Euskadiko Selekzioa?

Euskadiko Selekzioa? – 

Euskadiko selekzioa lortzea, ezbairik gabe, lorpen historikoa izan da. Baina horretan geratzen bada, euskaldun askorentzat -ni barne, nafarra bainaiz- egunik ilunena eta tristeena izango da. Lehenengo egunetako poza eta berotasuna gozatu ondoren, itzul gaitezen errealitatera.

Oraingoz, Euskadiko pilota selekzioan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lizentzia duten euskal pilotariak soilik lehiatu ahal izango dira. Hortaz, kanpoan geratuko dira Nafarroakoak eta Iparraldekoak.

Gauzak horrela, Nafarroako pilotariek Espainia eta Iparraldekoek Frantzia ordezkatuko dute, hurrenez hurren. Espainiako eta Frantziako ikurrekin lehiatuko dira. Areago, euskaldunen arteko borroka eta lehia izango da. Badakit 40 urte baino gehiago daramatzagula euskal selekzioa aldarrikatzen, euskal selekzioaren esperoan.

Merezi du hainbeste urte itxoitea eta euskal selekzioa izan beharrean Euskadiko selekzioa lortzea? Bide erdian geratzea ote da irtenbidea? Nire irudiko, ez. Gainera, kontuan hartu behar dugu batzuentzat hau guztia aski izan dela eta haien ustez nahi genukeena jadanik lortu dela. Kitto.

Martxel Toledok dioen bezala, “ezin dugu inolaz ahaztu garaipen osoa izateko ofizialtasun horren beste zati bat, eta garrantzitsua gainera, falta zaigula oraindik, alegia, zazpi herrialdeak kontuan hartuko dituen euskal pilota selekzioa izatea”. Nik, garrantzitsua esan beharrean, garrantzitsuena esango nuke. Emandako urratsa ez da nahikoa, ezbairik gabe; horretan geratuz gero, hobe geunden lehen bezala.

Tamalez, euskaldunok honen gaineko eskarmentu hurbila eta garbia daukagu. Trantsizio garaian, sasidemokraziarekin batera, euskaldunen arteko aldi baterako zena betiko banaketa administratiboa izatera pasa zen. Egun alaiena eta historikoena izan zitekeena egun tristeena eta ilunena bihurtu zen -euskaldun batzuentzat bederen-. Ezin dugu ahaztu egun horretatik aurrera Hego Euskal Herriko euskaldunak bi erkidego autonomotan banatuta geratu ginela, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea, bakoitzak bere erakunde ofizialak dituela, bere lehendakaria, legebiltzarra, epaileak… Erkidego horietako batek, gainera, “Euskal” deitura patrimonializatu duenez, ez bakarrik espainiarren ekimenez, asmo txarreko euskaldunen eskutik ere bai, denborak aurrera egin ahala, bidea eman du pentsatzeko euskaldunak bakarrik euskal erkidego horretakoak direla, nafarrak kanpoan utzita.

Kirol eremuan arrisku bera daukagu, gauza bera gerta dakiguke. Euskaldun arteko pitzadura handitu egin daiteke. Harritu egin naiz ikusita zer artikulu gutxi argitaratu diren arrisku honen gainean, eta argitaratu dituztenen artean, Martxel Toledorena kenduta, iruditu zait bigarren mailan geratu direla euskal kirolarien artean sor daitekeen arrakalak Euskal Herriari ekartzen ahal dizkion burukominak eta artegatasuna.

Kirola herri baten ikur garrantzitsua da, garrantzitsuenetarikoa hain zuzen, eta oraingo hau oso aurrekari kaltegarria izango da baldin eta, egunen batean, beste kirol batzuetan ere bide bera hartzen bada. Ez gaitezen berriro erori akats larri berean, jar ditzagun erremedio guztiak berandu izan baino lehen, eta jar ditzagun indar guztiak benetako euskal selekzioa lortzeko.

Euskadiko Selekzioa?

Nazar, Nafarroa. Liburuzaina eta euskaltzain urgazlea. Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude