Euskal subjetu antropolitikoa birsortzeko tenorean

Euskal subjetu antropolitikoa birsortzeko tenorean –

Azkeneko bi mendeetan «kultura» kontzeptuari garrantzia eman zaio. Industrializazioa, kapitalismoa eta inperialismo eurozentrista ehunka herri-kultura birrintzen ari zirelarik, toki askotan galtzeko bidean zeuden kulturekiko jakin-mina piztu zen.

Euskal subjetu antropolitikoa birsortzeko tenorean
Arg: StockSnap

Pertsona batek bere bizitza hizkuntza eta kultura bakar baten eremuan igarotzen badu, ez du bere kulturarekiko atxikimendu berezirik izango. Ez du besterik ezagutzen, eta bere inguruan egiten dena «normaltasunaren» baitan kokatzen du. Bere kulturaren joera batzuk onartuko ditu, beste batzuk, berriz, ez ditu maite izango, halere, ez du ariketa konparatibo bat egiteko baliabiderik izango.

Mende luzeetan jende askoren bizimodua horrelakoa izan zen. Kultur guztiak beti dinamikoak izan arren, eta munduko toki askotan etengabeko harremana egon baziren ere, gizaki orok bere burua kokatu ohi du epealdi mugatu batean, eremu mugatu batean, testu-inguru mugatu eta ulergarri batean. Sarritan inguru hori autoeratua da, gure autobiografia eraikitzen joaten garen modu bereko tresnak erabiliz. Baina muga horiek gabe errealitatearen konplexutasunak gainditzen gaitu. Horrela izanik, munduaren aldaketa bizkortzen diren garaietan, gizakiok euskarrien beharra izaten dugu: erlijioa, nazioa, ideologia, familia, maitasuna, lana, metabersoa… Aldaketak XIX. mendean biderkatu ziren, horregatik garai hartan kokatzen da herri-kulturekiko atxikimendua.

Geurean ere antzeko prozesua ukan genuen, Euskal Herriaren aurreko mendeetako zenbait ezaugarri urtzen ari zirenez, mundu berrian euskaldun gisa jarraitu ahal izateko euskarri batzuk aurkitu behar izan zituzten. Toki gehienetan egin zen eran, sinplifikazio handia egin zen; sinplifikazioa, mitifikazioa… ahal izan zena egin zen. Hori dela eta, Europako beste kulturen babesleek egin zuten lez, euskal kultura, ohitura, janzkera, portaera, jarrera jakin eta estereotipatu batzuekin lotu zen. Gehienak historikoki nahiko gertukoak eta gehiegitan folklorea eta kultura modu traketsean nahastuz.

Azter dezagun, aldiz, xumeki, kultura bat zer den. Eman diezaiogun begirada sakonagoa. Hizkuntza eta kulturarik gabeko gizakirik ezinezkoa da. Hizkuntzak eta kulturak egin gaituzte gizaki. Hauek aldatu gaituzte biologikoki zein psikologikoki, gure espezie xelebre hau sortu arte. Guk sortu dugu kultura, baina berak ere aldarazi gaitu. Kultura, batik bat, bizitzari aurre egiteko tresnak ematen dizkigu baliabide-sorta da, norbanako gisa eta talde gisa, belaunaldien arteko transmisioa gaitasuna baita hizkuntzek eta kulturek ekarri zuten eraldaketa. Iraultza kognitibo baten neurrikoa.

Munduko kultura orok norbanakoari munduan kokatzeko baliabide praktikoak eta sinbolikoak ematen dizkio . Praktikoak, inguruan dauden baliabide mugatuak ganoraz kudeatzeko; sinbolikoak, behar psikologiko, sozial eta afektiboak modu osasuntsuan kudeatu ahal izateko. Kultura batek hori guztia egiteko gaitasuna badu, luze iraungo du; kultura batek oreka horiek hausten baditu, ingurumenarekin, bizilagunekin ala barne gatazka kudeaezin eta kronikoak sortzen baditu, kolapsatuko du.

Nik ez dut zalantzarik, «euskal kultura» izenaz sailkatu ahal izateko adina ezaugarri pilatu ziren noizbait. Aurretik beste ezaugarri batzuk izango zituen, baina epealdi historiko luzez, egoera konplexu eta dinamiko batean, multzo koherente bat egituratzeko gai izan zen herri hau. Agian uste genuen baino beranduago izan zen. Ziurtasun osoz etengabeko aldaketa eta egokitzapenak egiten; sarritan, ia erabateko eraldaketak egiten, baina epealdi luze hartan, «euskal» izena erabiltzeari zilegi deritzot.

Nik behintzat horrela jaso nuen, horrela sentitu eta garatu nuen, XX. mendean jaiotako euskaldun gisa. Ordurako gure aiton-amonen Euskal Herritik horren urrun zegoen euskal mundua berrasmatzeko tresnak jaso, sortu eta moldatu genituen. Munduan kokatzeko baliabideak eman zizkigun, ahalik eta zoriontsuen izateko hainbat jarraibide ere eman zizkidan. Hots, kultur batek eman behar duen muinari eutsi genion.

Orain, ezin ukatu, mundua, berriz ere, erabat aldatu da. Aro Planetarioan murgildurik gaude, behin betiko. Aldaketak abiadura bizian gertatzen dira, euskarri sendoenak biguntzen ari direla ematen du. Askotan etxe berean hazitako seme-alaben kultura ez da berbera. Mundu osotik datozen eraginak etxe zulo guzietara iristen dira. Muturreko difusionismo kulturalean bizi gara. Abeslari milioidun batek egindako kanta inozoena bazter guztietara iristen da 24 ordutan . Gure ohiturak, pentsaera, bizitza, erosketak, biziraupena baldintzatzeko gai diren botere berriak sortu dira.

Arestian nioen, gatazkak kudeatzeko gai ez den kultura kolapsora doa. Aro Planetariora eraman gaituen eredu nagusiak kolapsora garamatza. Horren aurrean, erro sakonak dituen herri eta kultura baten kide aktibo izateak lanabesak eman ahal dizkigu norbanako eta komunitate gisa. XXI. mendeko euskaldun gisa birkokatzeko ahalegina, ahalegin sortzailea da, atsegina, eraikitzailea. Aurrekoen lekukoa hartu eta moldatu genuen moduan, belaunaldi berriek moldatu, margotu, egokituko dute.

Euskal subjektu antropolitikoa birsortzeko tenorean gaude.

Euskal subjetu antropolitikoa birsortzeko tenorean  Euskal subjetu antropolitikoa birsortzeko tenorean  Euskal subjetu antropolitikoa birsortzeko tenorean 

Donostiarra Pasaiaratua.

2 pentsamendu “Euskal subjetu antropolitikoa birsortzeko tenorean”-ri buruz

  • Analisi zuzena deritzot, baina horra hor galdera: nola?? Nola sortu euskal subjektu antropologiko berri hori? Mundu mailatik datorkigun eraso kultural horren aurrean, nola sortu eta babestu dezakegu gurea?? Sarritan nire buruari egin dizkiodan galderak, eta nire seme-alaben jarrera zein gustuak ikusirik, gero eta zailagoak egiten zaizkidan erantzunak.

  • Benat Castorene 2023-03-07 18:32

    Tximino, arratsalde on, zure burutzioak ( untsa ulertu baditut) askok egiten dituzte. Are gehiago bilobei so eginez. Baina, bistakoa da, harra aurreko gure belaunaldietan zegoen jadanik.
    Patxiren artikulu huni dagokionez, aipatzen dituen hizkuntza eta kultura, ingurune eta bizimodu jakin bati zegozkien. Eta hori errekara joaiten utzi dugu, gehien bat bortxatuak ginela bai baina tamalez ez bakarrik.
    Patxi aipatzen zinuen “…ahalegin ahalegin sortzailea da, atsegina, eraikitzailea…” bai, baina lantsua, gogorra eta ez-ulertze etaisolamendu erllatibo batean eraman beharra.
    ere!.
    Zehaztu behar dugu euskaltasuna, hau da, zer lehenik salbatu eta gero garatu nahi dugun, zer prezio sartzeko prest garen dugun. Baina sustut eta beti gure indar-maila objektiboaz kontziente izan beharko gara gure burua ez xoratzeko planak ilargiaren gainean eginez.
    Horregatik ikasi beharko dugu serio hitzegiten belaunaldi berriekin haiekin umil egonez. Ez baita erraza izanen.