Etxegabeko pertsonen eguna
Etxegabeko pertsonen eguna –
Joan zen etxegabeko pertsonen eguna. Irrati eta egunkarietan hamaika berri izan genituen, gure herrietan kalegorrian edo pobrezi arriskuan zenbait dauzkagun esanez. Baina zoritxarrez, hau ez da aste bateko notizia.
Denbora dezente daramagu albiste txarrak entzuten. Joan den urtean Eusko Jaurlaritzak txosten nahiko tristea atera zuen, 80. hamarkadako pobrezia zenbakietan gaudela esanez. Hilabete eskas beste berri bat gure Euskal Herrian: ia 20o.000 ume pobrezia arriskuan daudela irakurri nuen. Hau adibide bat besterik ez da. 2008tik 18ra pobrezia %46 igo zen. Eta pandemia honek ez du egoera hobetuko. Covid istorioetan buru belarri sartuta gaude, eta gauza hauetan ez. Baina egia da. Agian ez dugu ikusi nahi, baina gure kaleetan gero eta jende gehiago eskatzen ikusten da, jendea kalegorrian, bere bizitza normala aurrera eramateko minimorik ez daukana. Eta krisi hau hasi besterik ez da egin. Zer gertatuko da gure tabernariekin edo dendariekin? Gure enpresa txikietako langileekin? Langile prekario edo kontraturik gabe dabiltzenekin? Hurrengo urteak gogorrak izango dira, ziur. Eta gure babes soziala, murrizketaz murrizketa, minimoetan daukagu.
Bale, badakit, Europatik ez dakit zenbat mila milioi ekarriko omen dituzte covid-ari aurre egiteko. Baina momentuz hauek zenbakiak besterik ez dira. Gainera, zertan erabiliko dute diru hau? Osakidetzan? Hezkuntzan?Erresidentzietan, RGIn? Babes sozialan? EZ!! Diru hori Petronor, Iberdrola, AHT edo beste multinazionalek erabiliko dute bere proiektuak aurrera eramateko, obra erraldoiak eraikitzeko, bere onerako bakarrik. Orduan, beti bezala, indioak, jende arruntak, ez dugu ezer ikusiko. Beno, ikusi bai, ikusiko dugu: gure familia eta lagunak gorriak pasatzen hilabetea bukatzeko. Eta gure agintariak dirurik ez dagoela esango dute, eta gerrikoari beste buelta bat eman beharko diogula. Gure gerrikoak ez dauka lekurik beste zulorik egiteko. Aurrekoan bezala, krisi hau guk ordaintzea nahi dute. Gure miseria haien negozioa.
Aurrekontuak prestatzen ari dira ere bai. Aurten ere, feministak, sozialak eta ez dakit zer gehiago izango dira gure politikarien ahoetan. Zenbakiak ikusi beharko ditugu, baina apustuak onartzen ditut: zenbat mila miloi AHT madarikatuarentzat, eta zenbat mila milloi erresidentzietarako? Gure Gasteizen, zer eraikin erraldoi eta garestik eramango ditu milioi batzuk, gure kaleetan jendea eskatzen dagoen bitartean? Zenbat miloi Aterpe, Camas, edo gizarte zerbitzurako, eta zenbat tranbiarako?
Gauzak dauden moduan, benetan behar dugu Antzokirik, tranbia, tren edo eraikin erraldoirik? Obrak pertsonak baina garrantzitsuagoak dira? Eta ez dut onartzen betiko aitzakia: hau lana izango dela, eta honekin ekonomia bultzatuko dutela. Bultzatzen duten ekonomi bakarra lagun enpresarioarena da. Soldata miserableen truke kanpoko langileak ekarriko dituzte haien poltsikoak loditzeko. Hemengo langileak, lehen bezala, obrak barreratik ikusten, eta ordaintzen. Gainera hain famatu bihurtu den ingreso minimo hori hemen gutxi nabarituko dugu, ze RGI oso murriztuta daukagu jadanik.