Eurokopa Bilbora, eta gero filosofatzea

2020ko Eurokopa ez da ohikoa izango kokapenari dagokionean. Herrialde bakar batean (edo bitan) egin beharrean, Europako dozena bat estatutan egingo da, 60. urteurrenaren aitzakian.

Irailaren 19an iragarriko da zeintzuk izango diren 12 estadioak, baina berriki jakin dugu Espainiako Futbol Federazioak San Mames aurkeztu duela hautagai gisa. Guztira 17 daude lehian, eta hortaz, litekeena da Eurokopa Bilbon (ere) jokatzea. Hala balitz, eta sorpresarik ezean, Espainiako selekzioak etxeko talde gisa jokatuko luke bertan.

San_Mames_00,_Euskal_Herria

Federazioaren behin betiko hautaketak eman dio indarra, baina lehenago ere izan da hizpide Eurokoparen balizko etorrera. EAJk Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza kudeatzen dituenez gero, alderdi jeltzalearen ordezkarien adierazpenak izan dira interes gehien piztu dutenak:

Jose Luis Bilbaok jaurti zuen lehenengo harria: “Espainiak bisitari gisa soilik jolastu behar luke San Mamesen, Euskal Selekzioaren kontra”

PP eta UPyDko kideengan haserrea sortu zuten Bilbaoren hitzek, eta Urkulluk diskurtsoa kamustu zuen berehala: “2020rako oraindik sei urte falta dira, eta nire nahia bertan Euskadik jolastu ahal izatea litzateke”.

Esait-ek bestalde, txalotu egin zituen politikari jeltzaleen adierazpenak, baina hitzetatik ekintzetara igaro eta ahalik eta batasun politiko zein sozial handiena lortuz, euskal selekzioak 2020ko Eurokopa joka dezan lanean jartzeko eskatu zuen.

Kataluniako mugimendu independentista urte gutxian indartu da, eta duela lau urte pentsatu ezinezko egoeran daude egun. Nork daki San Mames hautatuko ote duten, eta auskalo zer gertatuko den datozen sei urteetan ere. Baina Ibon Areso Bilboko alkateak Berriari egindako adierazpenek tarte txikia uzten diote itxaropenari: “Egunen batean izango dugu selekzioa, baina 2020rako ez badugu, nik ezin diet uko egin etor daitezkeen diru sarrerei. Espainiaren partidari dagokionez, joan nahi ez duena ez dadila joan. Lehenengo jana, eta gero filosofatzea.

NIRE KONTRA ESANAK

2 pentsamendu “Eurokopa Bilbora, eta gero filosofatzea”-ri buruz

  • Posibilismoaren izenean denak balio du?
    Arazo sozialaren muina arazo nazionala da eta arazo nazionalaren muina arazo soziala.

  • Hau bai egoera tristea!
    .
    INPERIALISMOARI STOP! PROXENETISMOARI STOP!