Euskal dantzan titulazio propioaren bila
Euskal dantzan titulazio propioaren bila –
EAEko hezkuntza sisteman ze leku du dantzak? Eta ze leku behar luke? Euskal dantzako titulua behar dugu? Ze ekarriko du dantza eta musika eskolen inguruko dekretu berriak? Galdera horiei erantzun nahian eta bueltan-bueltan sortutakoen inguruan aritu da Josu Garate Dantzan Ikasi Topaketetan.
EAEko hezkuntza arautuaren mapa
Hasteko, EAEn Hezkuntza arautuari lotzen zaion organigrama ekarri du mahai gainera, eta Derrigorrezko Lehen eta Bigarren hezkuntzetako curriculumak kuxkuxeatu ditu. “LHn dantza oso puntualki ageri da. Hautazko ahalegin batzuk badaude, kasu gutxi batzuetan eskola orduetan eta gehiagoetan eskola orduz kanpo; DBHn ere antzera”. Musikak duen lekuarekin alderatuta datu esanguratsuak ageri dira; dokumentuetan egindako bilaketa sinple batek LHko curriculumean musika 166 aldiz erakusten digu, eta dantza, berriz, 18 aldiz; euskal dantza pare bat aldiz. DBHkoan, berriz, musika 406 aldiz, dantza 92 eta euskal dantza bat ere ez. “Musika bide akademikoan aspaldi sartu zen, baina norbaitek erabaki zuen gu bide horretatik kanpo jardutea”.
Behin derrigorrezko horiek bukatuta, Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako zikloetan ez dagoela dantzarik azaldu du Garatek eta “unibertsitateak ere arte eszenikoen munduarentzat ez du lekurik”. Badira bide propioa egin duten irakaskuntzak, hori litzateke nolabait araututa dagoen bidea eta Dantzerti aipatu du, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskola.
Garatek barrutik ezagutzen du Dantzeti, euskal dantzako irakasle baita bertan. Azaldu du ze leku duen bertan euskal dantzak, “bigarren urtetik aurrera, hautazkoetan, euskal dantzako ibilbidea dago martxan. Graduak 240 kreditu ditu eta euskal dantzako ibilbideak 14 kreditu. Horrek zertarako balio du? Ez dakigu”.
Gasteizko José Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioa ere aipatu du, hau da EAEko dantza kontserbatorio bakarra, “dantza ikasketa horiek egin nahi dituenak Gasteizera joan behar du. Euskal dantzak ordutxo batzuk ageri dira, baina gauza handirik ez”.
.
Dantza eta musika eskolen dekretu berria
Jaurlaritzak onartu berri duen musika eskolen dekretua ere aipatu du Garatek, ze egosi den eta zer egosten ari den. Musika eskolak zirenak dantza eskola ere izateko aukera izango dutela aipatzen du, eta orain arteko paradoxa gogora arazten du: “euskal dantzak lekua izan du, erro tradizionaleko instrumentuak sarbidea zutelako eta hor sartuta zegoen dantza”. Musika eskoletan irakasle aritzeko tituluak behar zirela dio, baina euskal instrumentuek eta euskal dantzak titulaziorik ez dutenez habilitazioak asmatu zituen Jaurlaritzak.
Habilitazio horien erabilerari aurre eginez, dekretu berria musika eta dantza eskolen iniziatibatik bultzatu dela azaldu du Garatek, “dekretu berrian dantzari bere lekua osotasunean emango zaio, baina indarrean dauden dantzako graduko titulazioak eskatuko dira”. Ez du argi ikusten Garatek hemendik aurrera zer gertatuko den, “ez dakigu zer gertatuko den habilitazioekin, musika eskolek amaitu nahi dute horiekin. Graduatuak nahi dituzte edozein espezialitatetan eta pedagogian; irakasleak nahi dituzte eta ez interprete onak”.
Euskal dantzatik sumatzen den gabezia nagusia oraindik nabarmenago da orain: euskal dantzako gradurik ez dagoela. Antzeko bidetik, Garatek azaldu du nola habilitazioekin amaitzeko trikitxaren kasuan gradurako bidea aktibatu den, “dagoeneko Madrilen dago trikitixa egon dadin musikako beste ikasketen pare, hau da, Musikenen aukera egongo litzateke trikitixarekin sarbide froga egiteko. Ikaslea graduatua izango da trikitixa duela instrumentu nagusia”.
.
Euskal dantzen gradua nahi dugu?
Trikitixarekin egindako bide bera hasia duela dio Musika eta Dantza Eskolen Elkarteak euskal dantzarekin. Izan ere, euskal dantza ez da inon ageri. Egungo araudiak ofizialki lau diziplina aitortzen ditu bakarrik: dantza klasikoa, garaikidea, flamenkoa eta española. “Dekretua aldatu behar da beste diziplinei aukera emateko eta gero forma eman, curriculuma osatu”. EHMDEren eskariz lan-talde batek euskal dantzaren curriculum zirriborro bat prestatu du eta dagoeneko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailean dago, ikusi egin behar ea Madrilen nola hartzen duten”. Garatek ikusten du lege horrek aurrera eginda agian kontserbatorioan euskal dantzaren ibilbide osoa egiteko aukera egongo dela, “Dantzertira sarbide probak egin nahi dituen dantzari batek orain klasikoko eta garaikideko proba egin behar du, gauzak ondo bidean, euskal dantzarekin sartzeko aukera izango luke”.
Baina galderak sortzen zaizkio Garateri: “Hori al da bilatzen duguna, euskal dantzan graduatua? Badu zentzurik, dantza eskolan hasi, sei urte kontserbatorioan aritu eta gero gradua egiteak? Badago edukirik, hartzailerik?”.
Nahiko lainotuta dago oraingoz titulazioaren bidea ibilbide horretan, baina aipatu nahi izan du, azken urteetan, arte irakaskuntzan gauza asko egosten ari direla, “batzuk konturatu dira irakaskuntzatik kanpo egon diren eduki eta konpetentzia batzuk izan direla eta orain sisteman sartu nahi dira, baina ez dakite nola egin. Egosten ari den azkenengoa da arte irakaskuntzei dagokien lege berria Madrilen. Goi mailako arte irakaskuntzei eragiten die eta, zeharka, kontserbatoriokoei”. Goi mailako irakaskuntzari dagokionean unibertsitatean euskal dantzei lekua emateko ahalegin batzuk egin direla ere aipatu du, EHUren Udako Ikastaroetan, adibidez; horretaz gain 2016-2017 ikasturtean eskaini zuen “Euskal dantza: tradiziotik sorkuntzara” berezko titulua.
.
Hamaika kezka eta zalantza
Garatek hainbat zalantza eta galdera planteatu ditu hitzaldian eta publikoaren artean ere sortu dira. Oier Araolazak honakoa egin du: “Dantzertin egon daitezke ikasleak sarbidea egin dutenak klasikoan eta garaikidean trebatuta daudela, eta horiek euskal dantzako 14 kreditu egiten badituzte, graduatu ondoren musika eta dantza eskoletan euskal dantzako irakasle izate aukera izango dute?”.
Garatek erantzun dio ikasleren batek ere galdetu izan dio hori eta hona erantzuna: “esan nion arduraz jokatzeko. Irakasle jartzen garenean ardura handia hartzen dugu eta zintzoki jokatu behar dugu. Musika eskoletan batzuetan eskatzen da irakasleak ematea euskal dantza, klasikoa, garaikidea eta hip-hop; ingelesa, frantsesa, alemana, gaztelera eta euskara pertsona berak ematea bezala. Baina gero tribunalean inork ez daki euskaraz”.
Garatek uste du Dantzertin lortu dutela euskal dantzarekiko sentsibilitatea, “gose eta beharra sentitzen dute ikasleek, baina sumatzen dute 14 krediturekin ez doazela inora. Niretzat ez da bidea kreditu gehiago eta ez dakit gradua den amesten dudana”. Garatek uste du askotariko irakasleak formatu behar genituzkeela agian eta horretarako hainbat bide egon daitezke: Lanbide Heziketa, UEU…
Amaitzeko, Araolazak hartu du mikrofonoa: “Hezkuntzaren antolamenduak baldintzatzen gaitu. Arteak erregimen berezi batean daude sartuta, horregatik dantza ez dago jario nagusian, baizik eta saihetsean”. Eta horrek egoera arraroak ekartzen dituela dio: “beste edozein jakintza alorretan ibilbidea egiten duzu Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan eta jarraian lanbide heziketan edo unibertsitatean. Eta 16-18 urtetik aurrera hasten da zure ofiziorako espezializazioa, baina erregimen berezian gaudenen ikasketetarako Derrigorrezko Hezkuntzak ez du bermatzen alor horietako oinarrizko hezkuntza”. Ondorioz, ikasleak Derrigorrezko Hezkuntzatik aparte beste formazio gehigarri bat jaso behar du, “Derrigorrezko Hezkuntzarekin bakarrik Dantzertin ez zara sartzen. Erakutsi behar duzu badakizula dantzan eta ez nolanahi”. Araolazak bere hitzaldian esandakoak berretsi eta alfabetatze unibertsala aldarrikatzen du: “arte eskolak baino hizkuntza eskolak behar ditugula, hizkuntzak ikasi behar ditugu eta eta hizkuntzak ibilbide arruntean ikasi behar ditugu, dantzan ere alfabetatu behar gara”.
Euskal dantzan titulazio propioaren bila Euskal dantzan titulazio propioaren bila