Euskal gourmeta Espainiako selekzioaren elikagai
Euskal gourmeta Espainiako selekzioaren elikagai –
Soft diplomacy deitu izan zaio, kanpokoei irudi bat, mezu bat: batasuna, sendotasuna. Barnekoei, mami ekonomikozko azenario distiratsu bat eta akuilua: nazioarteko kirolean aurrera egin nahi izanez gero, bandera hori-gorriaren selekzioarekin behar, nahitaez. Frantziaren apoteosi-karanbola nazionalistatik libratu gara, baina Espainiak gola sartu du hilaren 14an, igandean, hau marka! Espainia marka: inposizioa, prebarikazioa eta ustelkeria alfonbrapean utzirik (tartean direla Pedro Rocha eta enparauak), Espainiaren kamiseta gorriak arrastaka limurtu ditu masak, zezenketako kapota bailitzan, gazte eta dinamiko. Eta haren salabardoaren xarman, EAJ, bere arimari sor, Espainiako selekzioaren partidarako pantaila eske. Ikus baleza Sabinek! Udalbatzaren erabakia onartzea bai, baina alde bozkatzea? Botoen salabardoa.
Kezkagarriago, nor salabardoan eror? Euskal Herriko gazteria, ES selekzioarekin sor eta lor, erreferente baliotsuen bila. Donostiako Parte Zaharrean, zorionez, Karmenak ospatzen ez ziren gutxi txarangaren lilurak eramanda, eta biba zuek. Aldiz, tropel bat eta gehiago bildu zen Anoetara, kamiseta gorridun ez gorritxoak. Pantaila liluragarrian zituzten zain beren ikonoak, rol models, Espainia markaren salbatzaileak: Oyarzabal eta Williams.
Ez dakit nor aritu zen Anoetan Reale Arena markako estadioan DJ animatzaile, baina Oihan Vega behintzat ez zen izan, hasieran iragarri ez bezala. Tartean diru kontuak eta agenda soilik ez zeudelakoan (bihotz, edo errai, zimiko bat sentituko zuen, beharbada). Xabier Azkargortak, berriz, nahiago izan du bandera jarri jiran, koloreak hori-gorritu zizki(n)an, konstituzionalki. Ibili ote zen “Gibraltar es español” jauzi eta dobla, ES selekzioko euskal herritarrak Madrilen antzera? Auskalo.
2022ko uztaila zen, eta 500 urte bete ziren Amaiurko Gazteluaren kontrako espainiar oldarretik (1522). Dudarik gabe, gure memoriaren leku bat, gure historiako une epiko bat: Karlos V.a enperadorearen espedizioak (bertan zirela ere euskaldun ugari, foruaren arabera) Amaiurri jarri zion setioa. 500 urte geroagoko efemeridean, Amaiur Sarriegi, Espainiako selekzioko kidea Espainiaren aldeko gola sartzeko zorian suertatu zen. Ez zen hala izan, eta batzuek behintzat lasai hartu genuen arnasa. Inposizioaren selekzioak ez zuen irabazi data oso sinboliko batean, oso gutxigatik. Eskerrik asko, Amaiur.
Euskal bikaintasuna bolo-bolo dabil, gourmeta puri-purian (gastronomian), basque team ere bai, zertarako eta Espainia marka puztu eta salbatzeko: euskal herritarrak bandera hori-gorrien eta arriba-Españen (eta, suertatuko balitz, a-por-ellos) inguruan dantzan. Inaxio Kortabarriak behin jarri zuen eredua. Hilabete inguru, euskal pilotari ugarik planto egin diete Frantziaren eta Espainiaren selekzioei. Galesek badu talde nazionala, Eskoziak ere badu. Duintasunez, behar dugu nazioarterako gure kirol soluzioa, orain behar dugu gure selekzio nazionala.
Euskal gourmeta Espainiako selekzioaren elikagai
Okaztagarria benetan Euskal gizartea nora heldu den. “Gure” alderdiek nazio aldarrikapenak hamarkada pasatxoz su txikitan jarri izanaren ondorio. Belaunaldi bat espainiarekiko guaismoan hazi zaigu. Emaionk orain horri buelta.
Nazio aldarrikapenak indartzen ez baditugu, jai daukagu, akabo Euskal Herria.
Garai batean ESAITek zuen lekua berrartu beharra dago. 2030ean mundialeko partiduak Donostian eta Bilbon jokatuko dira, gure lurrean, eta, gu, lehiatzeko aukerarik gabe. Bada denbora. Ordurako gai izango al gara erantzun MUNDIALA prestatzeko?