Euskara, tresna demografikoa
Euskara, tresna demografikoa –
Alderantziz pentsatu ohi da, borroka demografikoak herri honen ber-euskalduntzea bermatuko lukeela. Baina bide azkarragoa eta ziurragoa da euskara bera tresna demografiko gisa erabiltzea.
Azpiegiturak, eredu sozio-ekonomikoa, ohiturak, joko arau batzuk eta bizi estilo bat inposatzeko eragozpenik ez dute izaten demokrazian nagusi diren indarrek; bai, ordea, hizkuntza baten derrigorrezkotasun baldintzak sortzen ahalegintzeko. Ez al gara gehiengo bat, ideologikoki behintzat, Euskara de iure eta de facto inposatzeko? Edo erdaren ko-ofizialtasun iraingarri eta lizuna abolitzeko? Edo gure ordezkariak bide horretan diziplinatzen saiatzeko?
Euskaraldiaren tankerako ekimen boluntaristekin engainaturik bizi gara, sobera jakin arren utzikeriak eta erosotasunak askoz ere indar gehiago dutela jendearengan, kontzientziak baino. Hizkuntza hein handi batean beharra dela jakin arren, behar material eta espirituala, eta ez borondatea, halako konfiantza ergel bat ematen digu oraindik ere jendearen asmo militanteak.
Euskara, kontzientziaren eta nortasunaren printzipio eratzaile izateaz gain, tresna politiko eraginkorrean bihur genezake. Ez bakarrik Curriculum Vitaean txertatzeko konpetentzia gisa, baizik eta lanerako, laguntzak jasotzeko, ikus-entzunezkoetarako edo harreman pertsonaletarako nahitaezko sarbide, Miamin edo Londresen ingelesa den antzera. Azken hau, mundu osoan, ateak irekitzen dituen tresna gisa miresten da, ia ahaztu dugulako atzean duen inposizio historiala.
Beldur dira alderdi abertzaleak hemen ere halako neurriek, hasiera batean behintzat, erdaldun nagienen eta larderiatsuenen bozgorailuak gorrotoz beteko ote dituztenetz, honek lekarkeen bozka galerarekin noski.
Baina beste edozein hizkuntzekin bezala, hasieran hesi gogaikarria zena, amaieran gizarteratzeko aukera gisa ikusi eta miretsi ohi da. Bortxaren erremina igarotzean, ohore kontu batean bilakatzen da etorkinentzat jatorrizko hizkuntza ikasi izanagatik lana topatu, seme-alabentzako lagunarte bat osatu, harrera-herriko alderdi batean militatu edo presidentziara iristea.
Gure alderdi abertzaleek, alta, aurkako bidea hartu dute. Bizi osoan zehar euskaraz txintik esateko asmorik ez duten, edo euskaldunon ustezko pribilegio ekonomikoez bekaitz gure kultura gutxiesten duten kolonoak fidelizatzeko erdaretara jotzen dute, administrazioa eta ezker-eskuin hedabideak xede elektoralistaz bikoizteraino adibidez. Euren hauteslegoa puzteko grinak eta botere-gose instituzionalak itsutzen ditu zeharo.
Ahaztu al zaie aritmetika abertzalea handitzeko modu bakarra gizartea de facto eta de iure euskalduntzea dela, hots, euskaraz bizitzeko ganorarik ez duten horiez libratzeko hizkuntza-politikak egitea? Zer ari dira oraindik erdaldunak mimatu nahian, edo mugimendu subiranistara engaiatu nahian, nabarmena izaki abertzaleak ari garela ahalegin antzu horretan erdalduntzen, gutxitzen, txikitzen?
Izan ere, apustu egingo nuke Euskal Herrian bizitzeko euskara ezinbesteko bihurtu bezain laster ziztu bizian egingo luketela askok hanka. Eta, euskararen nahitaezkotasuna lau hazietara zabaldu orduko, askoren helmuga izateari utziko geniokeela. Ez dago gehiengoak mantentzeko beste biderik. Aukera bakarra da, Euskal Herriak aldi berean herri eta humanitario izaten jarrai dezan.
Euskalduntzea azken helburu gisa ikusi ohi dugu, bi zentzutan; ekinbide politiko guztien emaitza berantiar gisa, edo lehentasunen artean azken putz. Baina, aurki eta ausardiz baliatuko bagenu, tresna politiko eta askatzaile aparta genuke.
Euskara, tresna demografikoa