Euskal Prozesu konstituziogilea

Euskal Prozesu konstituziogilea –

Euskal Prozesu konstituziogilea

Dakigunez, Hego Euskal Herriko Independentismo Instituzionalak ibilbide-orri jakin bati ekin dio. Estatu espainiarrekin itun berri bat sinatzea. Bide horrek zenbait aldagai ala premisa nagusi erabiltzen ditu. Hala nola: PSOE ezkerreko alderdia da; Estatu espainiarra birziklagarria da eta independentistoi dagokigu laguntzea ultraeskuina gobernuetara iritsi ez dadin; ziurgabetasunaren aurrean, paradigma-malgutasuna; eta pazientzia estrategikoa, denbora gure alde doalakoan.

Esan gabe doa ez natorrela bat premisa horiekin, baina aurreko artikulu batean horretaz aritu nintzenez, oraingoan beste urrats bat eman nahi nuke.

Bistan da oinarri independentistak jarrera pasiboa hartu duela. Hamaika arrazoi daude, eta ziurki eragin handiena ukan duena ez da izan Independentismo Instituzionalak berea egin duen estrategia berria. Badira beste arrazoi franko, estrukturalagoak, sakonagoak, gertuko historian erroak dituztenak, egoera demografikoan sorrera dutenak, osagai antropolitikoak dituztenak, globalizazio neoliberak ekarritakoak. Hortaz, ez da batere arina eskuartean dugun erronka, independentismoa berraktibatzea, alegia.

Herritarrok gure lan boluntarioa eskain dezagun helburu ukigarriak behar ditugu, epe laburreko garaipen txikiak. Sarritan taldean lan egitea, elkarrekin borroka egitea berezko garaipen txiki gisa sentitzen badugu ere.

Bizimodu berriak denbora ostu digu. Orain, herri-militantziak lehiakide zorrotzak ditu; indartsuena, aisialdiaren beharra. Bestalde, bere denbora ematen duen ekintzaileak bere buruaren jabe sentitu behar du, protagonista dela sentitu, eta gertuko eremutik bere ekarpena egiteko aukera izan behar du. Erabakiak politikari profesionalek hartzen badituzte, tokian tokiko jarduna, ulertzen eta ikusten ez den balizko estrategia zoragarri baten apaingarria baino ez bada, ekintzaileek ospa egiten dute.

Tokian tokiko eremu hurbilean eta ekintzaileen protagonismoan oinarritzen den estrategia independentista berri baten premia dugu, ostera, desmobilizatutako herrikideak ez dira berriro militantzia aktibora itzuliko. Hauteskunde emaitza onek ezkuta dezakete epe luzera begirako erabateko porrota.

Euskal Errepublikaren prozesu konstituziogilea

XXI.mendeko Euskal Herriak prozesu konstituziogile bat behar du; euskalherrigintzaren ardatz nagusiena izan daitekeena eta eraldaketa soziopolitiko eta kulturala ekar litzakeena.

Estatuekiko menpetasuna psikologikoarekin eten egiten, euskal herritar independentistok ibilbide-orri askatzailea jorratu behar dugu. Horretarako, gure konstituzioa egiteari ekin behar diogula uste dut, komuneko konstituzio bat baita nazio-subjetu politikoen antolatzaile nagusia.

Hastapenean, konstituzio horren zutabeak baino ezin izango lirateke definitu, haustura prozesu dinamiko baten ildo nagusiak, alegia. Ildo horietan nazio eskubideak eta eskubide sozial nagusiak ezarri beharko genituzke. Hau da, Naziotasun eskubidea, juridikoki arautua nazioarteko araudiaren arabera; hizkuntza eta kultur eskubideak; oinarrizko eskubide sozialak: lana, etxebizitza, doako osasun-zerbitzu publikoa eta unibertsala, doako hezkuntza publikoa eta unibertsala, sektore estrategikoen kontrol demokratikoa…

Prozesu hori ezin da historia lineala ala epeetako garapen moduko estrategia batean kokatu. Izan ere, hori izan ohi da, eta egun nabarmenago, egin daitekeen akats metodologikorik handiena. Nolabait, Prozesuaren hastapena Euskal Errepublikaren eraikuntzaren hasiera eguna litzateke, herritarrok aldebakartasunetik aldarrikatzen duguna, bestelako prozesuekin lehian arituko dena. Nagusiki frantses eta espainiar Estatuen eredu supremazisten aurka arituko dena. Herriz herri, ahal dela gertuko erakundeen babesaz, arduratsuak izaten, kementsuak izaten, duinak, eskuzabalak.

Ez naiz epe laburrean ”hegemonia” ekarriko ligukeen estrategia bati buruz ari; ezta akordio autonomiko berriez ere. Indar-korrelazio zein den garbi dago, independentismoak ez du gehiengo soziala, aldiz, modu berean, independentziaren aurkakoen multzoa txikiagoa da gurea baino. Ez naiz hegemoniaz ari, proiektuen arteko talka demokratikoaz baizik.

Ziurgabetasuna nagusitu den aroan (litekeena denak horrelakoak izatea) arriskutsuena da itsasontziaren belak lau haizetara zabaltzea. Olatuek nondik joko duten ez dakigularik, edozein unetan enbata berri batek joko duela jakin arren, lemari gogor eutsi behar zaio. Belak jaso; arraunak jaitsi eta gogoz eman, bestela ontzia irauliko da eta ezin izango diogu bueltarik eman.

Euskal Prozesu konstituziogilea

Donostiarra Pasaiaratua.

5 pentsamendu “Euskal Prozesu konstituziogilea”-ri buruz

  • Egin behar, egin behar da… Bai, ados. Egin beharra dago. Baina nork hartuko du iniziatiba? Nork hartuko du lema? Nork gidatuko du?

    Politikari instituzionalak berean dabiltza, politika instituzionalean. Prozesu eratzailean buru belarri eta koiunturen gainetik murgilduko den jendea behar dugu, erreferente izango den jendea. Sentsibilitate eta multzo desberdinak erakartzen eta integratzen asmatuko duena, beste antolamendu txiki eta partzial bat sor ez dadin, ohi dugun moduan.

    Erraza da esatea, erraza da iritziak idaztea… Baina horretarako lan handia egin behar da, jende askorekin bildu, poliki joan, urrats txikiak baina sendoak eman… Nork dauka horrelako prozesu bat aurrera eramateko ahalmena, denbora, zilegitasuna jendearen begietan?

    Hemen nazioa diluitzen hasi da lidergo independentistarik gabe gelditu garenean. Ez dago erraza hori ordezkatzea.

  • Bai Zuriñe, gako nagusienak aipatzen dituzu. Artikuluan ere aitortzen nuen egoera ez dela batere xamurra, arazo estruktural handiak daude. Ondo diozun bezala, antolaketa partzial eta txiki batek ez du balio. Zilegitasuna, edozein taldek eskura lezake lan duina, iraunkorra eta txukuna egiteko gai baldin bada. Belaunaldi berriek ere badute zer esan, agian hortik sortuko dira lidergo kolektibo berriak.

    Izugarrizko lana behar da eta lan dinamika iraunkorra izango duten lantaldeak sortzea ez da batere erraza

    lan instituzionala beharrezkoa da, baina lan horrek indar guztiak xurgatu ditu eta kontraesan estrategiko larriak sortu ditu.

    Hasierako urratsetako bat Euskal Konstituzio horren zutabeak idaztea izan liteke. Aditu talde batek egina ala prozesu parte hartzaile baten bidez egina. Idatzi-fasea bera egituraketa prozesu bilakatu liteke.

  • Patxi Azparren 2024-11-04 16:13

    Barkatu Ziriñe, aurreko batean ere nahi gabe, izena aldatu nizun.

  • Barkatuta, Patxi.

    Idatzita dago jada Euskal Herriaren Eskubideen Karta, lan zorrotz eta serio batez, lurralde osoko antolakunde pila baten ekarpenaz eta zilegitasun zabala irabazita zeukan erakunde baten gidaritzapean. Oraindik ere atxikimenduak biltzeari ekiteko abiapuntu izan liteke, eta hortik nazio eztabaidagune edo kontseilu moduko bat eratu, zabala eta irekia den heinean iraungo lukeena, eta partziala bihurtuz gero frakasoa onartu eta jarduna bertan behera utziko lukeena. Zilegitasuna atxikimenduek emango liokete. Eta atxikimenduak lan-talde serio, egonkor, integratzaile eta malgu batek lortuko lituzke.

    Ados. Nik ere nahi nuke horrelako dinamika bat martxan egotea.

  • Patxi Azparren 2024-11-10 22:31

    Gabon Ziriñe. Udalbiltzak bideratu zuena ezta?. datak ez ditut gogoan , baina esango nuke garai hartan ari ginela Nazio eztabaidagunean. Abiapuntu interesgarria litzateke, bai. Mila esker erreferentzia gogoratzeagatik

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude