Euskal brigadistak: herriok independentzia!!!

independentzia1Abya-Yalan jatorrizko herrien borrokei eta prozesu bolivartarrari erreparatu diegu berriz ere. Zorionez ikusten dugu aurrera pausuak ematen ari direla eta, nahiz eta barne zein kanpo mehatxuak, trabak eta erasoak etengabeak izan, borroka eta prozesu horien sendotasuna gero eta handiagoa dela.

  • Boliviak segitzen du erakusten espaniar konkistaren 500 pasa urte joan direnean eta kriolloen independentziaren 200 urte betetzen diren hontan, jatorrizko herriek badutela beren burua gobernatzea eta beren geroa bermatzea.
  • Venezuelan sozialismoaren eraikuntzak mehatxu militar, politiko eta mediatikoei egunero egin behar die aurre eta hala ere misioen bidez, beheko klaseek sekula ezagutu ez duten eskubide maila eta etorkizuna dute.
  • Argentinan hamaika herri mugimenduren borroka ezagutu dugu espaniar kolonialismoaren ondoren, Munduko Bankua eta FMIk ezarritako neokolonialismoari aurre egiten diotenak, benetako askapen sozial eta nazional baten alde.
  • Eta ezin ahaztu Uruguayko herriak, beste behin ere erakutsi digun samurtasuna, Montevideoko kaleetan Fernando eta Robertoren oroimen bizia egiteaz gain, ikurrinak eta euskal errepresaliatuen argazkiak ere ibili direlarik.

Europan aurten Eskozia, bere herri mugimenduak, borrokak eta alderdi politikoak ezagutzeko aukera izan dugu. Europako nazio askotan pizturik dago abertzaletasuna eta ezker ikuspegia eta Eskozian une politikoa pil-pilean dago. Dudarik gabe sortu ditugun loturei eusteak bere biziko garrantzia du, eskoziarrek eskainitako harrera ezin hobeari txanpon berdinarekin ordaintzeko.

Azkenik, Palestinan aurten Askapenako brigada atera ordez, “biladi hadi!” Euskal kultur brigada bultzatu dugu. Emaitzak zoragarriak izan dira eta sortutako loturak izugarri garrantzitsuak, denon artean Palestinarekin elkartasuna eta Israeli boikot nazioarteko kanpaina bultzatu dezagun, irakaskuntzan, antzerkian, musikan, kirolean, kazetaritzan, literaturan…

Ezin ahantzi dugu aurten ere Israelek euskal brigadista bati ez diola sartzen utzi, kasu honetan gara egunkariko Martxelo Diaz kazetariari, Mexikon ere polizia brigadisten atzetik bili da. Horrez gain, brigadistek aurreko urteetan jasandako mehatxu zein arriskuengatik WallMapu edo Kolonbia bezalako herrietara joan ezinik jarraitzen dugu. Euskal Herrian herri hauen alde elkartasun lana txukun egitea da oztopo horiek gainditzeko erarik eraginkorrena!

Bisitatu dugun herrietan Euskal Herrian bizi dugun une politikoa arretaz eta jakinminez jaso dute gure ahotik, ezker abertzaleak zabaldu duen prozesu demokratikoa: ‘Zutik Euskal Herria’ dokumentua, ETAren azken komunikatuak, errepresioa… Tokian tokian hamaika hitzaldi eman dugu unibertsitateetan, herri eta auzoetan… gainera hedabide askotan egin dizkigute elkarrizketak telebista, irrati eta egunkarietan eta gure herrian ere hainbat hedabideetan izan du oiartzuna gure lanak.

Bada denominadore komun bat ezagutu ditugun herriekin konpartitzen duguna: Eskozian goizago ala beranduago egingo den erreferendumaren aurrean, Palestinak pairatzen duen okupazioaren aurrean, Abya-Yalan hainbat estaturen independentzien 200. urteurrenean trasnazional eta estatu inperialistek ezarritako zapalkuntzaren aurrean eta Euskal Herrian pairatzen degun ukazio, asimilazio eta errepresioaren aurrean ere… herriok independentzia!!!

Azkenik euskal brigadistok gure konpromisoa berresten dugu gure lagunartea, lan esparrua, militanzia… internazionalismoaz bustitzeko. Zentzu horretan Urriaren 12an Ikasle Abertzaleekin batera hamarnaka herri eskoletan hartuko dugu parte eta dei berezia luzatzen dugu Urriaren 16an Bolibar eta Gernika-Lumon ospatuko den Internazionalista Egunean parte hartzera.

Hamaika herri borroka bakarra!!!

Herriok independentzia!!!

Altsasun, 2010eko irailaren 25ean Askapenaren brigadistak

www.askapena.org