Etxegabetzeak Donostian

Etxegabetzeak Donostian –

Mikel Iturriak, Harrikadak blogean.

Sara Mesaren liburuxka bat irakurri nuen asteburuan. Etxerik gabeko Sevillako hogeitaka urteko emakume bat lagundu nahian bizitutako labirintoa kontatzen du idazleak. Aste honetan bertan Stop Kaleratzeak plataformak etxegabetze prozesu bat gelditu du Donostian.

.

Etxerik gabekoak

Beti esan dut eskaleekin topo egiten duzunean zaila dela zer egin jakitea: txanpon batzuk botatzen badiezu, gaizki; ezer egin eta esan gabe pasatzen bazara, okerrago.

Udazken eta negu honetan askotan egin dut topo pertsona batekin Caixabank-ek auzoan duen kutxazain batean. Behin esan zidanaren arabera, urtebete baino gehiago zeraman kalean lotan.

Auzotik kanpo, erdialdean ere ikusi izan dut, beti bakarrik. Itxuraz sasoiko dago gizonezkoa, baina aterpe ezak asko izorratzen du pertsona eta auskalo nola dagoen benetan.

Aintzat hartzekoa iruditzen zait banketxeen mundu honetan kategoriak daudela eta, adibidez, Kutxabank-ek kutxazainak dituen espazioak itxi egiten dituela automatikoki gaueko 22:00ak edo 23:00ak aldera eta bertan ezin dela inor lotan geratu.

Urrian San Franciscon pasa nituen egun batzuk eta hainbeste etxegabeko pertsonekin egunero gurutzatzeak asko markatu ninduen.

Pasa den asteburuan Sara Mesa idazlearen Silencio administrativo. La pobreza en el laberinto burocrático liburuxka irakurri dut. Etxerik gabeko Sevillako hogeitaka urteko emakume bat lagundu nahian bizitutako labirintoa kontatzen du idazleak eta haren irakurketa gomendatzen dizuet. Argi eta garbi gelditzen baita gauza bat dela legeriak aipatzen dituen eskubideak eta beste bat erabat desberdina horren benetako aitortza (ekonomikoa, adibidez).

Sara Mesak berak El Paíseko Pobreza: Silencio administrativo artikuluan laburbiltzen du egoera.

.

Etxegabetzeak

Gehienok jakingo duzue 2019ko Donostiako Urrezko Danborra Rosa Garciari eman zitzaiola, Donostiako eta Gipuzkoako Stop Kaleratzeak elkarteko kideari.

Gogoratu behar da Donostia “etxegabetzerik gabeko hiria” dela 2015eko irailetik eta, horren ondorioz, fede oneko zordunen kasuan Udalak bitartekari izatera behartuta dagoela banketxe eta inbertsio funtsen aurrean.

Aste honetan plataformak egindako zaratagatik, besteak beste, geldiarazi dute Txomin, Bea eta bi seme-alaben etxegabetzea Benta Berrin.

Kafe bat hartzen ari ginela kontatu zidan zerbait, erdi ahopeka, Txominek asteartean. Periodikoren bat irakurtzen nengoen eta ez nion kasu handirik egin.

Handik bi egunera, berriz, hara non ikusten dudan argazki hau. Bea da ezkerrean eserita dagoena, Rosa Garciaren alboan. Txomin, berriz, atzealdean ageri da, arbola atzean duen gizon handi hori.

Etxegabetzeak Donostian
Argazkia: Irati Salsamendi (Irutxuloko Hitza)


Bi paragrafo arazoa laburbiltzeko Irutxuloko Hitzatik hartuak:

“Plataformak jakinarazi duenez, familiak ezin izan zien aurre egin alokairuaren 778,02 euroko bost kuotari 2018an, izan ere, aita bajan egon da sei hilabetez, soldataren %60a kobratzen, eta kaleratu egin dute”.

(…)

“Familiaren etxearen eta Benta Berriko babes ofizialeko beste hainbat etxeren azalera eskubidea Metrovacesa eta Vallhermoso promotoreei eman zien 90eko hamarkadan Eusko Jaurlaritzak, 75 urterako. 2016an Santander, BBVA, Caixa eta antzeko bankuen aktiboak kudeatzen dituen Testa Residencial-Socimi enpresarekin fusionatu ziren. Egun, Testa Residencial-Socimiren inbertitzaile nagusia Blackstone putre funtsa dela azaldu dute”.

400dik gora etxebizitza omen ditu enpresa honek auzoan eta 2028tik aurrera arazoa handitu daiteke alokairuaren prezioa finkatzeko orduan amaituko baita Jaurlaritzak egiten dute tasatzaile lana, urbanizazio honi dagokionez. Plataforma beldur da muga hori gabe gora egitea prezioek.

Askori okurritzen zaigun galdera da nola buka dezakeen hainbeste etxebizitza publikoen kudeaketak putre funtsa baten esku.

Etxegabetzeak Donostian Etxegabetzeak Donostian Etxegabetzeak Donostian

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.