Euskal konplexuen eguraldi mapa
Berriki Andoni Ortuzar BBBko lehendakariak Onda Vasca irratian esan du EiTBko profesionalek erabakiko dutela eguraldiaren maparen itxura. Ardura bere gainetik kendu eta ustez dagokionaren esku utzi du, labur esanda. Logikoa dirudi: noiztik politikari batek erabaki behar du eguraldi mapa baten diseinua? Herri normaletan ez da halakorik gertatzen. Leku horietan eguraldiaren mapa infografista apal batek egiten du, nork zer esango duen arduratu gabe. Bere kezka da eguzki izpien kolore horiaren ñabardura egoki ikusten ote den hondo zuriaren gainean, ez mugen kokapena. Normaltasuna da hori. Guri falta zaiguna, alegia.
Espainian la piel de toro edo Frantzian L’Hexagone. Oso erraza zaie mapa marraztea. Gurean, ordea, erabakiak hartu behar dira, ezerk ez dirudi berezkoa, naturala. Euskal Herria? EAE? Erkidegoka? Lurraldeka? Euskararen herria eskizofreniak jota. Sinboloen korapiloa askatu ezinik, EiTB jaio eta 30 urtera. Nor gara? Alberto Surioren gidaritzapean jarritako mapak ere ez zuen ezer argi utzi. Bai, baina ez. Ez, baina bai.
Nori zuzentzen zaio EiTB? 1982an euskaldunentzako telebista publiko sendoa sortzeko lan egin zutenek argi zutelakoan nago. 2004ko zorioneko aurkikuntza aipatuz, Joan Perez Lazarragaren eusquel erria-ri. Hori lan esparrua, hizkuntzaren normalizazioa helburu.
Lehengora itzuliz. Profesionalek ebatziko dutela dio Andoni Ortuzar EiTBko zuzendari ohiak. Iskanbila piztu ez dadin esan du akaso hori Ortuzarrek, sen onez, efizientzia politikoz. Baina, hala izanik ere, nazio konplexua dario. Nor gara? Politikari espainiar batek zalantza ukango luke bere mapari buruz? “Profesionalak erabaki dezala” Ceuta eta Melilla sartu ala ez? Kanariar uharte afrikarrak baztertu ala ez? Nik uste Fulanito politikari espainiarra haserretu egingo litzakeela. Suminduko zatekeen, estatuaren menpeko lur zati bat mapatik kanpo uzteko aukera soila aipatuta; baita garrantzi ñimiñodun irlatxo bat izanda ere. Izan ere, ez da nahikoa izatea, aldarrikatu behar da zaren hori, defenditu, demostratu, inori ez utzi zalantzan jartzen nor zaren.
Ortuzarren hitzetan zuhurtzia badago, baina argitasuna eta pedagogia faltan sentitu ditut. Badirudi EiTB Euskal Herri osora zuzentzen dela esatea marroi bat dela; profesionalek erabaki dezatela, “horiei eskatu kontuak”, esanez bezala. Naturaltasuna falta zaigu. Halako zer edo zer, adibidez, Ortuzarren ezpainetatik: “Zer erakutsiko du ba euskal telebistako eguraldi mapak? Hori galdetzea ere”. Gure hitzek, esandakoek nahiz gordetakoek, erakusten dute ez dugula erabat sinesten euskararen herrian, aldiz bai, gero eta gehiago, zatiketa administratiboan. Ortuzar izan da oraingoan, baina beste politikari abertzale bat izan zitekeen. Bidean okertuz gero, amaituko dugu pentsatzen euskara hizkuntza arrotza dela Nafarroan. Eta pentsatuz arrazoi dutela, zer gabiltzan euskalautonomiaerkidegotarrok navarroen kontuetan muturra sartzen.
Izan dadila eguraldiaren mapa euskal esparru komunikatibo publikoan garai hobeago baten erakusle bat gehiago. Demostratu dezatela euskararen normalizazioa dela, 1982an bezala, EiTBren helburu. Bestetik, ETB Nafarroara behingoz heldu behar da LTD bidez. Anormaltasun hori zuzentzeko garaia da. Espero dut EiTBko zuzendaritza berrikoek egingo dutela horretan lan, nahiz eta beste hamaika lubakitan ere egin beharko duten borroka. Zorte on.