Euskadi auzolana, bien común
Euskadi auzolana, bien común –
Azken hilabete hauetan, euskal hedabide batzuetan, behintzat, propaganda edota iragarki bat agertzen ari da, honako hauxe jartzen duena, alegia, <On egin! Bonoa>, eta, Eusko Jaurlaritza, gehi HAZI Landa, itsasertz eta elikagaien sustapenaren laguntza eta babesarekin ikusten da. Leloa, jakina, nola ez, EUSKADI, AUZOLANA, BIEN COMÚN.
Ohartzen bagara, propaganda horretan, gako-hitza, eta, ondorioz, garrantzitsuena, bonua da, baina errepara diezaiogun ongi hitz hori zein modutan agertzen den idatzita, hau da, euskal moduan ala erdal moduan. Kasualitatea!, ez da hala? Propaganda guztietan eta beti, ‘Bonoa’ hitza ageri da. Baina, bueno, aurrera joan baino lehen, badaezpada ere, jo dezagun Euskaltzaindiaren Hiztegira eta ikus dezagun zer jartzen digun, idazten badugu ‘bono’ hitza: iz. (Oharra: Euskaltzaindiak, bono-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. Bonu).
Hau ikusita, munduko euskaldun xumeok zer pentsatu beharko ote dugu, alegia, HAZI-k eta Eusko Jaurlaritzak arinkeriaz eta utzikeriaz jokatu dutela euskararekiko, denbora luze honetan guztian? Espainiera goxoago eta etxekoago gertatzen zaiela? Axolagabeak direla eta ez dutela hiztegian kontsultatzeko eragozpenik hartu nahi? Orojakiletzat jotzen dutela beren burua? Euskaltzaindiaren aholkuei paso egiten dietela? Erdarak, hau da, gaztelania, frantsesa, ingelesa eta abar, normalizatu nahi dituztela, euskara bera baino gehiago? Espainiera galtzeko arriskuan ikusi eta sustatzeko premia sumatuko ote zuten? Gu, euskaldunok, kasu honetan, euskaldunegitzat hartu eta oraindik gehiago espainiartu nahiko gaituzte? Euskara, agian, egoera onegian nabarituko zuten, galtzeko batere arriskurik gabe, eta, horrexegatik, apika, pixka bat balaztatu nahiko ote dute?; laguntza eta arreta premiarik gabekotzat joko ote zuten?
Zaila da asmatzen! Jakin nahi nuke zein izan ote den sakoneko eta azken arrazoia, horrelako narraskeria itsusia, horren denbora luzean erakusteko jendearen aurrean!
Bukatzeko, ohar txiki bat: azken urteotan guztiotan, Eusko Jaurlaritzak oso gustuko dauka, antza denez, ‘auzolan’ hitza erabiltzea, eta, hori, oso zilegi da, baina, nik, Etxarri Larraunen, behinik behin, ezagutu nuen auzolanetara, etxe bakoitzetik pertsona bana, gutxienez, joaten zen, herriko bideak konpontzera eta abar, baina inork ez zuen deus ere kobratzen; kontzejuak hamaiketakoak eta antzeko gauzak jartzen zituen. Nire galdera hauxe da, Iñigo Urkullu jaunak horren gustukoa duen ‘auzolan’ erabilera horretan, berak eta bere sailburu guztiek, eginen ote dute inoiz inolako lanik herriaren alde, sosik batere kobratu gabe? Nik ez daukat erantzun segurua, baina susmo handia, ez dutela eginen, bai.
Hala eta guztiz ere, gora benetako auzolana, hau da, diru trukerik gabe egiten dena!; hitza prostituitu gaberik praktikatzen dena!
Euskadi auzolana, bien común