Ur nahasiak Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan
Langileen kaleratzeak, konspirazio leporatzeak, foroetan liskarrak, puztutako datuak, elkarteen beto salaketak… zer demonio gertatu da EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan?
Ur nahasiak Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan. Aspaldiko partez, azken egunetan albiste izan da EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseilua. 62 gazte elkarte biltzen dituen sare autonomoa da, baina publikoki finantzatua. Hamaika argitalpen egin ditu gazteen bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin, eta Euskal Herriko gazte elkarteen arteko zubiak eraikitzen lagundu du. Halere, erakundearen oihartzuna mugatua izan da, orain arte. Egun gutxitan hainbatetan agertu da hedabideetan, eta ez batean ez bestean ez dio izkin egin polemikari. Ezkerretik heldu zaizkio kritikak, EGKren arabera, gezurren gainean eraikiak. Martxoaren 16an Gasteizen egindako Batzar Orokorra izan zen luzetik datorren tirabiraren klimax unea.
Bi auzi mahaian: kaleratzeak eta balizko betoa
Ernai ezker abertzaleko gazte erakundeak salatu zuen 32. Asanblada Orokorretik kanpo utzi zutela, betatu egin zituztela, alegia, “pisu gutxiko aitzakia burokratikoetan” oinarriturik. Izan ere, oraindik Eusko Jaurlaritzak ez dio erregistroan behin betiko izena eman Ernai-ri, nahiz eta bai behin behinean. Aldiz, EGKko kide bihurtu dira Topatu, Taupaka, Ai Laket, Enba Gazteak, Gaztepolis eta Uztarri.
Bestetik, hiru langile kaleratzea erabaki zuten Gasteizen egin Asanbladan. EGIk eta JSEk onartu zuten, jeltzaleen orbitan kokatzen dituzten dozena erdi elkarteren botoekin batera. Egun horretan bertan kaleratzeak saihesteko plana aurkeztu zuen ezkerreko blokeak. Baina, 24 botorekin, tartean EGIrenak eta JSErenak, lanorduen banaketaren bidez lanpostuei eusteari eta gaia lantzeko ezohiko bilera osatzeari muzin egin zioten. Planak 17 boto izan zituen alde, besteak beste, Ezker Anitza-Gazteak, Gazte Komunistak, Gazte Abertzaleak eta Ikasle Abertzaleak. Kaleratzeen alde egin zutenek Patxi Lopezen legegintzaldiko %55eko murrizketari egotzi diote erabakia.
Zer dio bakoitzak?
Polemikak hartu duen tamaina ikusita azalpenak eman ditu EGKren presidente berriak, Hezkide Eskolako Itsaso Anduezak. Lehenik eta behin aditzera eman du “egunotan, gezur asko esan izan direla EGKren inguruan”. Ukatu egin du Ernai eta Gazte Sahararrei Kontseiluan jartzeko trabak jarri dizkietenik. Azaldu duenez, “elkarte hauek oraindik ez zuten batzarraren bezperan erregistroan izena eman dutela ziurtatzen duen Eusko Jaurlaritzaren papera. Baldintzak bete gabe sartu izan balira, zer esango lukete EGKko gainontzeko 62 elkarteek?”. EGKk liskarra apaldu nahi izan du, eta arazo burokratikora mugatu: “Behin papera dutenean, EGK-n sartuko dira, berehala. Hau ez da salbuespeneko kasua izan. Urtero gertatzen zaio elkarteren bati, baina inoiz ez da halako zalapartarik sortu”. Hurrengo Asanblada egin bitartean Ernai-k ez du boto eskubiderik izango.
Ernaik haien kontra berariaz hartutako neurria dela uste du: “Ez zaigu iruditzen Ernairi jarritako betoa kasualitatea denik, aitzitik jeltzale gazteek bultzatutako trikimailua dela uste dugu. Izan ere, jeltzale gazteek apustu sendoa egiten duten artean Eusko Jaurlaritzaren menpeko gazte kontseilua izateko, Ernaik oso bestelako eredu baten aldeko apustua egiten du. EGKren ildoan eman daitezkeen aldaketak eragotzi asmoz ukatu zaio Gazte Antolakundeari sarrera”. EGKko iturri batzuek jakitera eman dute araudiaren irakurketa “zorrotza” egin dela, “parte hartze izpiritua higatuz, Ernai-ren botoak galarazteko”. Horren harira, EGKk onartu du “burokrazia honek guztiak parte-hartzea oztopatzen duela”, baina araudia bete beste erremediorik ez zegoela berretsi du. Horrelako egoerak eragozteko EGKren eredua eztabaidatuko duen prozesua abian dela ere nabarmendu du kontseiluak.
Kaleratzeen aferan ere ikuspuntuak zuri eta beltz dira. EGKk 2007an zituen 13 langileetaik 5 izatera pasa daiteke datozen hilabeteetan. Baliabideen murrizketak -Donostiako egoitza itxita dago- EGKren betebeharra arrakastaz betetzea ia ezineko bihurtuko duela uste dute askok. Ikasle Abertzaleak-eko ordezkariak eta EGKko presidenteorde berriak Xabier Lasak beste hipotesi bat ere badu:“EGK barrutik hil nahi dute, kanpotik beharrean, ez dadin EAJ gaizki gelditu”.
Ezkerreko gazte elkarteek batik bat EGIri aldez aurretik hartutako erabakia egikaritzea egotzi diote, Ezker Anitzak lana banatzeko proposamena aztertu gabe. EGKren arabera, “kaleratzeak beti dira drama eta oso kaltegarriak izango dira”, baina, “inor kaleratu ezean hamar hilabete barru ez da soldatarako dirurik izango”. Jaurlaritza berriak iazko aurrekontua 10.000 euro igo badu ere, EGKk ezingo duela egoki funtzionatu uste du Ikasle Abertzaleak-ek. Epe motzean “diru apurrak kudeatu beharrean, funtzionamendu egokirako baliabideak exijitu behar dira. Zer gertatuko da datozen urteetan aurrekontuak jaisten segitzen badu? edo zerora erori Nafarroan bezala?”, galdetu du Lasak. Gazteen bizi baldintzak hobetzea helburu duen elkarteak azken urteetan odoluste ekonomikoa eta langileen prekarizazio, ez bada kaleratzeak, bizi izan ditu. Ur nahasiak ezpairik gabe.
Bi gai hauek tarteko hainbat artikulu argitaratu dituzte eragileetako batzuek:
- Kaleratzeen aurrean Gara-n Urtzi Ugalderen ikuspuntua jaso zuen albisteari
- Erantzuna eman zion EGK-k bere webgunean.
- Topatu.info-ko ‘EGK-ko hiru langile kaleratu dituzte EGI, Juventudes eta Iratzarrik’ azpimarratzekoa da ekarri duen sokagatik.
- Twitterren ere eztabaidak izan dira, horien artean EGIko Ugaitz Zabala eta Topatu-ren artekoa adibidez.
- Batzorde Iraunkor berriaren albistea ere argitaratu du EGKk.
Botoak eta datu puztuak
Aipatzekoa da, bestalde, EGKko batzorde iraunkorraren boto banaketa. Lurraldeko boto bat esleitzen da, eta 4.000 partaidetik gora izatearren beste bat. Azken baldintza hau paperean betetzen duten elkarte bakarrak EGI eta JSE dira. Honi buruz Ernaiko kide batek bere iritzia plazaratu du: “guk oraindik ez dakigu zehazki zenbat militante ditugun baina eurek baino askoz gehiago dauzkagula esatera ausartzen naiz, eta ez gara 4.000ko kopururua iristen, beraz, atera kontuak”. EGIko iturrien arabera, 4.000tik gora militante dituzte, aldiz, JSEko iturriek 500 inguru direla aitortu dute. Zenbakia edozein izanda ere, EGKk ez ditu datuak egiaztatu, eta biak ala biek 4.000 militanteri dagokion boto gehigarria dute.