Euskal talde bat aurrenekoz Europako gailurrean

Euskal talde bat aurrenekoz Europako gailurrean

Euskal talde bat aurrenekoz Europako gailurrean izan baino lehen, Bilboko Athletic-ek izana zuen aukera, 1977an UEFA txapelketako finala Italiako Juventus-en kontra jokatuta, -bigarren bat izango zuten bilbotarrek 2012an-. Gerora, futbolarekin jarraituta, Alaves-ek ere izan zuen bere aukera, 2001ean eta Ingalaterrako Liverpool aurkari zuela. Eta kirolez aldatuta, Biarritz ere bi aldiz gelditu da nazioarteko txapelketa batean txapeldunorde, Heineken rugby kopan 2006 eta 2010ean -2012an European Challenge Cup irabazi zuen!-.

Baina Elgorriaga Bidasoa, Irungo eskubaloi taldea, izan zen Europako txapelketa bat irabazten lehen euskal taldea, Baskoniak PAOK Salonica-ri Europako saskibaloi txapelketa irabazi baino urte bete lehenago, 1995eko apirilaren 22an, orain hogei urte.

Gainera, eta eskubaloiak gurean zalego ikaragarririk izan ez duen arren -zuetako nor akordatu da Urdangarinez, irakurle?-, hauxe da nazioartean, eta gizonezkoen taldekako kiroletan, euskaldunari loria gehien ekarri diona, herri kirolak eta pilota aparte utzita. 90eko hamarkadan Bidasoak egindako balentriari segida emanda, Iruñeko San Antoniok Europako txapelketa bat eta bi Errekopa eskuratu zituen milurteko lehen hamarkadan.

1987an lehen aldiz txapelketa irabazi eta zortzi urtera, berriro ligako txapelketa eskuratu zuen Elgorriaga Bidasoak 1995ean, Teka Santander aurkaria Irungo Artalekun gaindituta. El País egunkariko kronikan irakurri daitekeenez, Beñardo García lehendakari zuen Bidasoak “atezain harrigarria, defentsa latza eta eraso arrailgarria” zuen orduan, “eskubaloiari berrogei urte eskaini dizkion entrenatzaile” batez aparte.

Juantxo Villareal zen aipatutako talde gidaria (hogeita bi urtez zuzendu zuen taldea!), eta ez zen ez zazpiko makala bere kargura zuena. Perunicic jugoslaviarra eta Kisselev errusiarra ziren izarrak, bi tanketzar, eta beraiekin batera, Ordoñez hirugarren tiratzailea. Euskarri lanak Etxaburu eibartarrak betetzen zituen eta bi muturrak Bolea eta Rubiñoren kontua ziren. Atepean, Svensson suediarra, “gomazko gizona”.

Apirilaren 10a zen Artalekun, eta taldeak 52 punturekin bigarrenez liga irabazi bazuen ere -Bartzelona bigarren izan zen beste horrenbesterekin-, festak ez zuen luze iraun, hamar egun barru Elgorriagak Europako txapeldun izateko jokatuko baitzuen, euskal talde batek lehenengoz erdietsiko zuen balentria.

 

Zagreb-eko infernuan

Euskal talde bat aurrenekoz Europako gailurreanBidasoak, finalera baino lehen, Kiev ukrainarraren eta Kielce poloniarraren aurka lehiatu beharra izan zuen, eta ligaxkan baita Kiel alemaniarraren, Vitrolles frantziarraren eta Dukla Praga txekiarraren aurka ere. Europako talde indartsuenetakoak izanagatik, guztiak utzi zituen atzean; baita finalean Badel Zagreb ere. Azken hauekin batera, alemaniarrak eta frantziarrak ziren garaikurra eskuratzeko hautagai nagusiak.

Finala bi aldiz (1992 eta 1993an) Europako txapeldun izana zen Badel Zagreb-en aurka jokatu zuten gipuzkoarrek, bi partidatara -Patrick Cavar zuten kroaziarrek jokalari goraipatuena-. Joanekoa etxean, apirilaren 17an eta sarrerak, orduko 8.000 pezetatan! zirela. Artalekuko partida hiru mila zalek jarraitu zuten zuzenean -egun horretarako propio harmaila gehigarriak eraiki zituzten-eta-. Ohorezko sakea Txema Olazabal golf jokalariak egin zuen.

Partida berdinduta zihoan atsedenaldira arte (13-12 etxekoen alde); baina irundarrek bigarren zati bikaina egin zuten, eta ezusteko errenta lortu itzulerarako, hamar golekoa. Zagreb-erako nahikoa?

Lau urte lehenago Europako final bat jokatua zen Bidasoa, Errekopa. Orduko hartan, besteak beste Salva Pombar eta Xabier Mikel Errekondo ziren taldean, eta Irunen bost goleko aldea lortu arren, Augsburgoko itzulerakoan kale egin eta 23-17 galdu zuen; Milbertshofen-ek eskuratu zuen kopa eta epaileen lanak kalapita dezente sortu zuen. Beraz, taldekideak beldur ziren, Kroazian zer aurkituko.

Kroazian 12.000 zale sutsuren aurrean jokatu zuen Bidasoak. Jugoslavia zatituko zuen gerra bete-betean zen, eta txokolatezaleen jokalari bikainena Perunicic zen, montenegroar bat!

Zagreb-en hamar mila lagun baino gehiagoren aurrean jokatu zuen Bidasoak Dom Sporton, tartean etxeko Bad Boys zale amorratuak eta Kroaziako hainbat txokotatik (Rijeka, Split) bertaratutakoak. Jugoslavia zatituko zuen gerra bete-betean zen, eta Irungo taldeak zer eta Nenad Perunicic zuen jokalari bikainena, montenegroar bat!

Baina irundarrek ondo eutsi zioten etxeko taldeari, eta partida galdu bazuten ere (27-26), Europako txapelketa nagusia lortu zuten; euskal talde bat aurrenekoz Europako gailurrean!

Partida bukaeran istiluak piztu ziren Zagreb-en, etxeko zaleen eta segurtasun indarren borroka tarteko. Gauzak horrela, EHF-ko antolatzaileek kopa kiroldegitik kanpo, txapeldunen omenezko afarian jasotzea proposatu zion Bidasoari, eta ezetz erantzun irundarrek. Ehun zalera heltzen ez zen talde txiki bat, Peña Bidasoa, Kroaziara arte joana zen, asko autobusez bide luzea eginda, eta jarraitzaileen aurrean jaso nahi izan zuen garaikurra taldeak. Horrela egin zuen Tomas Svensson kapitainak, hasierako 10.000 lagunetatik Euskal Herritik joandako zale taldetxoa baino aurrean ez zuela. Etxean, Artalekun jarritako pantaila erraldoiaren bidez jarraitu zuten milaka irundarrek partida, ETBko euskarazko emankizunari esker -bideoan ikus daitekeenez-.

Euskal talde bat aurrenekoz Europako gailurreanOrduko jokalariek gogoratzen dutenez, Euskal Herria zapaldu orduko nabaritu zuten egindako balentriak oihartzun handia izan zuela. Irunen sekulako jendetza zuten zain, taldeari merezitako harrera emateko prest. San Juan plaza lepo zela, eta udaletxeko balkoitik, ospakizuna bertsoz eman ei zuen Villareal entrenatzaileak.

Arestian aipatutako zazpikoteaz gain, Javier Barreto, David Rodriguez, Vicky de la Haza, Angel Fernandez, Fernando Fernandez, Nacho Pujol, Jorge Cortes, Raul Bartolome eta Ricardo Zarate jokalariek osatzen zuten taldea eta Ivan Sopalovic serbiarra zuten bigarren entrenatzailea.

90eko hamarkadan talde handia zen Elgorriaga Bidasoa, Europako nagusienetakoa. 1995ean Asobal Liga eta Europako txapelketa lortu eta bi urte geroago, europar Errekopa erdietsi zuen Fotex Veszprem hungariarren aurka (Villareal eta Elgorriaga babeslearen azken urtea taldean).

1987ko Asobal Ligaz gain, aipatutako hamarkadan bi Errege kopa (1991n eta 1996an) Asobal kopa bat (1993an) eta Espainiako Superkopa bat (1996an) erdietsi zituen Bidasoak. Munduko jokalari onenetako batzuk Artalekun jokatzen zuten orduan, Bogdan Wenta poloniarrak, Alfred Gislason islandiarrak edo Caslav Grubic jugoslaviarrak. Eta asko dira irundarren harrobitik sortutako jokalari bikainak ere, Miguel Angel Zuñiga, Iosu Olalla edo Julen Aginagalde, esaterako.