Euskal Herrian torturaren salbuespenak oraindik iraun, badirau
Euskal Herrian torturaren salbuespenak –
Espainiako Konstituzio Auzitegiak ez du onartu Iratxe Sorzabalek aurkeztutako helegitea eta, aldiz, berronartu du, tortura salaketari jaramonik egin gabe, Espainiako Auzitegi Nazionalak Sorzabali ezarri zion 24 urteko kartzela zigorra.
Honen harira, gogoratu beharra dago Silverthorne Lumber Company kasua, alegia, joan den mendeko hogeiko hamarkadan Estatu Batuetan ezarritako jurisprudentziaz hitz egin behar dugu honi buruz aritzerakoan.
Auzi hori berrehun eta berrogeita hamar dolarreko isunarekin eta espetxe zigor txiki batekin amaitu zen. Herrialde horretako Auzitegi Gorenak lehen aldiz ezarri zuen susmagarri baten aurkako frogak ezin zirela edonola lortu, gizabanako baten oinarrizko eskubideak urratuz, esaterako.
«Eta zer zerikusi du duela ia mende bat ezarritako doktrina horrek Euskal Herriko torturaren praktika sistematikoarekin?», galdetzen ariko zarete.
«Zuzenbide klase bat emango al digu honek?», beldur izango zarete. Ez, ez kezkatu. Gaia sinplea da: doktrina hori Espainiako Erresuman ere aplikatzen baita 1984tik, Konstituzio Auzitegiaren epai baten ondorioz.
Argi dago Espainiako auzitegietan euskal militanteen aurka emandako epai gehienak Poliziaren bulegoetan tortura erabiliz lortutako autoinkulpazioetan oinarritzen direla, eta, aldi berean, epaileek tortura haiek ikusezin bihurtu dituztela urteetan zehar, politikarien eta komunikabideen ezinbesteko laguntzaz.
Milaka urteko kartzelaldiak eta dozenaka mila torturak (Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren ikerketek dagoeneko 5.000 kasuri buruz hitz egiten badigute ere, nire esperientziagatik behintzat, ziur nago kopuru horren bikoitza baino gehiago izango direla) ekarri dituzte frogarik gabeko kondenak, justiziaren mesedetan berrikusi beharko liratekeenak.
Iratxeren kasuan, ikusten dugun bezala, Estatu espainolean ez da hori orain arte burutu, tartean euskaldunak badaude behintzat. Beraz, ezkutuko errealitate izugarri bat, kontzienteki ezabatua, argitara atera behar da gizarte osoaren onerako, memoria demokratikoan sakontzeko eta milaka biktimaren erreparaziorako.
Horregatik, torturatu horietako batzuk (ehunka, ziur asko) larunbatean, hilak 15, bilduko gara Donostian, Iratxeri gertatu zaiona errepika ez dadin eta, aitzitik, ahal den neurrian auzi hori konpontzen saiatzeko ideiaren inguruan. Kitatu beharreko zorra baita.