Euskalerria irratia: “Aurrera segituko dugu, zuen baimenarekin”
Nafarroako Gobernuak baimena ukatu digu. Ez dugu, baina, amore emateko batere asmorik; izan ere, guri emititzeko baimen nagusia gure komunitateak ematen digu: gure 8.000 entzuleek, 1.000 bazkideek, ehunka iragarleek, 200 kolaboratzaileek, milaka lagunek. Hori bai: inoiz baino gehiago beharko dugu lagun horien guztien sostengua, ahal dela, bazkidetze forma hartuta.
(Euskalerria Irratiak jakitera eman duen artikulua da hau, behin Nafarroako Gobernuak lizentzia ukatu diola baieztatu denean.)
Aurrera segituko dugu ahalik eta programaziorik txukunena egiten. Eta aurrera segituko dugu legeztatzeko eskura dauzkagun bide guztiak ibiliz. 1998ko lizentzia banaketaren auziak zabalik dirau, eta epaileek birritan eman digute arrazoia. Azken lehiaketa hau ongi aztertu behar dugu. Eta Sanchez de Muniainek berak iragarri du Iruñerako beste lizentzia banaketa bat egin behar dutela. Datozen egunotan argituko dugu zehazki zein neurri hartuko ditugun.
Banaketa diskrezionala
Nafarroako Gobernuak aukera paregabea zuen Euskalerria Irratiarekin egin dituzten irregulartasunen kate luzea behingoz eteteko, konpontzeko. Haatik, ez dute aprobetxatu. Euskalerria Irratia bazterrean utzi dute, beste behin ere. Modu horretan Iruñerriko euskaldunek irratia euskaraz entzuteko duten eskubidea urratuz. Modu horretan muzin eginez gurekin egiten ari diren bidegabekeria aldez edo moldez salatu duten erakunde ugariei: Europako Kontseilua, Madrilgo Diputatuen Kongresua, Nafarroako Parlamentua, Iruñeko Udala, Arartekoa eta Euskaltzaindia.
Irratiko zuzendari Mikel Bujandak nabarmendu duenez, “lehiaketan irrati zerbitzurik onena saritu behar zutela esan zuten, zerbitzurik onena zein zen definitu gabe, eta horrek diskrezionalitate tarte sobera handia eman die lizentziak nahi bezala banatzeko”. Halaber, lehiaketa abian jarri aurretik Euskalerria Irratiak eskatu zuen azterketa bat egin zezaten, argitzeko zeintzuk ziren beharrak. Baina ez zuten egin.
Balorazio gehiago entzuteko, entzun gure gaurko albistegia, lerroon azpian. Horretan, besteak beste, entzungai: Josetxo Azkona, Kike Diez de Ultzurrun, Gaizka Aranguren, Maiorga Ramirez, Patxi Zabaleta, Manu Aierdi eta Edurne Egino.
Iruñean, SER eta COPE
Azkenean, aurreikuspenak, kinielak bete egin dira: Iruñeko bi irrati lizentziak SERi eta COPEri eman dizkio Nafarroako Gobernuak. Bi enpresok lehendik ere bazituzten baimenak Iruñean emititzeko, baina haien musika kateentzako erabiltzen dituzte. Beraz, enpresa batzuek baimenak pilatzen dituzten bitartean, beste batzuek alegaltasunera kondenaturik segitzen dute.
Epaimahaikideek SERi 78,18 puntu eman dizkiote. Eta COPEri 76,05. Euskalerria Irratia bosgarren postuan utzi dute, 72,05 punturekin.
Iruñean orotara 16 proiektu aurkeztu dituzte lehiaketara. Baina bi lizentzia besterik ez zegoen banatzeko. Beste zenbait eskualde askoz txikiagotan baimen kopurua askoz handiagoa zen: konparaziora, Baztanen eta Altsasun hiruna banatu dituzte.
Sanchez de Muniain kontseilariak azaldu du Espainiako Gobernuari lizentzia gehiago eskatu dizkiotela Iruñerako, eta Madrildik erantzun omen diote lehiaketa hau erabat amaitzen dutelarik gehiago emanen dizkiotela.
Galdera da ea zergatik ez zizkioten Madrilgo Gobernuari hasieratik eskatu lizentzia gehiago Iruñearako. Galdera horri, erantzunik ez.
Nolanahi ere, Sanchez de Muniainek esan du egin duten banaketarekin, aniztasuna bermatu dutela, diala aberastu dutela, euskara sustatu dutela.
Bi lizentzia Xorroxinentzat
Iruñeko bi lizentziez gain, Nafarrioa osoan beste 42 banatu dituzte. Irrati euskaldunei doakienez, Xorroxinek bi lizentzia eskuratu ditu. Bat Baztanen, bestea Beran.
Nolanahi ere, Abian Komunikazioak izan da geihen lortu dituena: 9. COPEk sei eskuratu ditu. Eta Zeroa Multimediak, Noticias Taldeko enpresak, 3.
Nolanahi ere, hirigune nagusietan: lizentziak irrati estatalentzat izan dira. Iruñean Ser eta Cope. Tuteran Onda Cero, Tafallan Onda Cero, Cope eta, kasu, Intereconomia.