuntzaren banaketa eta zapalkuntza, lurraldeen banaketa, gutxiestea edo mespretxua.
Ondo legoke jasandako konkista, zapalkuntza eta ondoriozko asimilazioa aitortzen hastea. Hortik beretik, mamian edo gakoan sartuta, berriro hasiko ginateke herriaren kontzientzia izaten. Bestela, dena oso ondo koaderno batean hortik atera ezinean.
Arratsaldeon!
Ados, egungo euskal biztanlegoaren egoera soziopolitikoa onartuta, espero dugun euskal batasunerako baliagarri izan daitekeen erreminta txukun bat.
Gaia oso argi daukat, gaurko egoerarekin malguak izan beharko gara, baina, gure historia kontuan hartuta. Gure estatua Nafar estatua da(Euskal Herria), eta gure hizkuntza euskara da, nahiz eta espainola eta frantsesa oso zabalduta egon, handik aurrera denetarik hitz egin daiteke!!