Euskara salbuesteko dekretua, egokia?
Aitor dut galduta nabilela, zer erabaki pentsatu ezinda. Alde batetik, Isabel Zelaak eta Blanca Urgellek diote euskara salbuesteko dekretua urrats erraldoia dela euskararen normalkuntza bidean. Baina bestetik sarean hautsak harrotu dira lege honen aurka. Nor dabil erraturik?
Oker ulertu ez badut, funtsean dekretuak ekarriko duena zera da, ikasketak euskaraz egin dituenari ez zaiola frogagirik eskatuko Administrazioaren aldetik euskaraz gai dela frogatzeko: “Logika aplikatzea da: euskaraz ikasi duzu; beraz, euskaraz badakizu, eta ez duzu egiaztatu behar”.
Gaitasunak ere lau mailatakoak izango dira, eginiko ikasketen arabera.
“Dekretuak sekulako aurrerapausoa ekarriko du euskararen normalizazio prozesuan” esan du Zelaak, eta beste herri batzuetako jokamoldea hartzen baizik ez garela ari: “Herrialde normal baten gisa funtzionatzen hasi gara, herritarrei haien hizkuntza ofizialean inolako hizkuntz ziurtagiririk exijitu gabe”.
Diote gauzak ondo pentsatuta hartu dituztela erabakiak: “Badakigu zein den egoera soziolinguistikoa. Horregatik ez da salbuespen unibertsala izango. Tentuz eta orekaz ari gara”.
Gauzak horrela, harritu egiten du, esaterako, albistea jakin bezain azkar zenbait jendek sarean zabaldu duten kontakotasuna. Hedoi Etxarte idazlearena adibide:
Harrigarria egiten da dekretuaren alde daudenek halako hitz beroak erabiltzen dituzten bitartean, beste muturreko iritziak agertzea. Eta galdu egiten naiz. Horregatik plazaratu nahi ditut bi galdera, seguru asko, inozo:
– Zergatik ez da egokia?
– Ez bada egokia, kalterakoa bada, zergatik bultzatu dute dekretu hau Blanca Urgell eta Lurdes Auzmendiren tamainako euskaltzaleek, esaterako?
————————
Sarrera hau idatzi bitartean eta ondoren, eztabaida zegoen twitterren, tartean @xabipaya, @jozulin, @garaolaza… baina, batez ere @b_urgell. Eztabaida horretako zenbait erantzunetan ikus daiteke Urgellen ikuspegia.
Ondo ulertu badugu, funtsean bi ardatz aipatzen ditu:
a) Hezkuntza sistemari euskalduntzeko gaitasuna aitortu behar zaiola.
b) Euskaldunei ezin eska dakiekeela ez-euskaldunei baino gehiago.
Ikasketak euskaraz egin eta gainditu dituenari euskara maila jakin bat egiaztatu izana aitortzeak alde onak izan ditzake. (Beste gauza bat da EGAren baliokidea ematea, eta horrekin euskara-irakasle izateko gaitasuna aitortzea). Dena dela, errazegi jarri dutela iruditzen zait. Denok dakigu nolako euskara-maila lortzen duten ikasketen zati jakin bat euskaraz egiten dituzten hainbat eta hainbat ikaslek… eskasa baino eskasagoa askotan, eta titulua eskuan izango dute… Agian horrekin eskoletako eskakizun-maila igoko da, eta ez dira gainditutzat emango euskara-maila jakin bat lortu ez dutenak…, nahiko lan!!
Gero, bi emakume horiek euskaltzaileak direlakoa…, agian bai, hala dira sentimenduz, euskarari “gorazarre” egiten diotenetakoak, baina gobernu horren praxia ikusirik…
Ez da egokia, hizkuntzaren normalizazioan hizkuntza horren ezagutza nahitaezkoa delako. Alegia, hizkuntza ezagutzen ez bada, nekez normalizatuko da erabilera. Ezagutzarik ez badago, nekez erabiliko da. B eta D ereduan ikasten duten ikasleen artean, inondik ere, denetik dago. DBH bukatuta, EGA lortzeko kapaz direnak eta 2 Hizkuntz eskakizunetik urrunegi daudenak. Hezkuntza sailaren aginduz egindako ikerketa zenbaitek diote D ereduan ikasten duten ikasleen 2/3-k edo lortzen dutela B2 maila (B eredukoak %40ra ez dira heltzen). Beraz, guztiei emateak ezagutza alde batera uztea dakar. Adibiderako, atzo lagun bati galdetu nion bere alaba gauza ote litzatekeen kontsulta euskaraz “egiteko” -erizaina da, B ereduan ikasi zuen baina karrera Madrilen egin zuen-. Ez dut uste esan zidan. Nire esperientziatik diot (euskara irakaslea naiz) ziur nagoela ezetz. Baina hauek diote baietz.
Orain zenbat diru aurreratuko dute hizkuntz eskakizunak, HABE, EGA eta bestelakorik egin behar ez badute? Kontuan izan dute erabaki honen atzean dauden ondorioak?
Bestalde, Blanca Urgell eta Auzmendi euskalzaleak?
Esan dezatela nahi dutena, baina oraingoan ere euskara galtzaile.
Euskara azterketekin, ziurtagirien sistemak dakarren frustraziorekin lotuz, etorkizun makala. Nire ustetan erabilpenean, eta ez azterketetan, aurkituko dugu euskararen kalitatea hobetzeko bidea. Euskara gozatuz, ez sufrituz.
Hori behintzat nire ikuspegia, euskaldun berri baten ikuspegia 🙂
Argi denez, edozein sitema bere arazoak ditu, baina benetan uste al duzue behin egindako proba, hobeto ziurtatzen duela euskaraz moldatzeko gaitasuna?
Kontraz euskara azterketetik aldentzeari abantailak ikusten dizkiot.
Ez litzateke berri txarra izango euskara-maila frogatzeko inolako forgarik egin behar ez izatea, horrek euskararen normalkuntza errealitatea dela erakutsiko bailuke. Egun ordea, ofizialtasunak ofizialtasun, argi utzi behar da euskararen normalkuntzarako bide luzea dugula egiteke, eta normalduta ez dagoena ezin da normal tratatu.
Hori dela eta, iruditzen zait halako gauzak tentu handiz egin behar direla; izan ere, esperientziak erakusten digu errealitate soziolinguistikoaren arabera hizkuntza gaitasunak asko aldatzen direla, adibidez: Azpeitian B ereduan ikasten duen batek baliteke B2 maila ematea, baina ez dago inolako zalantzarik Barakaldon, Gasteizen, Donostian, bai eta herri euskaldunagoetan ere aurkakoa gertatzen dela.
Era berean, onar nezake D ereduan B2 maila lortzen dela oro har; nahiz eta datu zehatzak ez ditudan, onar nezake nolabait.
Hortaz, politika linguistiko horren ustezko “asmo onen” atzetik beste batzuk daudela iruditzen zait.
Jende ugari ezagutzen det B ereduan ikasitakoak eta ulertu bai baina ez dira gai elkarrizketa bat euskeraz egiteko, ikastolatik ateratzen zarenean (hiritan batez ere) askotxo dira ez dutenak euskera ezertarako erabiltzen,gaztelera leku guztitatik dagolako edo ber egurasoak ez dakitelako… eta maila apalarekin ateratzen badira eta ez badute normalean euskera erabiltzen dakiten gutxia galtzen dute.
Euskaldun nahiz zahar eta berri daude ere bai EGAk ez luketelela (nik ere ez) gaindituko. Beraz edo beste titulu bat egiten dute EGA ez dena eta examin ta gero elkarrizketa bat euskeraz egiteko gai direla frogatzen dute, orduan ondo legoke tituluren bat ematea lan publikoan aritzeko, baina euskeraz elkarrizketa bat egiteko gai izan behar dira maisu baten aurrean eta ondo, askotxo direla tituluak dituztenak eta nola ez dute euskera asko erabiltzen zerbait esateko denbora asko ematen dutenak.EGAko askok horietakoak dira.
Zergatik egin dute?
Oso erraz, zenbat dago jende lan publikoa egin nahi dutenak eta ez dute EGAk ematen dituen puntuazio eskaxa lortzen ez direlako gai titulua ateratzeko? Ba orain ahalko dutena euskerak ematen dituen puntua eskaxak lortu.
Hori egingo du euskera ez dakiten askorei euskerazko maila bat aitortzeak, eta euskaldunak euskeraz hartatuak izan nahi degunean titulu hoiek oparitu dizkien askorei ezingo gaituzte euskeraz hartatu.
Beraz euskerari min izugarria egingo dio, jendea maila apala izanez maila haundia aitortzen zaie.
Euskerarekiko gorrotoa urrutitik nabaritzen zaie PPSOEkoei.
Ziur naiz nik baino gehiago jakingo duzula Iñakito Garay jauna… baina “zergatik bultzatu dute dekretu hau Blanca Urgell eta Lurdes Auzmendiren tamainako euskaltzaleek, esaterako?” esaldia zalantzan jarri beharrean nago. “Tamainako euskaltzaleek”…?
Zuk badiozu…
Ur handiagotan sartu beharrik gabe, Markos, nik uste agerikoa behatzea nahikoa dela bai Auzmendiren eta bai Urgellen euskararen aldeko bideaz jabetzeko. Batzuk aipatzearren, itzultzaile moduan eta itzultzaileen presidente moduan lan handia egina da bat, eta bestea, euskaldun berria izateaz gain, irakasle nabaria delako Filologia fakultatean. Biek ala biek, mediatik oso gorako euskaltzaletasuna darakustela esango nuke, batere erratzeko aukerarik gabe, eta ez soilik hitzetan, baizik eta praktikan. Horregatik egiten dut galdera: hori horrela dela jakinda, nola liteke euskararen normalkutzari kaltea eragingo (omen) dion dekretua bultzatzea?
nik bi gauza dauzkat garbi: EGA azterketa eredua ez zen perfektua, eta D ereduak ez du euskara maila duina bermatzen edozein tokitan.
Nik neuk lehenengo aldiz EGA azterketa egin nuenean ahozko proba (hirugarrena) suspenditu nuen; guraso euskaldunak dauzkat, tituludunak biak, etxean euskeraz egiten dut, eta kalean ere bai. Erderaz egin behar izan dudan apurra unibertsitate inguruan (Leioa eta Bilbon) egin dut. Bigarrenean aurkeztu nintzenean gainditu nuen, baina lehenengoan ahozko azterketa egin zidaten bi haiek ondo zekiten ni euskalduna naizela, eta maila oso ona daukadala; sei urte pasa dira ordutik, eta oraindik ez dut ulertzen gertatu zena. Bestalde, badauzkat kuadrilan ni bezalako bizitza egin, eta EGA atera ez dutenak, maila teoriko nahikorik ez daukatelako lehen eta bigarren frogak egiteko.
Bestalde, eta unibertsitatean D ereduko ikasle pila batekin klasean egon ondoren, badakit D ereduak ez duela bermatzen euskara maila duin bat izatea. Eduki ditut lizentziaturan, EHUn, euskaraz ikasten aritu eta tartamutuka egiten zutenak ere (honi lotuta, ulertzen ez dudan beste gauza bat da ea euskarazko lizentziatura batean mailarik ez duenak edozein gai nola gainditzen duen, baina beste gai bat da hori). Gaur egun master bat ari naiz egiten gazteleraz, eta badauzkat gelan Bilbon D ereduan ikasi, lau urteko karrera Deustun egin eta gaur egun lau hitz jarraian euskaraz egiteko gai ez direnak.
B ereduaz ezin dut hitz egin, ez baitut inor ezagutzen, baina ez dut uste askoz errealitate hobea erakutsiko duenik.
Ondorioz, EGAren sistema ez da perfektua, baina sistema berriarekin, aurrez askok esan bezala, mailarik ez daukaten (euskaraz ez dakiten) askori titulua emango zaie; gaizki hitz egiten duten irakasleak egongo dira (unibertsitatean badaude iada), idazkaritzetan ezin izango dugu euskaraz komunikatu bost minutuan konpon daitekeenari ordu erdia eskaini gabe (unibertsitatean gertatzen da orain ere). Eredu kaxkar, eta euskaldunoi amorrua ematen digutenak, zabaldu egingo dira.
“Tiraka Jaurlaritzan lan egiten dugun hainbat euskaltzaleren ekimena da.” (blogaren egileek egindako deskribapena)
Ramon Etxezarreta ere tamainako euskaltzalea da, ez? Nire ustetan bai.
Bada, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza utzi zuen. Atera kontuak.
Nire ezjakintasunetik eta aldi berean jakin-nahitik abiatuta nire iritzia adierazi nahi izan dut blogean. Hementxe uzten dizuet.
Demagun lau urtez egongo zarela gobernuan erkidego “errebelde” batean, denbora hori igarota oposiziora bueltatuko zarela jakinda. Egoera hori ikusita, zer hobeto etorkizunari begira bidean indigenari oztopoak jartzea baino. Dekretu hau adibide bat baino ez da, baina esanguratsua. Hemendik urte batzutara, hizkuntza menperatzen ez duten langile “euskaldunak” kontratatuko ditu administrazioak, erdaldunez aparte, horrek administrazioaren euskalduntzea atzeratuko du beste 30 urte. Eta demagun, handik denbora batera, neurriaren desegokitasuna ikusirik, beste gobernu batek dekretu hori indargabetzea eta emandako titulu horiek deuseztatzea, orduan bai kalapita, zer esango dute langile horietako askok, ez al diote kontra egingo erabaki horri, ez al da sortuko beste arazo potolo bat?
Hau dena esanda, ez nuke gaizki ikusiko hartutako neurria baldintza batekin: oposiziotako asterketak euskaraz izatea, idatzizkoak eta ahozkoak.
Errealitatea desitxuratzeko eta euskararen gainbehera bidean beste urrats bat. Baina ze espero liteke hezkntzan eredu hirueleduna ezarri dutenen eskutik, edota gizarte hau elebiduna dela esaten dutenen eskutik?
Hala ere, PSE-PPren agintaldian horrelako neurriak itxaron zitezkeen; etsigarriagoa da alderdi abertzaleen erreakziorik eza, eta beharbada euskararen berreskurapenerako proiektu argirik ez izatea.
Entzun dituzue, harremanak euskaraz nahi dituzten herritarren zerrenda dela-eta, Gipuzkoako Aldundiaren kontra PSOEkoek (Blancaren eta Lurdesen alderdikoek) esan dituzten astakeriak? Naziak, erregimen totalitarioak, segregazioa… era guztietako astakeriak esan dituzte egitasmoaren aurka, zer eta Telefonicak edo Iberdrolak, adibidez, egin izan duten zerbait egiteagatik, bere bezeroei harremanak zein hizkuntzatan nahi dituzten galdetzeagatik. Horra euskaltzaletasuna!!
Ikasketak euskaraz egin dituzten ikasleei egiaztagiririk ez eskatzea, teorian, ona da. Kontua D eta B ereduetan euskara maila jakin bat benetan bermatzea da, gaur gaurkoz, praktikan, gertatzen ez dena, datuek argi eta garbi erakusten dutenez.
Halere, okerrena ez da iruzur itxura nabari zaion dekretu hau. Baizik eta seguruenera ere, aurki gobernu honi txanda hartuko dion gobernu abertzaleak dekretu honi dagozkion derrigorrezko zuzenketa eta hobekuntzak egiteaz olinpikoki paso egingo duen beldur ikaragarria.
Beldur zentzu eta arrazoigabea, agian? Ez dakit ba…
Aitortuko zaien maila (B1 DBH bukatutakoan) gehiegizkoa iruditzen al zaizue?
Prentsan (ik Berria: http://paperekoa.berria.info/harian/2012-03-24/013/001/Administrazioan_lan_egiteko_euskaraz_ikasi_dutenek_ez_dute_titulurik_beharko.htm#despiezea1) argitaratutakoaren arabera hauek dira baliozkotzeak:
TITULUA ETA MAILA
• B1. DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Erdi Mailako Lanbide Heziketako titulua.
• B2. Batxilergoko edo Goi Mailako Lanbide Heziketako titulua.
• C1. Karrera osoa euskaraz eginda, edo ikasgai batzuk euskaraz egin eta euskara eskolak emanda edo ikasketa amaierako proiektua euskaraz eginda.
• C2. Tesia euskaraz eginda, edo Euskal Filologia edo Itzulpen eta Interpretazioa eginda.
Irakaskuntzan egiten dut lan eta esango nuke DBHn B edo D ereduan euskara ikasgaia gainditzen duten ikasleek aise ematen dutela B1 mailak eskatzen duen gaitasuna, are gehiago D ereduko gehienek B2 ere ematen dutela. Ebaluazioek eta ikerketek hori erakusten dute.
Iñaki,
Arrazoirik ez zaizu falta, B1 delakoa maila apala da, oinarrizkoa, eta nondik begiratzen den, ezin daiteke gehiegikeriatzat jo.
Dena den, irudia osatzearren, hara hor datuak.
2005ean ISEI-IVEI institutuak buruturiko ikerketaren arabera, DBH 4 amaitu zuen D ereduko ikasleen %57,2k erakutsi zuen B2 mailako idatzizko azterketa gainditzeko gaitasuna, eta %68k, ahozkoa gainditzekoa. B ereduan portzentaiak %27,5 eta %32,6koak dira, urrenez urren.
B2 maila ingeleseko First ezagunaren pareko maila da. Oinarrizko ezagutza eta ezagutza aurreratua esango litzaiekeen mailen arteko bat.
Eta, nondik begiratzen den, B2 ere maila aski apala da. Ez dira txapliguak botatzen hasteko modukoak.
Eztabaida, seguru asko, ez da euskara ziurtagiririk ematen den ala ez -berriro diot, uste dut azterketak egiteaz salbuesteari ongi deritzot-, baizik eta DBHko ikasketak amaitu ondoren euskaraz aritzeko gaitasuna benetan bermatzen den ala ez.
Hemendik atera ditut datuak.
http://mikel.agirregabiria.net/2006/lenguas.htm
Tituluek ez dute euskara salbatuko ezta suntsitu ere. Zergatik ez gara apur bat normalagoak? Zenbat jende hitzegiten du EGA gaitasunarekin erderaz? Gaitasun hori ez daukatenei zer? Eta haiek azterketa egin behar dute? Gaurko euskeraren kontrako askok EGA ikastaroetatik eta B eta D ereduetatik atera dira. Haien kopurua handitu nahi dugu?
Tituluak eskatuta arazoak izan ditugu eta ditugu administrazioarekin harremanak euskaraz egin ahal izateko. Tituluak eskatu gabe arazo gutxiago izango ditugu? Milagro ederra HPSk eta kultura sailak egin dutena.
Salbuespen dekretu honek bi hizkuntzak pareko egoerara ekarriko ditu, bizitzaren alderdi guztietan????? Salbuespen dekretuak bermatuko du gizartean euskara erabiltzeko aukera bera????
Politikakeriek eta demagogia errezek ez diote euskarari inolako mesederik egiten.