Euskal Osasun Sistema Publiko indartsu bat lortzeko helburuarekin hartu dugu parte Osasun Itunaren Mahaian
Euskal Osasun Sistema Publiko indartsu bat lortzeko Osasun Itunaren Mahaian –
Azken hamarkadetan EAJk lideratutako Gobernuen eskutik ezarri diren politika neoliberalek Osakidetzaren gainbehera ekarri dute. Osasun pribatua indartzeko publikoa ahultzeak ondorio larriak ekarri ditu: zerbitzu publikoa eta bertan lan egiten dutenen lan baldintzak okertu dira.
Osasun sistema publiko indartsu bat behar dugu eta hori da mahai honetan, mahai sektorialean, lan zentroetan eta kalean aldarrikatu eta borrokatuko duguna. Mahaian parte hartzeak ez du esan nahi bukaerako itunean egongo garenik. Hori negoziazio kolektiboan eman beharreko aldaketekin eta osasun sistema indartzeko hartu beharreko neurriekin egongo da lotuta.
Herritarrak mobilizatu egin dira. Langileak ere borrokatu dira eta borrokatzen jarraitzen dute, eta hori izan da Osakidetza eraldatzearen eztabaida ireki duena. Langileak eta herritarrek osasun politiken aldaketa exijitzen dute, okerrak izan diren politikak alboratuz, pribatizazio, kontzertazio eta externalizazio politikak edo langileekin eramandakoak, esaterako.
Horrekin lotuta, gaur Gobernuak aurkeztu duen diagnosian asko harritu gaitu langileekin eramandako politiken eta hauen ondorioen inguruko azterketarik ez egotea (lan baldintzak, behin behinekotasuna, langile eskasia, ….) ezta pribatizazio politiken eraginaren inguruko azterketarik. Bi gai hauek, beste batzuekin batera, eragin oso handia izan dute Osakidetzaren gainbeheran eta ondorioz ematen ari den osasun zerbitzuaren okertzean.
LABek ekarpenak egingo dizkio Gobernutik eginiko diagnosiari, hau zuzendu eta osatzeko, beti ere lan baldintza egokiak dituen eta zerbitzu egokia ematen duen Osasun Sistema Publiko indartsu bat lortzeko helburuarekin.