Euskal Herriak gerrari EZ!
Aurten 85 urte beteko dira Gernika bonbez suntsitu zutenetik. Gernikan bezala, Durangon, Legution, Otxandion…Euskal Herriak, beraz, badaki gerraren minaz eta suntsipenaz. Gernika-Lumok, lehenengoetariko izu unibertsalaren lekukoak, garrasi egiten jarraitzen du gizateria axolagabetasunaren lozorrotik esnatzeko eta ozen aldarrikatu nahi du gerrarekiko gaitzespenik sakonena. Era berean, bat egiten du sufritzen ari diren “Gernika” berriekin, beraz, Ukrainak bizi duen gerrarekin, ahaztu gabe isilean geratu diren Palestina, Kurdistan, Yemen, Siria (eta herrialde horietako migratzaileak).
Gerra, eta berarekin batera, hildakoak eta migratzaileak. Gerraren hotsak gure kontzientziak astindu ditu beste behin. Gizonen gerra da Ukraina kolpatzen ari dena, beren lekua gatazkan aurkitzen duten arren arteko norgehiagoka zitala. Bien bitartean, emakumeak zapalkuntza erantsia pairatzen du, gatazka guztietan emakumearen gorputza delako okupatua eta bortxatua izateko lehen konkista lurraldea.
Ikuskizunaren makinariak, hedabide handien laguntzarekin, pagotxa aurkitu du gerraren bazkalekuan. Komunikazio-inkomunikazio ferian egia, berriz ere, sasi-interesen aldarean sakrifikatu da. Egiaren aldeko hitzaren indar askatzailea bahituta, giltzapetuta dago (Pablo Gonzalez gogoan dugu). Herritarra, ikusle soil gisa, tutoretzapean, telegidatua, bonbak bezala.
Pandemiak gure ahuldade globala jarri du agerian, eta Natura bere egoera itzulezinaren berri ematen ari zaigu. Ataka larri horien aurrean bestelako paradigma bat gauzatzear geundelakoan eta, hara non gerrak atea jo duen berriro. Gizonen aginteak beti du erantzun berdina krisi egoeren aurrean: gerra. Gure “lehen munduko” segurtasuna, bere ekonomiaren egonkortasuna eta bizimodu xahutzaile eta gehiegizkoa lehenetsiz, desberdina dena miseriara, mespretxura, menpekotasunera, injustiziara kondenatzen dugu, hau da, gerrara. Aberatsek sortua eta elikatua eta, betiko moduan herritarrek sufritua.
Ondorioz, lau aldarri plazaratu nahi ditugu.
- Elkarrizketa: Hitzaren kultura ardatz bihurtuz akordioak lortu daitezen.
- Bakea: Askatasunez erabakitzeko eta eskubide guztiak guztiontzat posible egiteko.
- Bizitza: Pertsona erdigunean jarriz eta zaintza eredutzat hartuta, bizitza aldarrikatu nahi dugu, askatasuna eta berdintasuna ardatz izango dituelarik.
- Burujabetza: Herrien burujabetzaren urraketa eta errespetu eza dago gatazka askoren muinean. Euskal Herriak ez du gerra egituretan parte hartu nahi (horrela erakutsi genuen orain dela 36 urte NATO erakundean sartzeari ezetza emanez). Finean, gure iragana oroitu, oraina erabaki eta etorkizunaren jabe izatea.
Bukatzeko, Gernika-Lumotik geure aurkakotasunik irmoena berretsi nahi dugu, eta eskatzen dugu armak isildu daitezela hitzari bidea emanez gerra gelditzeko.
Gernika Batzordea
OSO ONDO ENE BAILARAKO NESKA-MUTILOK!
eUTSI DAGOKIONARI ETA AURRERA BOLIE!!!