Euskara Batuaren mende erdia ospatzeko suziriak
Euskara batura ez ginen kasualitatez iritsi.
Ekimen adoretsu eta lan luze eta sakon baten ondoko emaitza da euskara batua.
Eta ez zen eta ez da, ez, euskara batuak zer zekarren ez zekienik.
Herri oso baten mintzabidea, adierazpidea, komunikabidea.
Herri sakabanatu baten bateratzailea, lokarria.
Garbi oso zeukaten hori guztia hartan burua, denbora, ardura eta jakituria jokatu zituztenek.
Eta garbi asko geneukan eta daukagu hori guztia hiztunok ere, euskaldun zahar, zaharberritu zein berriok.
Euskaldunok euskera bakar bat behar dugu, zioen Txillardegik. Euskalkietatik euskerara pasa arte, euskerak ez du balio ez elkar ulertzeko, eta ez kultura-bide izateko.
Eta argi genuen non zegoen koxka nagusietako bat ere. Ezin garbiago azaltzen da Mitxelenaren hitzetan:
“Batasunak, edozein batasunek gero, galera berekin dakar: ez da, hasi berrian behintzat, inoren ‘amaren hizkuntza’ izango, esperanto-usaina itsatsiko zaio noraezean, ñabardura aberatsik gabe agertu beharko du jendartean. Zer dugu, halaz ere, hobe? Horrelako euskara eskasa ala inolazko ez dena, hilik datzalako?” (“Pro domo” artikuluan).
Eta, halaz ere, aurrera egin genuen, bestela jokatuz gero zer zetorkigun bagenekielako.
Eta, badaezpada ere, mezu ulerterrazak barreiatu ziren han-hemenkako kaxkagogorrentzat. Horrela zioen, berbarako, Txillardegik:
“Edozein herritan hizkuntza bakar bat idazten da; hizkuntza bakar bat erabiltzen liburuetan, prentsan, adinistrazioan, telebistan. Edozein herritan, nik dakidalarik, hizkuntza bakar bat erabiltzen da eskoletan”.
Eta bereziki zehaztuta utzi zien mezua:
“Andaluzian, egia ote da españera baino lehenago haurrek Andaluziako dialektuen bidez ikasten dutenik? Ez dut inoiz horrelakori entzun”.
###################
Orain, mende erdi beranduago, ordea, lehengo mahaspasak ereitera etorri zaigu Plaza Barrian besaulkia izateak ematen dion irismenaz baliatzen den Adolfo Arejita akademikoa. Eta supazterreko mintzo goxoan edo inguruetako kale-hizkuntza naturalean barik erdara batu-batuan mintzatu da Deiako pulpitutik (2014/12/13):
¿Cuál sería el mayor contratiempo del euskara batua?
–El problema viene a la hora de ensamblar los dialectos. Nosotros apostamos por una aproximación progresiva. Entre el lenguaje oral y el euskera unificado es conveniente tener un puente de relación que aproxime a ambos extremos. Ese puente, en nuestra opinión, sería el denominado vizcaíno literario.
¿Qué pasa con los euskaldunes que no saben desenvolverse en batua?
–No saben relacionar su manera natural de hablar con el euskara batua. Es un poco triste y significa que tenemos que seguir trabajando en ello.
¿Cuál es el mayor desafío que tiene el euskera por delante?
– Las nuevas generaciones, pero no por el hecho de que aprendan euskera. El euskara batua es necesario, pero los euskalkis son el corazón. Si eso se va debilitando tendremos un porvenir oscuro, porque puede que haya muchos hablantes que sepan euskera, pero serán hablantes pasivos, que entienden pero que no lo utilizan salvo en determinados entornos formales.
###################
Kezka, tristura eta esne txarra nagusi horrelakoak irakurtzean.
Eta galdera sorta bat jarraian:
Ba ote daki akademiko horrek, benetan, zer dioen?
Zer dela eta mintzo da euskalkiari eta euskara batuari buruz “ambos extremos” bezala? Zeren mutur dira?
Eta zenbat mende gehiago beharko du “aproximación progresiva” delako horrek ezinbestekoa dugun hizkuntz bateratzera iristeko?
Zer egiten du euskaltzain batek hori guztia zuritzen?
Mesedez…!
Eta nola ulertu behar da delako “los euskaldunes que no saben desenvolverse en batua” galdera maltzurrari ematen dion erantzuna? “No saben relacionar su manera natural de hablar con el euskara batua”?
Baina saiatu al dira euskaldun horiek inoiz euskara bateratzailean murgiltzen? Saiatu ote dira bizitza guztian ordu pare bat behintzat euskararen inguruan zerbait ikasten? Saiatu al dira inoiz, El Correo gabe, Egunkaria edo Argia bezalako agerkariren bat irakurtzen? Egia ote da dena delako “vizcaíno literario” asmatu horretan sakontzen pasatzen dutela existentzia?
Eta zer begirune mota die akademikoak gure hizkuntzaren etorkizunaren berme diren euskaldun berriei? Zer saltsa-maltsa antolatu nahi du euskara batuaren eta hiztun pasiboen identifikazio tentel horrekin? Euskara batua eta euskalkiak ere ikasten hasi beharko dugu guztiok orain?
Hori al da euskara batzen hasi zenetik mende erdira atera behar dugun konklusioa?
Non dabil?
Ulertu al du ezer hizkuntzaren batasunaren premiaz eta arazoaz? Ala duela berrogeita hamar urteko eztabaida burugabe haiei ekin nahian ote dabil berriro?
Are gehiago, maiestatikoa ez bada ideiengatik behintzat ez dagokion erabilera, nor dago aipatzen duen “nosotros” horren atzean? Noren izenean mintzo da? Literatur bizkaiera bezain natural-naturala den plastikozko zubi proteiko baten eraikuntzan diharduen erakunde bazkaltiar baten izenean akaso?
Zertan dabil orduan Euskaltzaindian? Zer egiten du Akademian?
Euskaltzain izan daiteke horrelako adierazpenak egiten dituena?
Noiz arte eta zergatik jasan behar ditugu tamaina horretako purrustadak geure hizkuntza bateratuaren etorkizunaz buru-belarri arduratu beharko lukeen euskaltzain baten aldetik?
Eta Euskaltzaindiak ez du ezer esateko? Isil-isilik geratuko al da horren aurrean?
(P.M.)
1.Ikasi euskera.
2. Amorrua eta garraztasuna kentzeko terapian sartu
3. Errespetoa euskeraren alde ibilbide luze, oparo eta etengabea izan duenari.
4. Badakizu zer den zorri hil piztua?
5. Lorito
¿Cuál es el mayor desafío que tiene el euskera por delante?
– Las nuevas generaciones, pero no por el hecho de que aprendan euskera. El euskara batua es necesario, pero los euskalkis son el corazón. Si eso se va debilitando tendremos un porvenir oscuro, porque puede que haya muchos hablantes que sepan euskera, pero serán hablantes pasivos, que entienden pero que no lo utilizan salvo en determinados entornos formales.
Esaldi honekin erabat ados. Joan gure hirietako edozein institutotara.
Betiko kaka zaharra George. Gure herrietako insittutuetan euskara ez hitz egitearen errua euskara batuarena da, eta hori, eta horrela, eta blablabla.
Nire herrian euskara gutxien hitz egiten dutenak etxean euskalki “jator-jatorra” jaso dutenak dira.
Eztabaida antzu eta txaxtu hauek kaka nahasteko baino ez dute balio eta, bide batez, beti erdara ahoan duten “euskalkidun”-entzako aitzakia paregabea beren hizkuntza hautua zuritzeko.
Jendeak euskara ez hitz egitearen errua ez da euskara batuan bilatu behar, erdaren boterean eta diglosi egoeran baizik.
NAHIKOA DA!
Nik ere hala ikusten dut. Betiko aitzakiak azkenean euskaraz ez hitz egiteko, ez irakurtzeko euskarazko hedabideak ez entzun/ikusteko… Norberaren ezintasuna, axolagabekeria eta zabarkeria ederki mozorrotuta.
Hirurogeiko hamarkadan jaiotakook gogoan ditugu TVEn ematen zizkiguten zenbait marrazki bizidun eta telesailetan erabiltzen zen espainera portorrikeño xelebrea. Hura ez zen inola ere arazo Flipper izurdearen eta Porky txerriaren abenturak erne-erne jarraitzeko.. Xelebreak ziren, bai, han erabiltzen ziren hamaika hitz eta esapide, baina ez dut uste arrakasta handiagoa izango zutenik gure erdara are xelebreagoan egon balira, edo telediarioetan erabiltzen zuten castellano standar hanpatuan.
Joño ni baino 30 urte gehiago badituzu gutxienez! Hemendik aurrera kontuan izango dut berorika erabiltzeko zuri zuzentzen natzaizun bakoitzean.
Bromak alde batera, euskara batua eta euskalkiak baliokideak direla pentsatzen dut, bakoitzak bere esparrua duela eta biak direla erabakigarri gure hizkuntzaren osasunerako.
Lehenengoa administraziorako, hizkuntzaren erabilpen teknikorako edo arlo akademikorako balio duen bitartean, bigarrena eguneroko bizitzarako eta giza harremanetarako, hau da, kalerako balio du.
Hedabideek eta hezkuntzak eguneroko-bizitza horretan duten eragin handia kontuan hartuta, beharrezkoa da hauek hibrido izaera edukitzea. Beste hitz batzuetan, euskera batua eta euskalkiak tartekatzea, eta biei garrantzi beretsua ematea. Eskola eta komunikabideak gizartearen hezikearako tresnak direlarik, euskalkiak baztertuak badira, gizartea horiek ahaztera bideratu daiteke.
Euskalkiak dira kaleko euskararen osasunaren ispilu, eta, horiek gabe, euskara kaletik ezabatua izatetik gero eta hurbilago egongo da.
20 urte baino gutxiagoko umetxoa haiz? Berorika, bai, mesedez.
Euskal Herri osoan euskara bakar eta batua hitz egitea ezinezkoa da. Euskal Herrian euskara batu bat izatea guztiz beharrezkoa da. Nolabait ere denok elkarlotuko gaituen sare moduko bat, baina zulo handikoa, tokian tokiko euskalkiei leku egingo diena. Kontua beraz bakoitzaren funtzio komunikatiboak ongi bereizita izatea da. Eta hori, hein handi batean, hiztunok modu naturalean egiten dugun zerbait denez, funtzio komunikatiboen bereizketa hori desberdina izango da kasik pertsona bakoitzeko. Euskaltzaindiari iruditzen bazaio funtzio komunikatibo bat euskara batuan garatzea komenigarria dela, pertsuaditu beharko du bestelako iritzia duen norbanakoa.
Bide horretatik, funtzio komunikatibo batzuk batuan burutu beharraz adostasun kolektibo bat ere lortua da orain arte eginiko bidearen ondorioz: batez ere, Txepetxek bereizten zituen Nazioartekoa, Kultur hizkuntza, eta Nazioa funtzioetan.
Niri gaur egun dugun oreka egokia iruditzen zait. Errore estrategikoa irudituko litzaidake “etxea” edo “pertsona” mailako funtzioetan batuaren edo euskalkiaren orokortze baten alde egitea. Hautu pertsonala dela deritzot, askatasunean oinarritu beharrekoa.
Kligeroa, hemen zuk aipatu dituzun askorekin ados nago, hala nola “extremoen” inguruan egiten duzun hausnarketarekin. Eta batez ere, batua eta hiztun pasiboaren arteko lotura hori irudikatu nahi izanari egiten diozun kritikarekin. Ordea, uste dut arrazoia duela dionean batua ikasi izan ez duten euskaldun askok, beraien euskalkiarekin erlazionatzeko arazoak dituztela, eta aspektu hori lantzen jarraitu beharko genukeela.
Zer zala uste zendun, enamoratzea ….? Zer da gaur egun Euskaltzaindia? Zer lan mota egiten du euskararen batasunaren alde? Datu bat baino ez dut emango: Euskaltzaindiaren arabera, Irigoien idatzi behar duzu izena Iruñean jaio bazara, eta Hirigoien Baionan jaio bazara. Tori batasuna eta atera kontuak!
Euskara batuak aditza eta deklinabidea batu ditu batik bat. Gainerakoan ez du ia ezer kanpoan edo bazterrean utzi. Orotariko hiztegian datorren guztia euskara batua da. Kontua ez da euskara batua ala euskalkia. Kontua da euskara bizia ala euskara motela, euskara joria ala euskara urria, euskara nabarra ala euskara arrea. Utikan matrakak!
Hitzak ez dira kontextutik atera behar. Euskaltzainak modu positibo eta eraikitzailean hitzegin du,bata ez bestea gaitzestu gabe, bata bestearen azpian jarri gabe. Oso ongi aritu da, modu baikorrean hain zuzen ere.
Geroago agertu diren, mota hortako iritziak, norbere azpian dagoen konplexua edo ezin egona, psikeko amorrua edo agian beste sentimendu ezezkorra ala gaizkiagoren baten erakusgarri dira.
Kontu handia hartu behar zaio psikologiari; gaizki ari dena konpondu norbere aldetik eta ez inori leporatu norbere mamuak.
Aholku on bat da.
Euskalkiak euskañolaren bidea hartu dute, ea batuara hurbiltzen diren.
Hori da arrazoia. “Euskalki” dioten hori benetan euskalki jatorrak balira beti gaitzerdi.
Baina española kopuru bat ere, beharrezkoa zaie euskal hiztun askori, haien euskarazko jarioari eutsiko badiote… horregatik gaude konpontzen zaila den arazo baten aurrean, hemen iritzia emaniko guztiek badutelako arrazoi puska bat, edo arrazoia besterik gabe, eurenean eusteko.
Euskalki españolduak -eta baita batua españoldua ere- halako errealitate lohitu bat dira, baina errealitate. Euskaltzaindiaren batua ez-españoldua, ordea, hain da aratza, non eta aldare batzuetan gelditzeko arriskuan baitago. Orduan? Hiztun españolduak -dela euskalkietan dela batuan- bereganatzeko, akademiak laxatu behar du araudia, baina zertan? Hain zuzen ere -eta badakit hau eskandaluzkoa zaizuela askori- euskararen baitan jada indarrean den erdararen parte bat onartuta eta bereganatuta. Baita zera ere, esango duzue… Gainera, zenbat erdara onartu beharko genuke, zer eta oxijenoa delakoan, norentzat eta euskararentzat? Ba nik ez dakit, baina horretan nahi ditut ikusi gure hizkuntzaren adituak lanean, horretan batez ere: zenbat erdara jasan lezakeen gure euskarak, hilko ez, baizik eta biziberrituko delakoan.
Nolakoak dira, bada, zuen euskarazko konbertsazioak, hiztun profesionalen artean ez zaudetenean?
Akademiak, antza, ez du ikusten edo nahiago du ezikusiarenak egin, aski modu zerutiarrean arautzen jarraizen baitu. Ahozko erabileran jaitsiera sumatu dugun arren, eta hedabide nazionalen kontsumoan atzerakada nabarmena. Salbuespenak, eredua laxatuen dagoen tokiak: sarea eta Gaztea.
Euskararen garapenean eta biziraupenean -hizkuntza guztienetan bezala- inguruko erdara desberdinen bereganatze hori konstante -are behar- historiko bat izango zen, horrela egin ahal izan baitute aurrera hizkuntzek historian… eta denetan bereganatzaileena, ingelesa bera, beste hizkuntza batzuetatik pilo bat baitauka.
Baina gure ofizialdegiak -neuk memoria dudanez geroztik- guztiz kontrakoa esan izan du: erdarak bereganaezinak dira, Troyako zaldiarenak egiteko ez bada.
Ez dakit ez ote dugun txipa aldatu behar, berandu baino lehen.
Modurik ez-traumatikoena izan daitekeelako hemen azaltzen diren kezka egiazko horiek -euskalki jator ala zikin? batua aratz ala hotz?- norabide berean biltzeko.
Ofizialki, erdarekiko mugak -modu estratejiko batean- laxatzen baldin badira.
Gainera, lasaiago hitz egingo genuke denok, batuatik euskalkietara zein alderantziz)
Tira, ezkutuan bada ere, pentsa dezatela honetan gutxienez bost minutuz… Anatema, anatema, hasi aurretik.
Tira, tira, tira, tira… Hartu hiztegi batua eta hasi kontatzen zenbat hitz diren erdaretatik mailegatuta, Ehundaka! Euskarak ahalmen izugarria dauka eradarak integratzeko. Baina esango nuke zu euskañola onartzeaz ari zarela, %20 euskarazko hitzez osatutako espainieraren dialecto erregional hori onartzeaz. “Hoy en clase de gizarte me han puesto una azterketa… Ze pentsatzeu ese maisu, ein leikiela lo que quiera? Bai zea! Ez zea!”.
Eta zergatik ez dugu zuzenean gazteleraz hitz egiten euskararen matraka behingoz bazter utzita? A ze buruhauste pila kenduko duguna. Gure astotxoak ezin badu umerik egin, mandoa baino zaldia nahiago.
Bai ba, horregatik ere egin duela aurrera hizkuntzak, mailegatzen jakin izan duelako, oso aspaldi. Axular irakurtzea besterik ez da behar.
Baina ez, lagunok, ni ez nago euskañolaren alde, hombre, no me jodas, euskañola gorroto dudalako, benetan. Esaten ari naizena da, ordea, euskañola -edo euskañolera ailegatu gabe, erdararen presentzia euskarazko mintzoan- errealitate itogarri bat bilakatu dela eta. barrutik kudeatu behar dela, ez kanpotik: horra egiazko erronka hiztun adituentzat, barrutik kudeatzeak esan nahi baitu zertan amore eman eta zertan ez, hizkuntza dinamiko baten onbeharrez. Horretan pentsatu behar dela arauak ezartzen direnean, batez ere esamolde berriak nolakoak izango diren erabakitzerakoan, eta lexikoaz ari naiz gehienbat, Zipre edo Txipre, indepen-den-te edo independiente, polibalente edo anitzerabilgarri, eta beste dozenaka, ehunka, milaka erabaki, non eta, aurreko mendeetan ez bezala, mailegatze maila oso oso jaitsita dagoen azken hamarkadetan, Euskaltzaindian, duela ez horrenbeste, nagusitu zen korronte ez mailegatu-zale baten ondorioz, denon kalterako suertatzen ari dena, eta ordua da norabidez aldatzeko, eta gertatuko da, goiz zein berandu.
Gaiak hainbeste aspertzen bazaitu, ez dakit zer egiten duzun hemen.
Eurotxoak dira gakoa, ez euskara batua:
http://www.deia.com/2014/12/13/sociedad/euskadi/la-eurocamara-ve-correcta-y-europeista-la-defensa-del-euskera
Alderdien kudeaketa da gakoa, ez euskara batua:
http://www.berria.eus/paperekoa/1761/026/001/2014-12-24/europako_hizkuntza_komunitateekin_osatu_nahi_dugu_protokoloa.htm
http://www.berria.eus/paperekoa/2063/021/003/2014-12-24/hizkuntzak_eta_donostia_2016.htm