Euskal Halloween, Fernandez jauna eta drakula
Euskal Halloween, Fernandez jauna eta drakula
Azkeneko urte hauetan jende asko egiten ari den bezala, neuk ere ekonomia arloko berriak gertutik jarraitzen ditut, gehienok bezala bertan azaltzen diren kontzeptuak eta gertaerak nekez ulertu arren. Esaten dutenez, ekonomilariak oso onak dira gertatutako aldaketa ekonomikoak ulertzeko, oso txarrak, berriz “azti” lana egiteko, eskuartean erabili behar diren faktoreak ikaragarri anitzak eta aldakorrak omen direlako.
Ekonomilariak ez izandagatik ere, eta azti doaiak ez baditugu ere, herritar asko Kutxabankekin gertatzen ari zenaz ohartzeko gai izan gara. Agerraldi publikoetan erakunde honen zuzendaritzan ari den taldeak behin eta berriz kontrakoa esan arren, ederki asko ulertu genuen kutxa publiko horiek “Merkatuei” eskaintzeko bidean ari zirela.
Botere ekonomikoen atzetik dauden persona aberats eta boteretsu horiek politikariak menpe hartu dituzten garain hauetan, edozein astakeria sinesgarria da. Europako agintegune ilunetatik iritsi omen zen kutxa publikoak fundazio bihurtzeko agintea. Erakunde horien alaba den Espainako Bankuak eman du azkenaurreko ziztada. Kutxabank fundazio bilakatzeko urratsa eman bezain laster, Espainako bankuak Kutxabankek akzioen %50a saldu behar duela ohartarazi du.
Ez gara horren inozoak. Hau guztiak alde aurretik idatzita zegoen gidoi bati erantzuten dio eta arimen eguna ospatzen den egunaren ataria gaudelarik, trhiller itxura hartzen diot orain . Beldurrezko filma honetan, Euskal Halloweena sortu da eta filmaren protagonistetako batek kapa eraman beharrean korbata janzten du, euskal drakula xurgatzailea, Mario Fernandez. Nire lagun batek egin duen kalkulo baten arabera, Fernandez jaunak egunean 1.400 euro irabazten omen ditu eta berak aitortu duenez, odezkaritza-gastuetarako txartel “beltza” duen kide bakarra da.
Ezbairik gabe Mario profesional itzela izango da, bere soldatak adierazten du, bere gain hartu duen erantzunkizunak egiaztatzen du. Penagarria, berriz, doai zoragarri horiek boteretsuen mesedetara jartzea.