Etxera

Etxera –

Duela urte batzuk, Laudioko Gazte Danbadan, hitzaldi interesgarri bat entzuteko aukera izan nuen. Bertan hizlari gisa parte hartutakoek, espetxe ezberdinetan preso egondako emakume militante batzuk, euren esperientziak azaldu zizkiguten. Espetxea pertsonaren aurkako mekanismoa da, ez da soilik jendea espetxeratzeko tresna, presoa suntsitzeko bitartekoa ere bada.

Etxera

Orduan, hitza hartu zuten kideek, azaldu ziguten emakumeentzat espetxea are krudelagoa, gogorragoa, dela. Askotan, ordea, emakumeen sufrimenduak alde batetara gelditu dira. Gizona da gure jendartearen erdigune eta haren minari begiratzen diogu gurean dauden minak kuantifikatzeko.

Adibide grafikoa jarri ziguten erdigune horren inguruan: Duela urte batzuk, espainiar estatuko espetxe batetan, gizon presoek borrokaldia abiatu zuten euren patioko baldintza eskasak salatzeko, tartean patioaren tamaina urria. Laster, espetxe berdinean zeuden emakumeek ere borrokaldia abiarazi zuten euren kideen babesean eta injustiziaren salaketan. Ez dut oroitzen borrokaldia irabazi zuten edo beste askotan bezala, gelditu omen zitzaien borrokatu izanaren ohorea, behintzat. Oroitzen dudana da, adibidea azalduta, espetxe horren argazki aereoa jarri zigutela, eta azaldu, moduloak, patioak… Gizon eta emakumeek hainbeste borrokatutako patio horren dimentsio eta baldintzak, emakumeek zuten patioaren bikoitzekoak ziren. Borroka ordea, gizonen neurrian egin zuten.

Dispertsioa amaitu da. Hala jaso dugu komunikabide ezberdinen partetik eta laster Euskal Herriko eragile garrantzitsuenen adierazpenak jaso ditugu, gure herriak bizi izan duen injustizia larri honen amaiera ospatzen, gehienak. Nago, oraingoan ere, sakabanaketaren amaieraren albiste pozgarri hori ez ote dugun gizonen neurrira kokatu. Reau-n, Euskal Herritik 925km-tara, oraindik ere bi euskal preso politiko gelditzen dira: Saioa Sanchez eta Ainhoa Ozaeta.

Frantziar estatuan, dirudienez, ez da emakumeentzako espetxerik Euskal Herriko mugetatik gertu. Azpimarratu dezagun estatu horretan dauden gainontzeko 12 euskal preso politikoak ere Lannemezanen daudela, gure herritik 330km-tara.

Duda sortzen zait, gure mugetatik 925km-tara dauden bi kide horiek gizonezkoak balira hain albiste osotzat joko genukeen dispertsioaren amaiera hori. Duda, hori ala balitz, gure herriaren fase berri batetan kokatuko ote genukeen zorioneko amaiera hori.

Duda ere badut, gure herriaren osotasuna ez ote dugun beste behin ere kokatu gure (h)egozentrismotik eta ez ote dugun ahaztu, gure herria bi aldeetatik zanpatua dela eta Frantziar estatua eta bere errepresio mekanismoek ere badirela gure herriaren etsai amorratu.

Laudion Gazte Danbadan geunden horretan gure leloa “Denak ala inor ez!” zen. Azken presoa kalera atera eta azken iheslaria etxera bueltatu artean borrokan jarraitzeko hautua, hain zuzen ere. Leloak aldatzen dira, egokitzen dira baina ideia eta konpromisoak zutik diraute. Eta gaur ere Elorrion eta gure nazioko, edozein herri eta auzoetan aldarrikatzen jarraitu beharko dugu, azken presoa etxean egon arte, eta etxean diogunean ez diogu gure mugen artean preso, baizik eta etxean eta askatasunez, borrokan jarraitu beharko dugula. Herri oso bat elkarrekin, bakoitzak beretik, bere ezberdintasunetatik, urteetan zehar aldarrikatu dugu eta aldarrikatzen jarraitzen dugun Amnistia oso hori errealitate bihurtu dadin. Berdin Frantzian zein Espainian, berdin gizon zein emakume.

Etxera

Bizitzaren aldeko militantea. Zuia.