Euskal Herria Heterodoxiatik

Euskal Herria Heterodoxiatik –

Euskal Herria Heterodoxiatik Xabier ZabaltzaZein izan ote eta da Xabier Zabaltza Pérez-Nievas (1966) Tuterako seme, Historian Doktore eta egun Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle den intelektual heterodoxo bezain jakintsu honen pentsamendua urtetan iruten aritu izan dena? Erantzuna «Euskal Herria, heterodoxiatik» liburuaren ia 200 orritan biltzen da: Euskal Herriaren batasun kulturalaren aldarrikapena. Horratx, liburua osatzen duen artikulu bildumaren ardatz, oinarri, zutabe, iparrorratz,… bat eta bakarra, batasun kulturala, non egileak, euskarari aitortzen dion batasun horren ehunketan nagusitasun ia erabatekoa.

Kasik hiru hamarkadaz Aldizkaria, Argia, Berria, Egin, Euskaldunon Egunkaria, Fontes Linguae Vasconum, Hermes, Jakin, Papeles de Zabalanda, Vox Populi egunkari zein aldizkaritan eta argitaralpen espezializatu nahiz koedizio akademikotan argitara eman eta oraino freskotasuna darien, gaurkotasunik duten eta, oroz gain, gogoeta iturri eta pizgarri izateko gaitasuna atxikitzen duten artikuluak bereganatu ditu liburuak. Ez da, beraz, pentsamendu sistematiko bat ageri bertan, jakintza, datu eta iritzi uztartze bat baizik. Azpimarratzekoa da, alta, jorratzen dituenak nazionalismoan eta hizkuntzen historian aditua den historialari baten ikuspegitik eta hermeneutikatik, jorratzen dituela, ez hizkuntzalari batenetik. Euskarari gagozkiolarik, bixtan da, nagusi direla hizkuntzalari eta orotariko politikologoen datu eta iritzi pilaketak. Hori horrela, historialari honen lan bakanak eta heterodoxoaren bakartasunetik landuak, erakargarri egiten du bilduma honen irakurketa.

Orotara 48 artikulu dira, hiru multzotan sailkatuak: «Zenbat gara?», «Euskara eta erdarak» eta «Agosti Xaho». Lehen sailean, «Zenbat gara?» delakoan, Euskal Herria nazio bat dela dio egileak. Datu, data eta ñabardura nimiñoenak emanez aitortza hori egitearekin batera naziotasun aitortza dagokion lurraldeari bere osoan inoiz ere estaturik ez eratu izanak geroari buruz Frantziaren eta Espainiaren artean zubiarena egitea dagokiola dio: euskal nazioa bai, baina euskal estaturik ez. Beraz, azken mendeotan osatu den Europa politikoaren baitan Frantziaren zein Espainiaren status quo-a pragmatikoki onartzearen aldeko jarrera defendatzen du, euskal independentziaren ameskeria bazter utzita. Ber gisan, emeki-emeki eratu eta jada finkatu diren egitura administratibo desberdinen arteko harremana eta elkarlana sustatzea ezinbestekotzat jotzen du, oroz gain, euskarari hauspo emateko.

Bigarren multzoan, «Euskara eta erdarak» deiturikoan, Historian zehar euskal hizkuntzak zer lurralde hedapen izan duen eta horrek lurraldetasunean, nortasunean, identitate nazionalen osaketan dakarren guztiaz datu eta gogoeta interpelatzailerik uzten du. Zinez interesekoa ere gaelikoaren eta hebreeraren berreskuratzean izandako bilakaera desberdinak Irlandan eta Israelen, zein iradokitzen diren inferentziak. Eta, nola ez!, ia hogei urte joan diren arren gaurkotasun gero eta haundiagoa duen beste gaietako bat: immigrazioa eta eskubide linguistikoak.

Hirugarren eta azken multzoan, «Agosti Xaho» bataiatuan, Xiberuako pentsalari, Euskal Pizkundearen aintzindari, «Zazpiak bat» leloaren sortzaileari, lehenetariko euskal heterodoxo gnostikoari… Agosti Xahori eskaintzen dio protagonismoa. Izan ere, Xahoren aztikeriak eragin liluragarria izan zuen artikulu bilduma honen egilea euskaldunberritu zenetik. Agosti Xahok XIX. mendearen lehen erdialdean Euskal Pizkundean izandako eraginaz, hil ondoko hamarkadetako bere itzalaz eta XX. mendean euskarari buruzko ikerketetan zenbait europar hizkuntzalarirengan sortutako lilurak eta balizko eraginak dira aztergai. Bazter utzirik, hori bai, xiberutarraren mito sormenerako gaitasun liluragarri ahistorikoak.

Esan bezala, 48 artikulu dira, Historiari eta datuei zor zaien begirunez, koherentzia intelektualez, hermeneutika zorrotzez, politikoki zuzenak eta ortodoxoak ez diren «egiak» haizeratuz, iritzien ñabarduraz eraldatzen diren «egiak» hain egia ez direla aitortuz, dogmarik eta betiereko segurtasunik gabeko gogoeta gosez, egungo errealitate instituzioaletik abiatuz eta, oroz gain, euskara hainbeste maitatu, laudatu, salatu, mitifikatu,… baino eguneroko bizitzan komunikatzeko erabiltzeko aldarrikatuz, hona hemen, nafar euskaldunberri baten aldarri gogoetagarria.

Pablo Jose Aristorena

Galde 46 udazkena/2024

galdeEuskal Herria. Heterodoxiatik.

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude