Etxeko langileak eta lan osasuna

Etxeko langileak eta lan osasuna –

Etxeko langileak eta lan osasuna

Etxeko langileen sektorea zigortuenetako bat izan da historikoki. Inori ez zaio oharkabean pasatzen matxismoak, klasismoak eta arrazakeriak zeharkatzen duen sektorea dela, mundu zabalean, baita gurean ere. Hala ere, emakume hauen borrokak fruituak ematen ari da. 2022an, besteak beste, langabeziagatik kotizatu ahal izatea eta, hortaz, prestazioa jaso ahal izatea lortu zen. Honetaz gehiago jakin nahi baduzu, bota begirada bat hurrengo artikulu honi:

Baina orduan esaten genuen bezala, oraindik bide luzea zegoen jorratzeko. Besteak beste, lan osasun eta segurtasunari dagokionez.

Izan ere, kolektibo hau Lan Arriskuen Prebentziorako Legetik kanpo dago eta, momentura arte, afera honetaz esaten zen gauza bakarra hauxe zen:

“Enplegatzailea behartuta dago etxeko langilearen zeregina segurtasun eta osasun baldintza egokietan burutu dadin. Honetarako, neurri eraginkorrak hartuko ditu, etxeko lanaren baldintza espezifikoak kontuan hartuta”. (Etxeko langileen sistema berezia arautzen duen 1620/2011 Dekretuaren 7.2. artikulua).

Hau esatea eta hutsaren hurrengoa gauza bera dira.

Bada, 2024ko irailean argitaratutako 893/2024 Dekretua honetara ei dator, diskriminazio honekin amaitzera. Hala ere, ikusi beharko dugu zelan amaitzen den arautzen eta zeintzuk diren benetako emaitzak. Alde batetik, azalduko dugunez, hainbat kontu martxan jartzeko oraindik erregulazio eta tresna zehatzak falta direlako eta, bestetik, hainbat korapilo askatu behar direlako benetan diskriminazioarekin amaitu nahi bada. Honela, besteak beste, Atzerritarren Legea aldatzen ez den bitartean, hainbat eta hainbat lagun behartuko ditugu hiru urtez egoera irregularrean egotera eta, hortaz, babesgabetasun larrian bizitzera. Eta, ondo dakigunez, horixe da abusu, gehiegikeria eta indarkeriarako bide zabal askea.

 

Arrisku anitzeko sektorea

Etxeko lanak zeregin multzo nagusi bi barnebiltzen ditu: etxearen zaintza eta pertsonen zaintza. Langileek, askotan, funtzio hauek aldi berean gauzatu behar dituzte eta sarritan intentsitate handiko esfortzuak ekartzen dizkiete.

Beraz, ez dira sektore honen osasun galerak gutxietsi behar, etxeko lana arrisku anitzeko sektorea baita:

• Arrisku fisikoak:
– Erorketak, ebaketak, kolpeak, erredurak…
• Arrisku kimikoak, batez ere, garbiketa produktuek eragindakoak
• Kutsapen biologikoak, gaixorik dauden pertsonekiko elkarreraginaz, besteak beste.
• Arrisku ergonomikoak:
– Jarrera bortxatuak (askotan denbora luzez eutsi beharrekoak)
– Mugimendu errepikakorrak
– Etengabeko esfortzuak pisuak altxatu edo mugitu behar izateagatik (adibidez, pertsona nagusiak altxatzen, oheratzen eta abar).
• Arrisku psikosozialak:
 – Estresa eta higadura emozionala: Ezegonkortasuna eta prekarietatea euren enpleguetan; jardunaldi amaiezinak, non ez diren atseden orduak errespetatzen; gauez ere lan egin beharra; enplegatzaileak edo senideek ezartzen duten gehiegizko lan erritmoa; gainzama fisiko, psikiko eta emozionala; euren lanaren balioaren aitorpenik eza…
 – Bortxakeria eta tratu txarrak, jazarpen morala eta sexuala: Lantokia enplegatzailearen etxea izateak eta horrek dakarren isolamenduak honelako kasuak biderkatzen ditu

 

Etxeko langileen eskubideak eta enplegatzaileen betebeharrak

Esan bezala, 893/2024 Dekretuak etxeko langileei lan osasun eta segurtasunerako hainbat eskubide aitortu die (nahiz eta, geroxeago ikusiko dugunez, atal gehienak ez dauden oraindik indarrean):

 

Arriskuen ebaluaketa eta babes neurriak

(893/2024 Dekretuko 3. artikulua)

Inoren konturako gainontzeko langileoi eragiten digun Lan Arriskuen Prebentziorako Legearen funtsa zera da, ezer baino lehen, arriskuak ekidin behar direla eta, ekidin ezin diren arriskuen kontrako prebentzio eta babes neurri egokiak jarri behar direla. Honetarako, jakina, ezinbestekoa da gure lanean dauden balizko arriskuak ebaluatzea.

Hori dela eta, etxeko langileei dagokienez ere, arriskuen ebaluaketa egin beharko da, arestian ikusi dugunez, ez direlako gutxi eta ez direlako makalak.

Lan Segurtasun eta Osasun Institutuak bitarteko bat sortuko du eta online jarriko du arriskuen ebaluaketa hau egin ahal izateko.

Hortaz, hasieran, arriskuen ebaluaketa egin beharko da eta ezarriko den maiztasunaz eguneratu beharko da. Honetaz gain, beti eguneratu beharko da lan baldintzak aldatzen badira edo osasun kalterik gertatu bada.

Ebaluaketan arrisku egoerarik azalarazten bada, enplegatzaileak behar besteko babes neurriak hartu beharko ditu, arrisku horiek ezabatzeko, murrizteko eta kontrolatzeko. Adi! Enplegatzaileak hartutako neurri hauek idatziz islatu beharko ditu, data adierazita, eta langileari kopia bat eman beharko dio.

Legeak espresuki aipatzen duenez, jardueraren ezaugarriak ez ezik, langilearen ezaugarriak ere hartu behar dira kontuan. Hori dela eta, Lan Arriskuen Prebentziorako Legearen hainbat artikulu etxeko langileen sistema berezi honetan ere aplikatu beharko dira. Honako hauek dira:

25. artikulua: Bereziki kalteberak diren langileak. Adibidez, alergiaren bat badaukazu, baliteke zenbait garbiketa produktu bereziki kaltegarriak izatea zuretzat.

— 26. artikulua: Haurdunaldia eta edoskitzaroa. Ebaluaketak  haurdunaldian edo edoskitzaroan pairatu ahal diren arrisku espezifikoak kontuan hartu beharko ditu.
Adi! 26. Artikulu honetan zera ezartzen da: langileek lanera huts egin dezaketela azterketa medikoak egiteko eta erditze prestaketarako teknikak lantzeko, beti ere aldez aurretik abisatuta eta justifikaturik ezinezkoa dela beste ordutegi batean egitea. Ezin dizute soldatatik ezer deskontatu arrazoi honengatik.

— 27 artikulua: Adin txikikoen lana

— 28.1 eta 28.2 artikuluak: aldi baterako lan harremanak. Berdin da zure kontratua mugagabea den edo aldi baterako den, lan osasun eta segurtasunari dagokionez, ezin da ezberdintasunik egin.

— 29. artikulua: langileak prebentzio eta babes neurriak behar bezala erabiltzera behartuta daude.

 

Lan ekipamenduak eta babes indibidualerako ekipamenduak

(893/2024 Dekretuko 4. artikulua)

Arriskuen ebaluaketak adieraziko digu ze nolako arriskuak dauden eta ze nolako neurriak hartu behar diren. Hauetako batzuk lan ekipamendu edota babes indibidualerako ekipamendu egokiak izango dira. Adibidez, pertsonak mugitu behar badira, baliteke honetan laguntzeko bitarteko fisikoak behar izatea. Edo, zer esanik ez, gaixotasun infekziosoren bat daukan pertsona bat zaintzen ari bagara, egoki babesteko ekipamendua eman beharko digute.

Adi! honelakoengatik ezin digute, ezelan ere ez, ezer kobratu edo soldatatik deskontatu.

 

Informazioa, parte-hartzea eta prestakuntza

(893/2024 Dekretuko 5. artikulua)

Enplegatzaileak langileei behar besteko informazioa eman behar die:
– euren lanak dakartzan arriskuen inguruan
– arrisku horien gainean hartu behar diren babes eta prebentzio neurrien inguruan

Informazioa jasotzeaz gain, langileek gai hauen inguruan proposamenak egiteko eskubidea daukate eta, hortaz, enplegatzaileak gai hauetan parte hartzen uztera behartuta daude.

Prestakuntza: Langileek prebentzio aferetako prestakuntza jaso behar dute. Prestakuntza hau kontratazioa egiten den momentuan jaso behar dute (hau da, hasieratik jaso behar da) Prestakuntza bakarra izango da, nahiz eta langilea etxe bat baino gehiagotan aritu.

Prestakuntza hau SEPEk antolatuko du. Geroxeago zehaztuko dugunez, oraindik ez dago prest.

Etxeren batean aparteko arriskurik balego, arrisku horien inguruko prestakuntza ere jaso beharko dute. Kasu honetan, enplegatzailearen kontura izango da.

ADI! Prestakuntza hau beti eman beharko da lan orduetan. Lan orduetan ematea ezinezkoa den kasuetan, langileak prestakuntzak irauten duen pareko denbora hartu beharko du libre.

 

Arrisku larri eta berehalakoa

(893/2024 Dekretuko 6. artikulua)

Lan Arriskuen Prebentziorako Legeak gainontzeko langileoi aitortzen digun aukera hau etxeko langileei ere aitortzen die 893/2024 Dekretuak.

Izan ere, honelako arrisku bat dagoenean, etxeko langileek euren jarduera eten ahal izango dute, euren bizitza edo euren osasuna arriskuan daudela sumatzen badute. Eta, beharrezkoa balitz, etxea ere utzi ahal izango dute.

Langileak berehala jakinarazi beharko dio erabaki hau enplegatzaileari.

Ezin izango da langilearen kontra neurri kaltegarririk hartu erabaki honengatik, beti ere ez badu fede txarrez edo axolagabekeria edo zuhurtziagabekeria larriz jokatu.

 

Jarduera prebentiboaren antolaketa

(893/2024 Dekretuko 7. artikulua)

Jarduera prebentiboa antolatzea enplegatzailearen betebeharra da. Gogoratu jarduera prebentiborako Lan Segurtasun eta Osasun Institutuak online bitarteko bat sortu behar duela. Enplegatzaileak hainbat eratan joka dezake:

– Enplegatzailea bera arduratu ahal da edo bere inguru pertsonaleko norbaiten esku utzi ahal du.
– Langile bat edo batzuk izendatu ahal ditu.
– Prebentzio zerbitzuren bat kontratatu ahal du.

 

Osasunaren zaintza

(893/2024 Dekretuko 8. artikulua)

Osasunaren zaintza ere langilearen eskubidea eta enplegatzailearen betebeharra izango da.

Osasunaren zaintza honetan azterketa medikoak sartzen dira. Azterketa hauek arriskuen ebaluaketan azalarazi diren arrisku guztiak kontuan hartu beharko ditu.

Azterketa medikoa borondatezkoa da beti. Hau da, langileak baimena eman behar du eta bere intimitatea behar bezala zaindu eta errespetatu beharko da.

Langilea etxe bat baino gehiagotan arituz gero ere, bakarra izan daiteke. Edozelan, enplegatzaile guztiek horren berri izan beharko dute eta langileak azterketa pasatu duela ziurtatzeko modua izan beharko dute.

Maiztasuna: gutxienez, hiru urtetan behin. Hala ere, medikuak sarriagotan egiteko ezar lezake, beharrezkotzat joz gero. Era berean, lan baldintzak aldatuko balira, azterketa medikoa ere eguneratu beharko litzateke.

Azkenik, esan behar da osasun sistema publikoak oraindik azterketa mediko hauen prozedura zehaztu eta bere zerbitzu-zorroan txertatu behar dituela.

 

Indarkeria eta jazarpenaren prebentzioa

(893/2024 Dekretuko 2. Xedapen Gehigarria)

Etxeko langileek, indarkeria eta jazarpenaren aurrean, babeserako eskubidea daukate. Honako indarkeria hauen artean indarkeria eta jazarpen sexuala sartzen da eta, era berean, arraza edo etnia, nazionalitate, sexu, identitate edo joera sexual zein genero adierazpideengatiko jazarpen edo indarkeria.

Langileak halako indarkeriarik jasoko balu, etxea utz lezake. Hau ezin izango da dimisiotzat jo eta ezin izango da langilea honengatik kaleratu. Aitzitik, langileak bere enplegua utzi nahi izango balu, halaxe eskatu ahal izango du eta kaleratze bidegabeengatiko pareko kalte-ordaina jaso beharko du (20 eguneko soldata lan egindako urte bakoitzeko, 12 hilabeteko mugarekin). Era berean, salaketa jarri ahal izango du eta kautelazko neurriak eskatu.

Lan Segurtasun eta Osasunerako Institutuak urtebete dauka gai honen inguruko protokolo bat osatzeko.

 

Noiz hasiko da indarrean?

Dekretua argitaratu eta hurrengo egunean hasi zen indarrean, 2024ko irailaren 12tik, alegia. Hala ere, irakurri ahal duzuen bezala, puntu gehienak garatu ahal izateko oraindik bitarteko publikoak falta dira eta, hortaz, enplegatzaileen betebehar horiek ezin izango dira exijitu harik eta administrazioak bere lanak amaitu arte. Honela:

• Jarduera prebentiboa aurrera atera ahal izateko online bitartekoa falta da. Hau egiteko, Lan Segurtasun eta Osasun Institutuak 10 hilabete dauzka Dekretua argitaratu denetik. Hortaz, 2025eko uztailerako gauzatuta izan beharko luke. Edozelan, beste 6 hilabete gehiago izango dute enplegatzaileek behar hau betetzeko (2026ko urtarrilera arte, alegia).

• Prestakuntza SEPEk hartuko du bere gain. Legeak ez du epe finkorik adierazten, baina, edozelan, oraintxe aipatu dugun denbora tartea pasaturik izango da.

• Azterketa medikoak. Antzera gertatzen da. Osasun Zerbitzu Publikoak arautu behar ditu. Honetarako ere ez da epe finkorik adierazten, baina, edozein kasutan, aipatutako denbora tartearen ostean izango da.

Beraz, seguruenik 2026ra itxaron beharko dugu. Gogoratu Bizilanen Telegram kanalean harpidetu ahal zaretela eta, horrela, abisuak zuzenean jaso ahal izango dituzuela.

Azken albiste, abisu eta eguneraketak mugikorrean jaso ahal dituzu zuzenean!

Harpidetu gure telegram kanalera eta izan Bizilankidea!

https://t.me/BizilanEus

Etxeko langileak eta lan osasuna  Etxeko langileak eta lan osasuna  Etxeko langileak eta lan osasuna  Etxeko langileak eta lan osasuna  Etxeko langileak eta lan osasuna  Etxeko langileak eta lan osasuna  Etxeko langileak eta lan osasuna  Etxeko langileak eta lan osasuna  Etxeko langileak eta lan osasuna  Etxeko langileak eta lan osasuna  Etxeko langileak eta lan osasuna  Etxeko langileak eta lan osasuna  Etxeko langileak eta lan osasuna

Informazio praktikoa eta aholkuak langileria osoarentzat, lanean egon ala ez, inoren kontura edo norberaren kontura eta, batez ere, prekarioen eta isolatuen dauden langileei begira. Gure eskubideak ezagutzea lehen pausoa da defendatu ahal izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude