Euskalgintzaren mapa direktorioa sortu du Kontseiluak
Kontseiluak 2007ko irailean ekin zion egitasmoaren antolaketa eta diseinu orokorrari eta web orriaren aurkezpena Euskalit eta Innobasque-k antolatutako Zientzia, Teknologia, Berrikuntza, Kalitatea eta Bikaintasunaren Astearen baitan egin da. “Kontseiluaren bazkideek hala eskatuta, euskalgintza non dagoen antolatuta eta zertan ari den argitzeko lanari ekin genion”, esan du Mendigurenek. “Euskalgintzako erakundeentzat beren lanean mesedegarri gertatzea nahi du Kontseiluak, nork-zer-non-nola egiten duen erakutsiko duelako”, gaineratu du. Webgunean egoeraren azterketa kuantitatiboaz gain, kualitatiboa ere erakutsiko du. Era honetan, “ indarguneak eta ahulguneak detektatzen lagunduko digu. Non gauden indartsu eta non ez; zergatik gauden indartsu eta, beraz, zer egin litekeen ahul gauden lekuetan oinarria sendotzeko; non dagoen euskalgintza antolatu gabe; non diren hutsuneak –eremuka; herrian, sektoreka–; zertan kokatu behar dituen lehentasunak euskalgintzak (eta herri-erakundeek)…”, adierazi du Kontseiluko idazkari nagusiak. Erabiltzaile arruntari, herritar xeheari, euskararen unibertso zabalaren kontzientzia hartzeko aukera emango dio Euskalgintzaren mapak. Informazioa Euskal Herrian eta atzerrian zabalduko duen lanabesa da. On line eginez, edonori, edonon eta edonoiz eskura izan dezake erabilgarri. Mendigurenek azaldu duenez, lankidetzan osatutako tresna da aurkeztutakoa. Informazioa bertatik bertara eskuratu du Kontseiluak, herri bakoitzeko euskalgintzak osatuta. Aurrera begira ere hori izango dela bidea adierazi du eta “hemendik deia luzatzen diegu euskalgintzako erakunde eta kideei nork bere herriko datuak sartu edo berritzeko”. Kontseiluak Aztikerren laguntzaz egin du direktorioa. Zigor Etxeburuak, Euskaraz Bai Dinamika Herrietan egitasmoaren arduradunak azaldu duenez, “aurrerantzean ere aplikazioa hobetzen eta garatzen jarraituko du Kontseiluak, eta Aztikerren laguntza baliatuko du horretarako”. Era berean, Kontseiluak urtero-urtero harremana izango du informatzaile-sarearekin, duen informazioa berresteko, osatzeko edo zuzentzeko eskatuz. Geografikoki euskararen eremu osoa hartzen du aplikazioak -bai sartutako erakundeen aldetik, bai erabiltzaileen aldetik-, eta auzo, herri, udal, eskualde edo herrialdeak erakusten ditu; izan ere, Euskal Herri mailako egoera orokorra islatu nahi du. Webguneak eskaintzen dituen zerbitzu guztietara inolako mugakizunik gabe sartzeko aukera izango du erabiltzaileak, Etxeburuak azaldu duenez. Berritasunari eta eguneratzeari garrantzia berezia eman nahi dio Kontseiluak. “Hau ez da une jakin bateko egoerari erantzuteko xedez sortzen den zerbitzua. Ez dago itxita, aitzitik, dinamikoa da eta etorkizunean datu-baseko informazioa aldatzeko modua izango du. Gaurtik bertatik”, gaineratu du Zigor Etxeburuak.