Euskarara pertsuasiotik heldu beharra dago… esan zuen erdaldunak
Lehendik dator kontua. Erdaldunak euskarari buruz pontifikatzen aritzearena, alegia. Dela jatorria, dela zailtasun mitologikoa; orain Euskara Batua asmakizun bat dela, eta gero herritik herrira euskaldunok ez dugula elkar ulertzen; edota euskara inposatzen dela (non, alabatxu?), eta abar, eta abar… ia beti ezjakintasunik sakonena lagun, euskaraz gutxi edo zipitzik ere ez dakitenen ahoetatik.
Aspaldiko kontua da, bai. Edozein erdaldunek esplikatuko dizu euskara nondik datorren, zein den zaharra (demodé), eta euskalkien arteko urruntasuna erabatekoa dela. Baita atzo Bollullos del Condadotik etorritako igeltseroak ere.
Erdaldun espainieradunek dena dakite euskarari buruz, euren hedabide “kosmopoliten” lan eskergari esker, eta euskaldunoi esplikatzeko beharra izaten dute gainera, “enteratu” gaitezen behingoz, gure hizkuntza zeinen txikia, ezgauza eta etorkizunik gabea den jabe gaitezen.
Eta gero dauzkagu euskal herritar erdaldun ilustratuak. Oso ondo omen dakite zer egin den gaizki (euskaltzaleen aldetik) eta zergatik euskara ez den gehiago hedatzen (euskaltzaleok pertsuasioa zer den ez dakigulako).
“Inposaketaren” eta “tentsioaren” ordez, gogatzea eta limurtzea baliatu beharraz arituko zaizkizu. Euskararen erabilera borondatearen eta gogoaren menpe utzi beharraz. Elebitasunaren onurez, mestizajearen ederraz edo indarkeriak euskarari egindako kalteez…
Hori guztia lapikokada bakarrean botatzeko gauza dira, espainieraren eta frantsesaren derrigortzea ontzat ematen duten berberek, Espainiar Estatuak erabilitako biolentziaz ezer jakin nahi ez duten horiek, eta oso sarri erdaldun elebakar diren horiek eurek.
Horra hor adibide bitxi bat, sustatuko labetik atera berria: http://sustatu.com/badubada/1358871109
Bittorren oharrak oso ondo ekarriak iruditu zaizkit. Bisita zein hizkuntzatan egin den hasieratik esan behar z… http://sustatu.com/badubada/1358871109#c1359101618
RT @zuzeu: Euskarara pertsuasiotik heldu beharra dago… esan zuen erdaldunak: Lehenagotik dator kontua. Erdaldunek euska… http://t.co/k …
Ados, itzain, baina ez ahaztu euskal herritar euskaldun ilustratu batzuek ere diskurtso berbera darabiltela ahoan. Ez dakit asko ala gutxi diren, baina tamalez agintean daude EAEan. Baztarrika jauna, kasu.
Ez dut ahaztu. Eta ados nago partez, partez ados ez nagoen bezainbat. Denetiki behar du, persuasiotik eta exijentxiatik. Baina hori beste egun baterako utzi nahi nuke, aukeran. Zeren benetan onartezina dena, erdaldun “besteren elebitasunarekin tolerante” horien diskurtsoa baita, nire ustez.
RT @zuzeu: Euskarara pertsuasiotik heldu beharra dago… esan zuen erdaldunak: Lehenagotik dator kontua. Erdaldunek euska… http://t.co/k …
Oraindik ere horrelakoekin harritu? Luisa Etxenike eta antzekoei berdin berdin berdin zaie guk zer pentsatu edo argudiatzen dugun, eta guk ere, XXI. mendean sartu garelarik, indar handiegirik ez genuke horrelako jendearen mundu ikuskerarekin eta diskurtsotxoekin xahutu behar. Lehen bezala orain, mugituko dira gu mugitzen bagara eta alde horretatik badago nahikoa eta sobera zeregin etxean bertan.
Euskara kontuak direla-eta, potente dator gaur Berria. Nire ustez ildo hauetatik gure izan ala ez izanari buruzko gogoetak:
http://berria.info/albisteak/74969/14_urterekin_lau_ikasletik_hiru_gaztelaniaz_aritzen_dira_eskolako_jolastokian.htm
http://kanalak.berria.info/euskara/kolaboratzaileak/151/hiztun_gazteen_identitate_berriak.htm
Bidenabar, zorionak Lizeagari artikuluarengatik: azken finean, hori da gai nagusia, ez beste, eta alderdi abertzaleek zer esan handi-handia dute.
Harritu? Ez horixe. Gogaitu, nazkatu… bai.
Eta uste dut, bestela ere ez, baina maila politikoan batez ere, inork ez diola diskurtso molde horri erantzuten. Horregatik botatzen dituzte botatzen dituztenak patxada horrekin.
Hasi berriak dira, eta itxoin beharko dugu zer egiten duten ikusi arte, baina ezagutzen ditugu lehendik ere, eta lehenengo inpresioa honakoa da: “asto joan eta mando etorri”; burua lehengo lepotik jarrita ekarri dutela, alegia.
Hasi berriak bai, baina berriak ez. Gainera, honezkero erabaki batzuk hartu dira, nire ustez, kritikatzeko modukoak, oso:
1) Kontseilari guztiak ez dira euskaldunak eta, horrenbestez, gobernu bilerak erdaraz egingo dira ezinbestez. Jaularitzako lan hizkuntza erdara izango da. Erabakia ulertzezina da, batez ere, EAJk bakarrik osatutako gobernu batean, alderdiaren estatutuetan EBBko kide izateko euskalduna izatea derrigorrezko baldintza baita. EAJk bakarrik osatutako gobernukidea izateko, ordea, ez. Horrela, esuskara mespretxatzeaz gain, profesionaltasuna eta euskalduntasuna bateraezinak direla baieztatzen da (hobe da zirujau on erdalduna, zirujau txar euskalduna baino).
2) Hezkuntza, Kultura eta Hizkuntza Politikako kontseilari den Cristina Uriartek gaizki hitz egiten du euskaraz.
3) Hizkuntza Politikako kontseilari-orde Baztarrika aukeratu dute, hemen kritikatzen ari garen politikaren defendatzailerik sutsuetako bat, alegia.
4) Hezkuntzan oraingo sistemari eutsiko diotela iragarri dute, hau da, A ereduari jarraipena emango diotela.
Horrela, hasteko…
Itzain, barkatuko didazu zuk jarritako gaietik hitz beste egitea, baina kontuari barruan dut eta nolabait ere atera egin behar… onartuko didazulakoan.
Ikasleen euskararen erabilera dela-eta aurkeztutako datuetan A, B eta D ereduen arteko bereizketarik ez dela egin ulertu berri diot Pablo Suberbiolari.
http://paperekoa.berria.info/harian/2013-01-26/003/001/ikasleek_gizarteak_eraginda_aldatzen_dute_jokabidea.htm
Hala bada, potoloa gero ikerketa honetan buruturiko akatsa, potoloa. Ikerketa oso da garrantzitsua eta ea hurrengo batean aldagai horiek neurtzerik baduten.
Irakurri dut, bestalde, euskararen erabileraren gaineko datuen irakurketa oso konplexua dela. Tira, irakurketa xehe-xeheak beharbada izango du bere konplexutasuna, baina ildo nagusi eta funtsezkoen irakurketa hain hain konplexua ere ez da… hizkuntza-politika diseinatzea iniziatu edo alkimisten lana dela zeharka bada ere iradokitzea, gezurra izateaz gain, kaleko jendea gaitik aldenarazteko modua izan liteke hori eta, beraz, komeniko litzateke halako gogoeta publikoak zaintzea.
Aupa Ibai, nik uste diat baietz, hartu direla ereduak kontuan, ezinbestekoa zen bezela noski. Ez diat oraindik txosten osoa irakurri baina gainbegiratu izan diat eta ziur esango nikek baietz.
Ondo izan
Bittor
Eskerrik asko oharragatik, Bittor. Eta barkatzeko, orduan, ikerketagileei -bereziki Suberbiolari- gaizki esandakoengatik. Enfin, jaiki berritan ez dut gogoa argiegi izaten. Azpiko galde-erantzuna da behar bezala ulertu ez dudana:
“Ereduen arabera, aldea dago euskara mailan. Erabileran ere egongo da.
Ezin izan ditugu zuzenean alderatu ikaslearen maila eta erabilera. Kontu izan behar da, hala ere. Ikusi behar da eredu bakoitzean nor ari den. D ereduan, askoz gehiago dira etxetik euskaldunak direnak eta inguru euskaldunetan bizi direnak. Askoz aukera gehiago dute euskaraz egiteko. A eredukoek apenas duten euskaraz egiteko aukerarik. Erdi gezurra da esatea ereduagatik gertatzen dela hori dena. Faktore askok eragiten dute, eta handia da konplexutasuna.”
Adeitasunez.
Ados Ibai. Ahalegin askoz handiagoa egin behar litzateke hizkuntzaren gorabeherak “aditu” ez den jendeari, hots, %99’99ari ulergarriago egiteko. Nik uste, elkarrizketatik bizpahiru ondorio garbi atera litezkeela:
1. Pena handia da eta ez dugu onartu nahi, baina Ikastetxeetan ez dira mirariak gertatzen, ahaleginak eta bi egin arren. Etxean erdara besterik ez daukan haur edo gaztetxoak, erdara eramango du ikastetxera ere, eta ez alderantziz.
2. Gure gizarteak euskara haurren eta animalitxoen mundura bideratu du euskara neurri handi batean. Agintarien eta boteretsuen hizkuntzak espainiera, eta gero eta gehiago, ingelesa dira. Adin txikikoak horixe dira, adin txikikoak, baina guztia xurgatzeko gaitasun ikaragarria daukate eta euskarari zein leku eman “diogun” oso argi daukate. Eta eurek gero eta sarriago esan bezala, “ez dute frikiak (haur euskaldunak) izan nahi”.
3. Jolastokiko hizkuntza erdara bada, eta gelakoa ere, horixe bada, arazo handi bat daukagu eskolan… eskolatik kanpo konpondu beharrekoa seguruenik.
4. Haurrei (eta kristo guztiari) eskaintzen zaien erdarazko kirol, kultur eta aisialdiko eskaintza askotarikoa eta anitza bada, eta euskarazkoa oso mugatua eta telebista bezalako eremu funtsezkoetan are mugatuagoa, emaitzak, Suberbiolak esanda bezala, logikoak ziren. Hezkuntza munduan gabiltzanontzat (ikasle, irakasle, guraso nahiz garbitzaile) guztiz ezagunak.
Orain galdera da:
Unionisten errezeta badakigu zein den: euskarazko jarduna are gehiago urtu erderen mesedetan.
Abertzaleen errezeta zein da panorama honen aurrean?
Hauteskunde Kanapainan Urkulluk erran zun:
“Ez dut Euskal Herrian euskara inposatuko” (Txinan agian saiatzen da).
Horrekin argi dago euskarak izango duen tratamendua.
23 urteko emakume bat 16 urteko gazte erdaldunen gela batean sartzen da, klo, klo takoien hots pausatuaz. Soineko beltz estuak bularrak borobiltzen dizkio. “Euskararen egoera kritikoa da” esan du ahots geldo-geldoaz, eta segituan irakasleak “en castellano, por favor”. “Ez”. Ikasleak harrituta daude heldu berri emakumea begira.
Kokoteraino horrelako ikerketekin.
Horrenbeste bagenekien. Ez da aditua izan behar.
“Euskara erakargarria egin behar da.” Ados. Eta…?
Onkeria pixka bat es mucho. Hainbeste da asko.
(Itzain: Ikerketa ez dute “unionistek” ez aurkeztu, ez interpretatu; EAJko “abertzaleek” baizik.)
Areago. EAJ-k berak ere ez zuen azterketa abian jarri. Oker ez banago EAren eskutik (eta Klusterraren ekimenez) egin da azterketa.
Baina ez nintzen azterketaz ari, Hezkuntzan unionistek abiarazitako eredu hiru eledunaz baizik. Egia da, erantzunik ez duela izan apenas JELtzaleen aldetik, baina oso eskasa izan dela beste alderdi abertzaleen aldetik ere, eta ez dira gutxi ereduarekin liluratuta agertu diren politikari abertzaleak, ezker eskuin, gaiaz ezer gutxi jakin arren, guztiaren gainean iritzia ematera ohituak.