Etxegabetzea bertan behera

Etxegabetzea bertan behera –

Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuak deituta hamarnaka lagun elkartu dira atzo goizeko 12.30tan eragile honek burututako prentsaurrekoari babesa erakusteko. Bertan ezagutuarazi denez, Kutxabankekin mantendutako bi urteko borrokaren ostean (eta urte bete arazoa publiko egin zenetik) banku honek 68 urteko eta pentsioduna den Patxi etxegabetzeko asmoa bertan behera utzi du. Sindikatuak gogorarazi duenez, Patxik, “arazo ekonomikoak izan zirela eta, ezin izan zuen bere etxebizitzari lotuta zegoen hipoteka ordaintzen jarraitu”.

Etxegabetzea bertan beheraIa urte bete pasa da Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuak Kutxabankek etxegabetzeari edozein alternatiba eskeintzeari uko egiten ziola publiko egin zuenetik. Sindikatuaren bozeramaileek adierazi bezala, une horretan erabaki zuten “egoera ezagutaraztea, mobilizazioei ekitea, babesak biltzea, eta argi uztea, unea iristean, atean jarriko ginela eta ehunka lagunen gainetik igaro beharko zutela etxegabetzea gauzatzeko”, eta orduan iritsi zela “kasuak ekarri zuen oihartzun mediatikoa ikusita, Kutxabankek jarrera aldatu eta negoziatzera eseri zen momentua”. Ordutik hilabetetara alokairu sozial bat sinatzeko akordioa lortu zutela jakinarazi dute bozeramaileek eta horrekin batera “Patxik bere Galdakaoko etxean jarraituko du”, argitu dute. “Negoziazioa ez da erraza izan, Kutxabankek alokairua ia 600€-tan jarri nahi zuelako eta bi urteko epera mugatu”, sakondu du bozeramaileetko batek, “baina hori ez zegoen inolaz ere Patxiren pentsio eskasari egokituta eta, gainera, ez zuen Hiri-Alokairuen legea betetzen, zeinek enpresek egindako alokairu kontratuek 7 urteko iraupen minimoa eduki behar duela ezartzen duen”. Bozeramaile honen arabera, “presio sindikala eta juridikoari esker Kutxabankek bere jarrera aldatzea lortu dugu”.

Zentzu honetan, Etxebizitza Sindikatuaren arabera “Kutxabankek ez du kontratu hau sentsibilitate sozial batengatik sinatu, baizik eta Galdakao mobilizatu eta etxebizitza sindikalismo eraginkor eta antolatu bat aurkitu duelako” eta, horregatik, oso erne ibiliko direla gehitu dute: “Etxegabetzeek aurrera jarraitzen dute. Kutxabankek, gainerako bankuek, funtsek eta errentadun partikularrek egunero jarraitzen dute etxegabetzeekin mehatxatzen eta, hala badagokio, exekutatzen. Gogora dezagun etxegabetzea higiezinen negozioaren oinarrian dagoela. Espekulatu ahal izateko, espekulatzen duenak ordaindu ezin duena kalean uzteko gaitasuna eta indarra izan behar ditu eta horretarako existitzen da etxegabetzea bera”. Sindikatuaren ustean, “ezinbestekoa da borrokan jarraitzea”.

Beste bozeramaile batek hitza hartu du 2008 eta osteko urteetan protagonista izan den auzia mahai gainean dagoela berriro azpimarratzeko. “Interes-tasen igoera, bai bankuek bai gobernuak bazekitena iritsiko zirela, berriz ere milaka pertsona gure inguruan muturreko zailtasun ekonomikoetara eramaten ari da. Pertsona horiek, oro har, hipotekatu egin behar izan zuten etxebizitza bat lortzeko, eta, orain, ehunka euroko igoerak izaten ari dira bankuari ordaindu behar dioten hileko kuotan; bestela, badakigu, etxetik botatzeko arriskua eta mehatxua dago”. Egoera honi Patxirentzako lortutako konponbidea kontrajarri diote. Bozeramaileek momentu hau aprobetxatu nahi izan dute “zailtasunak dituzten pertsona horiei esateko, antolatzen bagara, irabaz dezakegula. Patxi etxetik bota nahi izan zuten hipoteka ordaindu ezin zuelako, eta lortu dugu: bere etxean geratuko da bere diru-sarreren arabera kalkulatutako alokairu bat ordaintzen”. Kaltetuta dagoen jendea etxebizitza sindikatuetan parte hartzera deitu dute, bertan “aholkularitza juridiko egokia topatu eta banku, inbertsio-funts eta errentista partikularrei aurre egiteko tresna” topatuko duela adieraziz.

Sindikatuko bozeramaileek euren aldarria testuinguratu eta “Euskal Herrian hamarnaka mila etxebizitza huts existitzen dira eta birbanaketa bat da tokatzen dena, erabiltzen hastea da. Jendea hipotekekin eta alokairuekin itotzeari utzi behar zaio, horiek baitira jabeek ditugun diru-sarrera apurrak lapurtzen dizkiguten bitartekoak”. Lortutako alokairu soziala  “norabide horretan urrats bat bada ere” sindikatuak argi utzi nahi izan du “etxebizitzak doakoa eta guztiontzat” izan behar duela.

Azkenik, Etxebizitza Sindikatuak, behin uda pasata, hurrengo astelehenean astero egiten duten aholkularitza juridiko eta asanbladekin hasiko direla berriro iragarri du, eta etxebizitzarekin arazoa duen orori helarazi diote bertaratzeko gonbitea. Aholkularitzak astelehenero izango dira, arratsaldeko 19.00etan, sindikatuak Galdakaoko Lehendakari Agirre plazako 7 zenbakian duen egoitzan. Sindikatuaren telefonoa ere eman dute (635 439 001), behar duenak deitu dezan.

Etxegabetzea bertan behera