Euskal Herrian Euskaraz elkarteen agiria. Durango, 1979

Euskal Herrian Euskaraz elkarteen agiria. Durango, 1979 –

Euskal Herrian Euskaraz elkarteen agiria. Durango, 1979

@Sorioneku txiolariaren txio baten bidez ezagutu dut: “Euskal Herrian Euskaraz” elkarteen sorrera agiria, 1979koa. Hona hemen. Ba ote du gaurkotasunik?

EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ” ELKARTEEN AGIRIA

Euskal Herriak (“Euskararen herria”, bere etimologian) hizkuntza nazionalari dagokionez azkenaldian daraman esperientzia penagarria da.

Honela euskara heriotzara doakigu. Euskaldunok orain bi urte demokrazian eta indar abertzaleengan ipinitako itxaropena, diglosiaren egia gordinean amaitu da. Orain, abertzaleak ez direnek ez ezik alderdi abertzaleek ere, neurri handi batean, euskara zokoratu eta marjinatu egiten dute. Gure alderdi etxekoetan, edota abertzaleetan, euskarak ez du aurkitzen benetako defentsarik. PNVkoek, ESEIk, EEk, HBk, eta abarrek ez daukate euskararen suspertzerako benetako asmo, programa eta praxirik. Gure udaletxeetan abertzaleak nagusi direlarik, ez da nabari, gehienbatean, benetako bilinguismo edo elebitasun baterako urratsik. Sasiefikaziak eraginda, aipatutako alderdiek erdara darabilte nagusien beren harreman, agiri eta batzarretan. Ikastolak, alfabetatze mugimenduak eta kultur taldeak dira, ia soilik, diglosia gaintzeko borrokan ari direnak.

Zifrak nahiko nabarmenak dira marjinazio horren arazoan. Adibidez, PNVren “Euzkadi” organoan, batzuetan, euskararen kopurua ez da %1,6 ematen; EEren “Hitz” organoan, berriz, azkenekotan espainolez idatzita dago ia erabat; HBren aldizkariek ere eta gauza bera Iparraldeko “Enbata” aldizkarikoek eta abarrek ez dute euskararen benetako erabilpen logikorik. Egunkarietan gertakari berbera dugu: hasieran %30 egingo zuela adierazi zuen “Egin”ek, eta gauza bera “Deia”k; gaur egun, ordea, %6 inguru dabil “Deia”, eta batzuetan, “Diario Vasco”k igandeetan baino gutxiago ere eman izan du; eta “Egin” %17 batetik, %7 edo %8ra jaitsi da; irratietan ez du inork errespetatzen, adibidez, Gipuzkoako euskaldunen kopurua (%49), dituen 320.000 euskaldunen arabera. Euskarazko irratsaioak, irratirik gehienetan, sinbolikoak dira, Herri Irratiak ezik; eta honek ere ez du sekula Gipuzkoaren euskaldungoaren arabera jokatzen.

Mitinetan, batzarreetan, gauza berbera. Efikaziagatik omen, euskalduna isilik eta “espainola” nagusi. Eusko Kontseilu Nagusiarentzat, era berean, euskara, “hizkuntza nazionala” hizkuntza arrotza eta estainua da.

Nahiz eta abertzaleak (PNV, EE, HB) udaletxerik gehienetan egon, oraindik ere hirietako errotulazioak, ia erabat, espainolez jarraitzen du; eta berdin merkatu eta autobideetako seinale nagusiak. Euskara maioriaren hizkuntza den herrietan ere, batzarrik gehienak erdaraz egiten dira.

Geroz eta gehiago da gauza nabarmena, hemen dabilen “vasco”aren kontzeptu geografiko hutsa; aspaldiko kontzeptu kultura orokorra, hau da, euskaldunarena, hizkuntzari lotua, bazrtertzen delarik.

Honela abertzaletasuna hemen, benetako eduki edo kontenidoaz hustuaz doa; Euskal Herria vaskoen herri den “Euzkadi deseuskaldun” bat bihurtzen delarik. Gure izatean kontzeptu geografikoak akzidentalistak dira, zeren-eta gure herriaren pentsakeran tokiak eta arrazak baino hizkuntzak eta euskarak eduki baitu esanahi nagusia, “euskalduna” (euskara-duna) hitzak adierazten duen bezala.

Gure herrian “euskal komunitatea” da (ez “vaskoa”) egoera hau bereziki sentitzen duena; euskaraz ez dakienak, generalean, ez du, azken finean, sufritzen gure hizkuntzaren marjinazioa, eta benetan sufritzen duena azkenean euskaldun egiten da noizbaitean.

Hori gutzia dela-eta, amnistiaren eta beste borroka politikoen alde sortu diren “gestora” delakoen antzera, euskararen aldeko “talde eragileak” sortu behar direla pentsatzen dugu, euskara espezifikoki diglosiatik eta heriotzatik salbatzeko; hemengo “alderdi abertzealeek”, zoritxarrez, betekizun hori gehienbatean ahaztuta dutelako.

Talde horien izena “EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ” elkarteak izango da, eta puntu minimo hauetan oinarrituko dira:

a) Elkarteen izaera berezia, erreibindikatzaile edo borrokatzailea izango da. Ez dira mugituko, beraz, kulturaren edo teknikaren munduan, erreibindikazio edota borrokaren mailan baino; nahiz eta, jakina, osoki apoiatu eta ontzat eman euskal kulturaren ekintza.

b) Erreibindikapen eta salaketa hori ekintza praktikoetan azalduko da.

d) Elkarte hauek autonomoak izango dira edozein partidu politikorekiko, eta aski da bertan parte hartzeko puntu minimo hauekin eta idatzi honen filosofiarekin ados egotea. Alderdi politikoetako buruzagi-karguak dituztenak, dena dela, ez dira elkarte hauetako zuzendaritzan egongo.

e) Elkarte hauetan dauden partaideek, norberaren egoeran eta partiduetan, euskararen marjinazioa salatzeko borroka gogorra egingo dute, diglosia “protestaren” bidez gainduaz.

f) Euskara izango da elkarte hauen hizkuntza egiazkoa eta faktikoa.

g) Euskararen minimoak eskatuko dira gutienez batzar, komunikabide, mitin eta abarretan; tokian tokiko proportzioa dena dela, beti kontuan hartuz.

h) Elkarte hauek elebitasun edo bilinguismo egoera guztiz iragankor edo trantsitorioa dela adierazten dute; bi hizkuntza elkarren ondoan bizi direnean, benetako orekarik ez baita ematen. Luzarora ezin daiteke bilinguismo iraunkor eta faktikorik eman; baina, gaur gaurkoz, benetako elebitasuna eskatzen dugu.

i) Jakinaren gainean gaude, bestalde, elebakar erdaldunak, ia beti, euskalduna bera “erdal monolingue” bihurtzen dutela: bai kalean, bai elizan, batzarretan eta abarretan. Diglosia gaintzeko, elebakar erdalduna elebidun bihurtu behar da; eta hau lortzen ez den bitartean, gaurko zapalkuntza salatuko dugu ekintza praktikoen bitartez. Botere publikoak dira errespontsable nagusi zapalketa honen menderapenean.

j) Elkarte hauen ekintza Euskal Herri guztira zabalduko da; hau da: IPAR ETA HEGO EUSKAL HERRIRA; eta tokian tokiko elebitasuna aterako da aurrera.

“EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ” elkarte hauen azpian, Euskadi EUSKAL HERRI (euskararen herri) benetan bihurtzeko asmo nagusia dago.

Gaurko egoeran euskararen aldeko minimoak ez dira betetzen. Euskararen presentzia komunikabideetan, irakaskuntzan (gaur EGBan bakarrik dago euskara, Euskal Herriko eskualde batean bakarrik, eta erdal zonaldean euskara lotsagarriro “voluntario” utzi delarik), eta administraritzan egiazko elebitasuna (gaur egun %6 inguruan dabilelarik) lortu arte.

Euskaldunok: Euskaraz egin dezagun. Euskaldun bezala ditugun eskubideak defenda eta eska ditzagun.

Euskaldun ez zaretenok: Euskara ikas. Euskara dohainik ikasteko duten eskubidea defenda eta eska.

Jakitun gara denok: ez dago Euskal Herririk, eta are gutxiago EUSKAL NAZIORIK, EUSKARARIK GABE. Beste abertzaletasun mota guztiak akzidentalak eta hutsalak dira; eta guk, geure eskubideetan zauriturik, gogorki erantzungo dugu.

EUSKARARIK GABE, EUSKAL HERRIRIK EZ.

Durangon, 1979ko azaroaren 4an.

“EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ” Elkarteak.

Euskal Herrian Euskaraz elkarteen agiria. Durango, 1979