Euskara eta etxea
Euskara eta etxea –
Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Udaberriko konfinamendu luzeak mahai gainean jarri zuen haur euskaldun anitzek euskararekin duten harreman urriaren arazoa. Anitzek, ikastolan dute euskaraz mintzatzeko eta euskara entzuteko parada bakarra. Udako oporretatik itzultzean, irakasleek maiz nabaritzen dute giro erdaldunean bizi diren haurren euskara maila apaltzen dela. Konfinamendu denboran, eten luze horren ondorioak kaltegarriagoak izan dira. Ez dakigu zer ekarriko duen ikasturte berriak, baina, itxura guztien arabera, deus onik ez.
Beste konfinamendu bat izanen da? Edo ikastetxe batzuetako haurrak etxera igorriko dituzte Covid19 proban positibo eman duen ikasle edo irakasle bat baldin badago?
Egoera horrek bistaratzen du euskararen ahulezia.
Baitezpadakoa baldin bada ere hezkuntza euskaraz eskaintzea –hori gabe ezinezkoa litzatekeelako belaunaldi berriak euskalduntzea eta, beraz, euskararen galera geldiaraztea–, argi gelditzen da horrekin bakarrik ez dela euskaldunduko gure herria.
Konfinamenduan agertu da eskolatik kanpo dena erdaraz dela. Eta familia bizia, lagun artea edo aisialdia erdaraz dutenek non daukate harremana euskararekin? Eta zer da haur horiei zabaltzen zaien mezua? Frantsesez edo espainolez bizi badira, euskarak ez badu funtsezko lekurik eskolaz kanpoko eremuetan, zergatik egin behar dute halako indarra hizkuntza horretan eskolatzeko, gero ez lanerako ez eguneroko bizirako ez badie balio? Zer gertatzen zaie giro erdaldunean hazi eta bizi izan diren eta ikasketak bururatu ondoan erdaraz bizi diren gazteei?
Euskaraz mintzatzeko ohiturarik hartu ez dutenek nekez jarraitzen dute euskaraz euskal girotik aparte bizi badira. Eta beren euskara maila biziki laster apaltzen da.
Arazoa ez da euskarak bi hizkuntza erraldoirekin lehiatu behar duela. Bistan da espainolaren eta frantsesaren indarra, bolumena eta presentzia lehergarriak direla euskara bezalako hizkuntza batentzat. Baina arazoa ez da 800.000 hiztun dituen hizkuntza bat milioika eta milioika hiztun dituen hizkuntza batekin lehiatzen ari dela. Arazoa da, bi hizkuntza erraldoi horiek duten botere politikoa. Eta politikoari loturik eta horren ondorioz, botere ekonomikoa eta kulturala.
Arazoa ez da euskarak bi hizkuntza erraldoirekin lehiatu behar duela…
Arazoa da, bi hizkuntza erraldoi horiek duten botere politikoa.
Eta politikoari loturik eta horren ondorioz,
botere ekonomikoa eta kulturala.
Txanpon horren bestaldea da euskarak ez daukan botere politikoa.
Azter dezakegu zer politika egiten duten ala ez Euskal Elkargoak, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Foru Aldundiek edo udalek, zer borondate duten edo ez, zer zeharbide aurkitzen duten euskararen aldeko neurri batzuk hartzeko edo ez…
Baina gainean dagoen arazoa beti bera da, eta izanen da: euskara, legez, bigarren mailakoa dela, frantsesaren edo espainolaren azpitik (EAEko eta Nafarroa Garaiko zati bateko ofizialtasunak ere ez du hausten hierarkia hori).
Hots, Euskal Herriaren independentzia politikoa da euskara zinez salbatzeko neurria. Hori erraten denean, beti bada norbait Irlandako kontra adibidea emateko, ulertarazteko independentziak ere ez duela bermatzen hizkuntza salbatzea. Erantzuna sinplea da: independentziak ez badu bermatzen, independentziarik ezak segurtatzen du heriotza.
Zorigaitzez, independentzia ez da epe laburrean ageri, eta euskararen borroka ez daiteke balizko independentziaren beha egon. Eta independentzia lortu gabe euskararen aldera zinezko urratsak egiteko, herri antolatu eta buru aske bat behar dugu. Buru askea, erran nahi baita beren burua frantses edo espainol herritar gisa ikusten ez duten eta lurralde zatiketa onartzen ez duten herritarrez osatua. Horrela bakarrik lortuko dugu euskara ez izatea etxe batzuetako edo eskolako hizkuntza bakarrik.
Gure seme-alaben kasua kontrakoa da. 6 hilabetez etxean euskaraz bakarrik egin eta gero, bueltatu dira orain D ereduko UEMAko kide den gure Bizkaiko herriko eskolara. Eta hasi dira berriz espainolez hitz egiten. Beste ume guztiak bezala.
Agian gure garaia da frankistek gure kultura deuseztatzeko hain ondo erabili zituzten metodoak erabiltzen hasteko. Edo gutxienez espainolek haien umeak D ereduko eskoletan matrikulatzea debekatzeko.
Nafarroan Euskaraz, garrantzitsua da diozuna: D ereduko eskolatzeak, are herri euskaldunenetan ere, erdaldundu egiten ditu haur euskaldunak. Horren harira, duela zenbait hilabete idazle ezagun batek artikulu bat argitaratu zuen zuzeun (errebotez) non kontra egiten zion zuk proposatzen duzun segregazio linguistikoari:
https://zuzeu.eus/euskal-herria/bihar-edo-etziko-euskara/
Baina nik uste dut gakoa beste leku batean dagokeela, parte batean behintzat: zenbat guraso euskaldunek egiten dute espainolez euren artean eta euskaraz umearekin?
Ordu dugu bihurtzeko espainol hizkuntza euskaldunen ahotan hainbat nola espainol bandera abertzaleen soinean, lotsagarri uzten dituen zerbait, alegia.
Eneko laguna, diozularik “Zorigaitzez, independentzia ez da epe laburrean ageri” zorigaitzez begibistakoa da.
Diozularik “…eta euskararen borroka ez daiteke balizko independentziaren beha egon…” hemen ere arrazoi duzu.
.Gero konklusiorako proposatzen duzularik, anartean “….euskararen aldera zinezko urratsak egiteko, herri antolatu eta buru aske bat behar dugu…” hau da “beren burua frantses edo espainol herritar gisa ikusten ez duten eta lurralde zatiketa onartzen ez duten herritarrez osatua”
Baina baina Herri osorako desiratzen eta proposatzen duzun “buru askatasun” hau lortzea independentzia lortzea bera bezain zaila da.
Beraz iduritzen zait ahalik gabe gupidagabeko bilakaera baten aurrean gure buruan itzulika ari garela galduta.
Begira adibidez aurtengo Uztaritzeko informazio aldizkarian jazko heriotzak, ezkontzak eta sortzeak aipatzen dituzte:
81 sortuberrietan 20k dute euskal abizena eta ezkontzei dagokienez orotara agertzen diren 20 abizenetarik 3 dira euskaldun.
Eta etorkizunean ez da txartzen eta zabatzen ahalko baizik.
Nola irudika herri ez frantses aske bat baldintza hauetan?Iparraldean bederen aspaldi danik erreskate egoeran gaude eta beste zerbait asmatu beharko dugu. .
D eredua mantendu eta bultzatu behar dugu, baina aspaldian E eredua sortu beharra zegoen, hau da, etxean euskaraz bizi direnen-seme-alabentzako lerroa. Hori egin bitartean jai dugu.