Euskaldunak sutan!… taberna-zuloko txokoan
Atzo bertan, ERC-ko hiru parlamentari egotzi zituzten Espainiako parlamentutik, katalanez mintzatzen saiatzeagatik. DEBEKATURIK baitago parlamentu horretan katalanez, euskaraz edo galegoz jardutea.
Gertaturikoaren berri izan nuenean, uste izan nuen Euskal Herrian hautsak harrotuko zirela, eztabaida bizia sortuko zela, alderdi abertzaleek ezinbestean gaiari helduko ziotela behingoz… Baina ez.
Itxuraz, gertaerak Yoga, Txi-kung edo Tai-chi egiten harrapatuko zituen bertokoak. Edo tabernan barruak hustutzeko euskal ohitura errotuari ekingo zioten beharbada, eta barruak ondo hustu eta bustita, etxera bake santuan.
Hala ere, gaurko paperezko prentsan, prentsa abertzalean behintzat, auzia luze eta zabal agertuko zela uste nuen… kuitadua ni!
Berriara jo dut lehenik. Anjel Lertxundiren txokoan baizik ez zen aipatzen ERCkoen kanporaketa.
Garara ondoren: 27. orrialdean, argazki txiki bat eta testu laburra. Kitto.
Diario vasco-k enegarren orrialdean, beheko bazter batean aipamen labur-laburra eta Noticias taldeko Noticias de Álavan eta de Gipuzkoan (Deia ez dut ikusi) aipamenik txikiena ere ez.
Euskara ez da notizia, ezta notiziagai agerikoa denean ere. Batez ere, ez ditugulako gure mixeriak aireratu nahi. Kateak itsusiak baitira…
Ostekoak: gaur bertan jaso dut gutun luze bat, espainiera hutsez, Nafarroako gazte erakunde abertzale batek sinatua. Gutunean, espainiera zuzen eta jorian, nafar gobernuak euskarari erakusten dion herra salatzen da besteak beste. Berbarako: “Solo la actitud sectaria y contraria a su propia cultura del Gobierno de Navarra incumpliendo los requerimientos que desde el Consejo de Europa se le hacen para facilitar el cumplimiento de la Carta Europea de Lenguas Minoritarias…” eta txor, txor, txor… (letra lodia eurek jarria da).
Gazteak helduen arrastoan, hizkuntza ohituren transmisioa bermatuta dago, bai gero!
Ea ea…
http://www.diariovasco.com/rc/20130411/mas-actualidad/nacional/posada-expulsa-tarda-201304111117.html
DV-n (bai, DV-n). Ez da hain laburra… eta momentun honetan iruzkin gehien dauzkan albistea da: 207, alajaina!
Ez dakit ba nik e…
“Hala ere, gaurko PAPEREZKO prentsan” idatzi dut nik, Mattin, eta horiei erreparatu diet, paperezko edizioei, iruditzen zaidalako oso ondo islatzen dutela hedabideek zeri eman nahi dioten garrantzia, eta zeri ez. Dena dela, aipatu dituzun erantzunetako asko ez dira euskararen aldekoak hain zuzen, eta direnean ere, honelako harribitxiak aurki daitezke: “En nuestras ikastolas, tenemos desde hace unos años el trilingüismo. En eso a nuestras ikastolas poco pueden enseñarnos los de Madrid”.
Esanguratsua nire ustez.
Bidenabar. Uste dut atzo Eusko Legebiltzarrean eredu hirueledunaren inguruko eztabaida bizia eman zela. Bada, berria eta Gararen paperezko edizioetan ez dut aipamenik ikusi. Noticias eta Vocento taldeenetan bai, ostera…
Ez dut inoiz ulertu “Bizkaiko egunkari batek” edo “herri abertzale bateko udalak” bezalakoak esatea, are gutxiago informazio edota iritzi bat zabaldu nahi dugunean. Kriston amorrua ematen dit zalantzarekin geratzea. Artikulu honetan “Nafarroako gazte erakunde abertzale batek sinatua” aipatzen da, eta ez dago inolako arrazoirik izen-abizenekin aipatzeko: Geroa Bai-ko gazteek bidali dute gutuna.
Gaia aldatuz, bilatzerakoan, Geroa Bairen orrian sartu naiz, eta harritu nau (ala ez, ze triste) euskarak ze leku txikia duen ikusteak. Harrigarria. Pernando Barrenari arrazoi osoz egindako kritika bortitzak ikusteko aukera izango dugu, Geroa Bairen gunean euskarak duen presentzia erridikuluaren haritik? (nire apustua: inork ez du ezer esango)
“ez dago inolako arrazoirik izen-abizenekin aipatzeko” esan dudan tokian, “ez dago inolako arrazoirik izen-abizenekin EZ aipatzeko” esan nahi nuen, jakina!
PNVk haur eskolak espainolizatzearen alde eta Bizkaiko Aldundian euskara lehen hizkuntza izatearen aurka bozkatzen du. Gara, berriz, hain independentista bera, ia espainol hutsean datorkigu egunero. Eta abar, eta abar.
Baina adibide bakarra nahikoa da ikaragarri gaizki ari garela frogatzeko: Espainiako espainolizatzaile erreakzionarioenei ONA iruditzen zaie gure hezkuntza sistemarik “euskaldunena” (EAEkoa).
Hemen ez da inor salbatzen eta hori tristea da oso. “Abertzaleok gehiengoa” izanda ere espabilatzen ez bagara, gureak egin du.
Tira, pentsatzen dut gaizki iruditzen zaizula “parlamentari katalanak” kanporatu izana, ez?
Zerk izan behar luke gure helburu, metropoliko parlamentuetan kolonietako hizkuntzak legezko izatea edo okupazio egoera irauli, independentzia berreskuratu eta gure parlamentu propio bat izatea?
Nire ustez distrakziorako gaitasun ikaragarria garatuarazi digute. Behingoz txorakeriatan denborarik galdu ez, eta zu horren esperoan? Ez ba!!
PD: Alemaniako parlamentuan frantsesez hitz egiten baduzu seguraski kanporatu eginen zaituzte. Eta inor ez da harritzen…
Ez zara okerreko eztabaidan sartu, Ainhoa?
Nor kexatu da ERCkoak kanporatu izanaz? Hori bilatu dute ERCkoek. Edonola ere, eurak ere orain arte otzan jardun dute katalanez hitz egiteko debekuari men eginez. Eta ez. Helburua (nirea behinik behin) ez litzateke Espainian euskaraz egin ahal izatea, koherentziaz jokatzea eta errespetatuaraztea bai, ordea.
Bestalde, niri bertoko erakunde independenteak, erdaldunak izango badira, oraingoak bezala, beude dauden bezala.
Behin berriro ere, katalanek kristoren lezioa eman digute. Euskaldunak kaka ez dugula balio pentsatzen hasia naiz.
Eskerrik asko Itzain, eta beste guztiak ere.
Zuek denok markatzen duzue garbi bidea. Guk euskaraz, ez? Eta egiten ez duena, ez da guretakoa. Ez ezkerrekoa, ez eskuinekoa.
Eta eztabaidatu baino zein den gure artean espainolago, agian jarri behar dugu indarra markatzen zein den gure bidea, txalotzen euskaraz egiten duena, eta txistukatzen egiten ez duena. Gure artean elkar txalotuz beraz, besteei bidea markatzen. Zein den gure bidea eta zein ez.
Asteburu on
Bittor