Euskal Herriaren funtsa eta paperezko estatua

Euskal Herriaren funtsa eta paperezko estatua –

Errebisionismoa modan dago. Joera suntsitzaile hori piztu da behinola abertzale ziren alderdi-erakunde batzuetan, eta sitsaren antzera zulatzen ditu guztion etxe honen zutabeak. Historia hurbilaren berrirakurketa ergela proposatuz, adibidez, eta kaiku urdinari taumaturgiazko propietate magikoak iradokiz frankismo latzaren aurkako matxinadan. Edo beste inguru batean, euskal nazioaren funtsezko oinarriak gutxietsi eta paperezko euskal estatuaren promesa naif eta sinestezina formulatuz, zertara eta “hobeto bizitzera” bideratua.

Euskal Herriaren funtsa eta paperezko estatua
Arg: Alex Andrews

Hauteskunde atariko ipuin barregarri/negargarriak nagusitu dira errelato publikoan, eta euskaldun koitaduak ez daki zer pentsatu ipuin fantastikoen kontalari bihurtu diren politikari eta esatariez.

Esaten zaigu Espainiako Estatuko Gobernuan den koalizio progresista aukera leihoa dela, eta bertara doazen euskal alderdien ordezkariak, alderdi bateko zein bestekoak, behin eta berriro lotzen dira akordioetan eta botoetan gobernu espainiarreko partaideekin, eta gobernu horren jarraipena ziurtatzen dute. Baina, bitartean, gobernu eta estatu berak betiereko izotzean lotzen dituzte duela jada mende erdi adostutako oinarrizko autonomia lege eta akordioak. Berdin antzera, Poliziaz, epailez eta zigorrez izozten ditu anai-arreba katalanen izpiritu askeak eta prozesu askatzaile demokratikoak. Epaile berek izozten dute ere gure euskara, Gaztela zaharreko hizkuntza XXI. mende honetan gure lurrean derrigortzen diguten bitartean. Anakronia lazgarriagorik, hemen eta orain gaztelera inposatzearena baino!

Hauteskunde atariko ipuin barregarri/negargarriak nagusitu dira errelato publikoan, eta euskaldun koitaduak ez daki zer pentsatu

Zer abantaila ematen digu, bada, zorioneko aukera leiho horrek? Hori galdetzean, eskuin muturraren mamua erakusten digute gure ipuin kontalariek, txotxongiloen antzerkietan bezala. Zer pentsatu behar dugu, orduan, betirako morrontzan mantendu behar garela euskaldunok Espainiako Estatu horren gobernari hauei men eginda, bestela ordezko gobernariak are okerragoak direlako? Ez daukagu makala!

Euskaldunok ez gaude ipuinetarako, eta hauteskundeak baino urrunago ere begiratu beharra dugu. Euskal Herria nazio demokratiko antolatua eta osatua izatea lortu behar dugu, azkenaldian gure politikariek, hurbilera begiratu beharrez, hori ahaztua eta baztertua duten arren. Naziogintza aktiboa behar dugu Euskal Herri osoan, zabal, luze eta sakon. Euskal naziogintzak ukitzen duelako gure nortasunaren muina bera. Eta euskal naziogintza krisi larrian dago, egun. Krisian kanpo faktoreen kausaz, estatu menderatzaile biek asimilazio prozesua bizkortu egin dutelako, baina baita barne-faktoreen kausaz ere, euskal herritar askotxok asimilazio horren onarpen aktiboa edota pasiboa burutzen dutelako, nortasun propioa trukatuta. Eta, horrez gain, alderdi eta erakunde abertzale ohien integrazio progresiboa gertatzen ari delako Espainiako eta Frantziako estatuen erakunde eta dinamiketan. Gainera, jokabide horren “justifikazio teorikoa” eta legitimazioa agertzen dute.

Ipuinak ipuin eta bide taktiko mendeko horiek bide itsu, euskaldunok naziogintza berritua piztu behar dugu Euskal Herri osoan. Orain arte egindakoak egoera honetara ekarri bagaitu, bistan da proposamen berriak behar ditugula, teoriatik praktikara. Kalibre handiko berrantolaketa behar du euskal naziogintzak bere osotasunean. Gure indarrak zerrendatu, euskal naziogintzaren alde diharduten guztiak saretu eta elkarlanean jarri. Euskal kulturaren polisistema osatu zientzia, arte, lan eta administrazio atal guztietan, euskara ardatz. Euskal naziogintza berria abiatu dugu, zabalik da eta  lan beregaina egiteko bidean da.

ARGIArentzat egindako kolaborazioa

Euskal Herriaren funtsa eta paperezko estatua Euskal Herriaren funtsa eta paperezko estatua

11 pentsamendu “Euskal Herriaren funtsa eta paperezko estatua”-ri buruz

  • Ipuinak ipuin, eppur si muove:
    “Han pasado dos décadas y no hay garantía de que esa misma gente no volvería a hacer lo mismo si las circunstancias se lo permitieran. Ese es nuestro drama, aquí y ahora”
    Egunkariaren itxieraz GARAn

  • Bon, nota jarrico diçut,

    Eguia deritzot, revisionismoa modan dagoela euscal politican. Eguia da ere, hautescundeac gauça barregarri/negargarri bilacatu direla. Eguia borobila escuin muturraren mamuarequin sarcen diguten beldurra, ascoz latzagoa içan baita gure herriarençat PSOE VOX baino. Eguia, euscaldunoc urrunago beguiratu behar guenuqueela. Bainan çure naziogintza proposamen horretan haimbat gauça ahanzten dira, importancia erabatecoac eta documentatuta daudenac.

    Euscalguinça hori certan oinharritu behar liçarteque, ez balitz criterio empiricoetan ?

    Statuen asimilacio procesua porrota liçateque euscaldunac gure buruaren jabe eguingo baguina, eta hori gueuri dagoquiquegu. Elementuac ba daude, baina cergatic ez dituçu mahai gainean jarcen ?

    Eguia da alderdi ustez aberçaleen integracioa Espainian, horregatic nic ez dut vozcatzen (Francian ecinezcoa da jada, francesec argui baitute euscal herrian egonda ere francesac bacarric direla). Hala ere, eta hor contradictionearen importancia, euscal alderdiec Francian aurrerapausu nabarmenac eguin dituzte. Berdin corsoec, berdin içandu liçateque Rioxan Vasconiarequico, norbaitec bertaco euscararen aldeco asmoa lagundu ukan balu.

    Contradiccioa. Mao Chinaco Kybernete Handiac horri importancia handia emaiten cion. Contradictionean dagoque muguimendua ekar leçaqueen ideia.

    Nationeguinça berritua. Eguia da behar liçatequeela, euscal herri ossoan. Bainan hor problema dago Rioxa eta Huesca campoan uzten bada. Orocorrean recyclage batez ari çara. Recyclage nationala planteatuta dago duela 40 urthe, eta ‘naziogintzan’ cihardutenec ez dute hura usaindu ere eguin.

    Eguia euscara ardatz içan behar dela. Bainan ez duçu esaten, euscara munduan nor içateco, integratu behar duela cultura grecolatino ossoa, berce hizcunça nationalec orain dela mende haimbat eguin duten beçala. Hor dago nationeguinçaren muina, eta ez duçu aiphatu.

    Beraz, çure idazlana orocorrean ondo escas bat da. Çalançan nago 4,5 eta 5,5 artean. Asmo cinço bat ikusten dudanez 5,3 jarrico diçut. Ados ? Ez da nota charra.

    Adeitassunez

  • Karmelo Landa 2023-02-20 20:41

    Kaixo Koldo, egia esan eztabaida hauek euskaraz garatu nahi ditut, eta zurean gehiago agertzen dira XVII. mendeko italiera eta oraingo gaztelera. Nik euskaraz erantzungo dizut. Ipuinaren erreferentzia eta ondorengo Galileoren aipua ez daude testuinguru zehatzean jarrita eta ezin ditut interpretatu, ez dakit ipuina edota mugimendua aipatzean zertaz ari zaren. Ondoren gazteleraz datorrena gaur bertan GARA egunkariak hizkuntza horretan argitara eman duen editorialetik egindako entresaka da, eta irakurri dut editorial osoa (kasu honetan ere, nahiago nuke GARAk euskaraz atera izan balu, ez dakit zergatik tematzen den egunkari hau gauza mamitsuak Gaztelako hizkuntzan eskaintzen). Edukietara joanda, GARAk aditzera eman nahi duena oso gardena da : PP eta Aznar aipatzen ditu bai EGINen bai Euskaldunon Egunkariaren itxieren errudun gisa, Estatu espainiarra gobernatzen ari zirenean, eta azken mezu hau ematen du (zuk hemen aurkeztu duzuna, hain zuzen): “jende hori bera itzuliko balitz, agian gauza bera egingo lukete orain”. Hau da, beste mazu ugaritan luzatzen diguten mamu gaiztoaren itzuleraren mezua.
    Bada, ni ez nator bat azterketa horrekin, intentzionatua delako (hobe gaude gobernu espainiarrean “beste batzuk” daudenean, eta kontuz!), ez daitezen berriro PPko horiek itzuli eta joka dezagun, beraz, Espainiako gobernu “progresisten” alde). Horrez gain, ez duelako errealitatea den modukoa agertzen. Gogoratzen duzu EGIN bera itxi aurretik nolako kanpaina egin zuten itxiera haren bila bai PPk, bai PSOEk, baita Jaurlaritzako barne-kontseilari ezagun batek, adibidez?. Edota Estatu espainiarreko zein bertoko zenbait arlo mediatikoetan egin zutena? Ez zen PP, Estatu espainiarra eta haren alde ziharduten/diharduten agente ugari saiatu ziren bai EGIN bai Euskaldunon Egunkaria erasotzen. Euskaldunon Egunkariaren kasuan, horrez gain, euskarofobia eta supremazismo espainiartzalea ere hor ziren, jakina. Euskara bera ezabatuta guztiak gazteleraz/espainieraz hobe elkar ulertuko genukeela pentsatzen zuten/duten horiek, alegia.
    Eztabaida gune hauetan euskaraz eta argi mintzatzeko baikaude, ene ustez.

  • Karmelo Landa 2023-02-20 20:57

    Alexander saiatu hori,
    Irakurri ditut zureak (batzuk izan dira) nire aurreko artikuluari eskainiak ZUZEU agora bikain honetan, eta orain ikusten dut itzuli zarela artikulu berri hau edota ni neu epaitzera. Umore kodean erantzuteko parada egokia eman didazu, irakasle ofizioan jarri baitzara, baina ikasgai horiek edukian eta itxuran ere Federiko Krutwig adiskide eta maisu estimatuari aditu bainizkion aspaldi, Bilbo honetan bertan, maiz eta oso hurbiletik. Estimatzen dizut, beraz, ahalegina, baina ikasgaia ezaguna dut, eta puntuazioa ez dizut, honenbestez, kontuan hartuko. Gainontzean, eduki zehatzen gainean eman nizun erantzuna aurreko artikuluaren inguruan erantzun nizunean, eta ez nuke nik behintzat errepikarik ez kopiarik egin nahi, azterketarako kopia egitea oso gaizki ikusia baitago akademia eremuetan.

    Adeitasunez,

    Karmelo

  • Landa jauna,
    Placer bat içan da çurequin eta Benat gure laphurtar adisquidearequin solhastatzea. Ideiac partecatu ditugu, batzuetan ados edo ez hain ados egonic. Hori ecimberceco baldinça da euscal democracia batençat, ez ? Euscaldunen artean solhastatu gara gure nationaearen inguruan, agora cybernetico honetan. Ondo da hori.
    Baquea emanen drauçuet, momentuz, nere bercelaco gaucetan centratzecotz.
    Mila esquer, eztabaidaraco tarte hau escainceagatic, benetan.
    Adeitassunez
    Aletchu

  • karmelo Landa 2023-02-20 21:27

    Eskerrik asko zeuri, Aletchu. Eztabaidak beti dira argigarri, eta ZUZEUk ematen digun aukera aparta da benetan. Jarrai dezagun, beraz, Euskal Herria eraikiz eztabaidez eta ekintzez.
    Besarkada eta hurrengora arte

    Karmelo

  • Gure nazio honek bizirauteko tentsioa behar du, eta gaur egungo dinamika errebisionista asimilitzaileek tentsio hori erabat desaktibatu dute. Eguneroko bizitzatik euskal gatazka desagertu da, eta belaunaldi berriek euskal/espaniar auzia oso urrun ikusten dute, espaniar izaten eroso sentitu gaitezen lortu dutelako. Naziogintza aktibo eta estatu frantses zein espainiarrekiko suntsitzailea behar dugu, gatazka agerian uzten duena, bestela jai dugu.

  • Eta tentsio hori bada, baina guk geuk moteltzen dugu, egunero espaloitik jaitsiz, beharbada beldur diogulako konfrontazioari, edota, hobeki esan, konfrontazio horri zabalkundea emango dion kontakizun nagusiari. Ongi baitakigu euskalduntasunari eusteak zer-nolako erasoak eta akusazioak dakarzkigun. Izan ere, antieuskaldunak, izan erdaldun zein euskaldun, guztiz lotsagabetuta eta ahaldunduta daude, badute-eta boterearen sostengu erabatekoa. Horra gure erronka: subalternitatetik ahalduntzea.

  • Begiramen guztiarekin, Karmelo:
    Nik idatzitakoek ez dute gaztelania sartu nahi izan eztabaidan, ezta hurrik ere.
    Baina uste nuenaren kontra, badirudi azalpenen bat behar dutela.
    Bi flash besterik ez dira.
    Lehenari dagokionez, argi dago hemen ez dela mugimendu fisikoa edo heliozentrismoa epaitzen. Ez, beraz, Galileoren esaldiari begiratu esanahiaren aldetik. Errealitatea eta haren pertzepzioa azpimarratu nahi nituen, nire hitz propioak erabili gabe.
    Nahi dudana esan dezaket nik errealitateaz, baina errealitatea hor egongo da egoskor, den bezala, niri kasurik egin gabe. Eta ukaezina da
    GARAko editorialetik hartutako azken esaldia errealitate horren egoskortasuna eta pertzepzio desberdinak konstatatzera zetorren.
    Bistan da pertzepzio desberdinek estrategia politiko desberdinak diseinatzera eramaten dutela. Edozelan ere, gure estrategia ezin da heliozentrismo politikoa ukatzetik edo ez ikustetik abiatu.
    Eman dezagun gu biok bat gatozela, momentuz Estatu frantses genozidaz ahaztuta, Hegoaldeko euskal mundua suntsitzen eta desagerrarazten saiatzen direnak estatu espainiarra bera eta haren kumeak direla pentsatzean. Suposatzen dut bat gentozkeela estatu horrek gurekiko duen botere omnimodoaren apreziazioan ere, hein handi batean (aparte utzi momentuz EB, IAIE eta bestelako ugazabak) haren baitan baitaude agintea, lege sistema eta hura aplikatzen eta aplikarazten duten morroiak.
    Menpekotasun maila hori ikusita, hurrengo analisi urratsean ez genuke kontuan hartu beharko ea nola eta noraino eragin genezakeen harengan, bizirauteko soilik ez bada ere?
    Aurrerago zehaztuko genuke nola jokatu, baina analisian ez litzateke komenigarria izango gutxienez estatu-kumeen artean bereizketaren bat egiten saiatzea? Berdintzat hartuko genituzke aginteguneetara iristen diren edo iritsi litezkeen kume guztien ikusmoldeak eta jokabideak? Ez ote dago (hau ez da mamu-ipuina) ideologikoki antipodetan egotegatik, unean uneko baliabide guretzat arriskutsuenak erabiltzeko eta gu mapatik ezabatzeko betidanik gertuago egon denik? Ez ote legoke hainbat arlotan gugandik hurbilago egon litekeen kumerik, PSOEren zentralismo fagozitarioaren atzaparkidea bada ere?
    Ez genituzke estrategiak finkatu eta jolas taktikoak moldatu beharko hori guztia aztertu eta baloratu ondoren? Posibilismoa? Saldukeria? Errebisionismoa? Itxaropena pizteko itxaropena? Baliteke…
    Baina ba al dugu, hori egin gabe eta aurri-hondakin hauek ikusita, geure bataila atontzen hasteko eta irabazteko baldintza objektiborik?
    Aurrekoak ez lioke ezer kendu beharko zuk aipatzen duzun nazio-gintza aktiboan segitzeari, alderantziz baizik, trinkotu eta irmotu egin lezake gaur egun, globalizazioak eta desideologizazioak tarteko, gero eta ahulduago dugun ustezko komunitate hau.
    Betiere hizkuntza erdigunean jarrita, jakina.

  • Bikain, Karmelo.

    Gure zapaltzaileari zakila gozokiro miazkatzen diogu, maiteko gaituelakoan. Baina atzetik zakar eta baselinarik gabe ematen digu. Ez da harreman parekidea.

    Naziogintzari koiuntura guztien gainetik eutsi behar zaio, beti, eta gaurdanik. Beranduegi ez ote gabiltza dagoeneko?

  • Karmelo Landa 2023-02-21 18:40

    Kaixo Koldo, ikusten dudanez eztabaida sakonean sartzen ari gara, eta hori oso ona da baina ahalegin berezia eta espazioa ere beharko ditugu. Zure bigarren idatzian nazio menderatuetako matxinatu guztiei planteatzen zaien dilema klasikoa aurkezten duzu: nola egin aurre estatu menderatzaile indartsuei? Nola lortu gure nazio menderatua askatasunera eraman dezakeen estrategia egokia definitzea eta abiatzea? Diagnostiko egokia egitetik hasi behar dugu, jakina. Orain eta hemen egin dezakedan gauzarik zuzenena, nik uste, da zurekin partekatzea azkenaldian horretarako egin dudan/dugun lanaren sintesi bat eskaintzea. Apur bat luze joko du, baina uste dut, zinez, ezinbestekoa dela arazoa ondo kokatzeko, modu ahalik eta zientifikoenean, esango nuke. Hor doa, beraz:
    EUSKAL NAZIOGINTZA FRANKISMOTIK TRANTSIZIORA ETA GAURTIK AURRERA. EZTABAIDARAKO ESKEMA 33 PUNTUTAN:

    1).- EUSKAL NAZIOGINTZA FRANKISMOAREN GARAIAN:

    1. Frankismoan, arlo politiko edota instituzionala nabarmen arrotzak eta inposatuak ziren.

    2. Hori horrela izanda, arlo ideologiko eta kulturalean kapital sinboliko propioaren jabe zen euskal naziogintza emergentea.

    3. Haustura agertzen zen euskal gizartearen habitus berrituen eta Estatuen sistema dominatzaileek garatu nahi zuten barne-kolonizazio logikaren artean

    4. Naziogintza berrituak nazio epika propioa sortzeari ekin zion orduan, habitus berri hori habitat propioa bihurtzeko helburuaz, arlo propioetan antolatutako errealitate objektibo eta subjektiboa lortzeko bidean

    5. Estatu-sistemen logika unibokoa ukatu eta oso bestelako nazio logika edo zentzun nazional berria kontrajartzen genizkion.

    6. Modu horretan, Estatuek ezin zuten dominazio sinbolikoa erabat kunplitu, kontrara altxatzen zelako nazio zapalduaren logika propio alternatiboa.

    2.- TRANTSIZIOA DEITUAZ:

    7. Kultura aldatu egin da, maila globalean eta, ondorioz, gurean.

    8. Lehen mailako errealitate objektiboan gertatu diren aldaketek (nazioarteko ekonomian eta politikan, estatuen mailako arlo politiko-instituzionaletan) bigarren mailako errealitate subjektibora ere kultura eta ideologia aldaketa sakonak eratorri dituzte.

    9. Habitus desberdinak garatu dira, maila globalean eta, ondorioz, nazio mailan ere bai. Gizarte portaerak oso bestelakoak dira horren ondorioz: jokabide hutsalak edo funts gabeak gizarte bizitzan, denborapasaren ohitura, “macdonalizazioa” , kontsumo funts gabearen azpi kultura.

    10. Horrek guztiak botere berri urrunduen soziologia salatzen du, aginte arrotz eta kontrolaezinena.

    11. Egitura sozial globalizatu eta uniformizatu honek bere tresna zein jokaera espezifikoak dakartza, internet bitarteko eta eremu horietan gertatzen den ingelesaren nagusitasun ia erabatekoa, gaztelerarekin eta frantsesarekin bat egin euskal nazioaren alienazioa azkeneraino eraman eta betikotu asmoz

    12. Euskal Herrian bertan aldaketa horien eraginak modu sakonean aldatu du gizarte bizitza azken bi hamarkadetan. Lehen estatuekiko kontradikzioa eta gatazka nagusi ziren eremuetan, kontsentsua eta estatuen legitimazioa ari dira hedatzen orain.

    13. Arloa eta habitusa sintonian kokatzen direnean gertatzen da kontsentsua

    14. Bada, arlo politiko-instituzionalean, estatuen eta euskal alderdien sistemaren artean kontsentsu zabal eta sakona garatzen ari da.

    15. Estatua, lehenago kuestionatua izan eta borrokatua izatetik, arlo partekatu berean kokatzen den eta habitus berekoa den sistema izatera aldatzen ari da. Horren ondorioz, euskal alderdiak kapital sinboliko propioa galtzen ari dira, estatuaren beraren mundu ikuskerarekin bat eginez.

    16. Euskal alderdiek estatuaren beraren arlo berean lehiatzen dira, haren kongresuan, haren hauteskundeetan, haren aliantzetan eta helburuetan parte hartuz. Ondorioz, konfrontazioa eta alternatiba erabatekoak abandonatu egiten dira, arlo eta habitus propioak sortzeko borrokak ahaztu egiten dira. Espainiar gobernu eta alderdi “progresista” delakoekin komunioan.

    17. Ondorioak hilgarriak izan daitezke euskal naziogintzarako.

    18. Arloa eta habitusa ados jartzen badira, dagoen egitura mantendu egingo da, ezer garrantzitsua aldatu gabe.

    19. Estatu aparatu desberdinak krisi larrian sartu arren, hala justizia sistema nola monarkia edo autonomien sarea, kontsentsu nagusi horrek bere horretan mantentzen ditu estatuaren arlo desberdinak, habitus partekatuari esker

    20. Biolentzia sinbolikoa mantendu egiten da Euskal Herriaren aurka, baina ez du erantzunik jasotzen alderdi euskaldunen partetik. Erabakitzeko eskubidea ukatu egiten zaigu, euskara baztertua eta menderatua da, Euskal Herriaren beraren existentzia ukatu egiten zaigu, baina ez da horren aurkako erreakziorik gertatzen

    21. Biolentzia sinbolikoa komunitate baten aurka garatzen da beti ere komunitatearen beraren onespenaz. Adibidea: hizkuntza politikarena; elebitasuna finkatu izan da ordena demokratiko berri horren printzipio nagusi, eta elebitasunaren inguruan gauzatu da kontsentsua; bada, elebitasun horren azpian gertatzen ari da euskararen ordezkatze prozesu izugarria, estatuaren aparatu guztiak euskara baztertzera bideratuak, eta euskaldunon aldetik zorioneko elebitasun hori bedeinkatuaz eta eskatuaz.

    22. Estatu arlo desberdinen defentsan Estatu aparatu guztiak aktibatu dituzte. Alderdiak eta komunikabideak dira Estatu-aparatu hauetako bi

    23. Komunikazioaren teknokraziak ordezkatu du benetako informazioa , eta komunikazioa zentzu bakarrekoa bihurtu da, goitik beherakoa. Teknokrazia horretan leku aparta hartu dute inkestek, tresna ideologia konformatzaileak . Iritzi politiko eta ez-zientifikoak inposatzen dituzte jendartean, habitus ofiziala ideologia nagusi bihurtuz.

    3.- HEMENDIK AURRERA ZER EGIN:

    24. Zer egin horren guztiaren aurrean? Euskal Herria aintzat hartu. Euskal Herriari nazio antolaketa demokratikoa eskaini behar diogu, Estatu independente moduan antolatu.

    25. Proposamen errealista gauzatuz, egiangarria, hau da, batez ere geure barne-indarretan oinarritua, autozentratua, ez estatuen balizko adostasun eta baimen ezinezkoetan.

    26. Nazio osoa behar dugu, hau da, polisistema osatu eta propioa; ezin gara gutxiagorekin konformatu.

    27. Euskara da naziogintza positiboaren ardatza. Kapital sinboliko propioa euskararen eta euskal nazio beregainaren inguruan elikatu behar dugu.

    28. Dominazio sinbolikoaren ordez, borroka harremanak eta konfrontazioa izan behar dira nagusi estatuekiko harremanetan.

    29. Elebitasuna”ren printzipio antizidentifikoia eta maltzurra behingoz baztertu eta euskararen nagusitasuna bilatu behar dugu Euskal Herri osoan.

    30. Euskal Herri barruan egiten den erdara, dela espainiera, dela frantsesa, zuzen-zuzenean euskararen aurkako erasoa dela, nahi eta nahi ez, borondaterik onenean egina bada ere, bere tokia kentzen diolako euskarari, euskara ezinbestekoa dugunean nazio eraikuntzan.

    31. Ezin dugu Estatuen balizko logika demokratiko instituzionala partekatu, logika unibokoa eta inposatzailea delako.

    32. Ezin dugu Estatuekin arlo bera partekatu, arlo propioak garatu behar ditugulako. Arlo desberdinek logika desberdinak dakartzate, ezinbestean. Arlo propioak, habitus propioak, subjektibitate berezia sortu behar ditugu. Habitus berri horiek habitat berritua bilakatu arte.

    33. Euskal naziogintza oinarri propioetan sustraitu eta Euskal Herri osora garatu.

    Horraino eskema sintetizatua. Bertsio laburrago bat ZUZEU honetan bertan idatzi nuewn, Eztabaida Nazionala deiturako eskatu zidatenean, eta titulu honen pean aurki dezakezu ZUZEUn bertan : “NAZIOGINTZAREN OINARRIETAN”.

    Hasi duzun eztabaidan aurrera egiteko lagungarri izango zaizulakoan,

    Karmelo