Etxebizitza: EAJ jendearen kontra

Etxebizitza: EAJ jendearen kontra –

Etxebizitza izateko aukera da euskal jendarteko arazo larrienetako bat. Errenta garestiegiek, ordaindu ezin diren hipotekek eta la

Etxebizitza izateko aukera da euskal jendarteko arazo larrienetako bat. Errenta garestiegiek, ordaindu ezin diren hipotekek eta lan prekaritatearen hedapenak eragiten dute milaka gazte beren bizi-proiektuari ekin ezinik egotea, edota migratzaile askok eta askok abusuak pairatzea, esaterako logelen alokairuaren inguruan sortu den burbuila medio.

Egoera honen ardura Eusko Jaurlaritzarena da; berari dagokio etxebizitza politika, hain zuzen oraintsu gogorarazi nahi izan duen bezala. Hortaz, arazoa larria bada izango da bere politikak jendearen beharrizanak alboratu dituelako eta beste interes batzuk lehenetsi dituelako: eraikuntza enpresa, higiezin-agentzia eta espekulatzaileenak.

ELAk iritzi kritikoa adierazi zuen estatuko Etxebizitza Lege berriari buruz. Bere izena gorabehera, inola ere ez du etxebizitza izateko eskubidea bermatzen eta jaso dituen neurriak ez dira nahikoak.

Bestalde, ELAren posizioa da etxebizitzari buruzko erabakiak, gure bizi- eta lan-baldintzak taxutzen dituzten beste guztiak bezala, Euskal Herrian hartu behar direla. Esaterako, 2017an prozesu soberanista baten alde LABekin batera plazaratu genuen adierazpenak galdegiten zuen ahalmen osoa “eredu sozial alternatiboa” bultzatzeko, bizi eta lan baldintzak hobetu aldera. Horrela, eragin-ahalmen handiagoa izango dugu, jendartearen zati batek ikusiko baitu erabakiak berton hartzea hobea dela, hori bere onerako delako.

Etxebizitza Legearen kontra Auzitegi Konstituzionalean helegitea sartzea hain justu beti proposatu izan dugunaren aurkakoa da, hots, hemen erabakitzea eskubide gehiago izateko eta hobeto bizitzeko aukera izan dezagun. Gainera, horrela gehiengo sozial bat jarri genezake berton erabakitzearen alde. Haatik, kontrako norabidean doa Eusko Jaurlaritzak inguru tenkatuetan errentak mugatzeko aukeraren aurka egitea (ezen ez baita beharrezkoa). Helegite hori aldrebeskeria politiko bat da, areago Konstituzionalak Kataluniako Inguru Tenkatuen figura gaitzetsi zuenean, orduan ez zegoelako hori posible egin zezakeen estatu mailako markorik. Orain, bederen, marko hori sortu da.

ELAren iritziz, EAJk Eusko Jaurlaritzaren bidez ez du sartu helegitea eskuduntzen alde egiteko, baizik eta joko-zelaia lokazteko. Batetik, horrela ez luke neurririk hartu beharko euskal instituzioek etxebizitza eskubidea bermatzeko betebeharra izan dezaten. Bestetik, ez luke premiazko erabakirik hartu beharko, adibidez EAE guztia inguru tenkatu izendatzea, kasu batzuetan errentak mugatzeko. Gustokoa izan ala ez, estatuko xedapen hori gabe hemen ezin da erabaki hori hartu. Gezurra dirudi ekintza politikoaren oinarritzat errealismoa saltzen dutenek horrela jokatzea.

Inola ere, etxebizitzaren arazoa ez da kontu bakana. Izan ere, EAJ eta bere arduradun instituzionalek ez dituzte gogo onez hartu izan Madrilen aurrerapauso sozialak zekartzaten neurriak. Esaterako, eskuduntzen inbasioa argudiatu zuten garraio publikoaren prezioa jaitsi zenean. Orduan ere ez zen egia, Pedro Sanchezen gobernuak soilik garraio-prezioaren %30 finantziatu baitzuen baldin eta eskumena duten administrazioek (autonomia erkidegoak, aldundiak, udalak…) gainerako %20 beren gain hartzen bazuten.

ELAren aburuz, EAJren posizioa erraz azal daiteke: hobekuntza sozialik ez du nahi aurrekontu publikoa handitzea eragiten badute edota interes ekonomiko handiak ukitzen badituzte.

Hori dena jendearen kontra doa. Ez baita gauza bera etxebizitza arazo larria izatea ala ez izatea. Bestalde, erakunde abertzale den aldetik, ELA kezkatuta dago euskal instituzioek, beren eskuduntzak aintzat hartu eta etxebizitzarako eskubidea bermatu ordez edota doako garraio publikoa garatu ordez eskuduntzak oztopo gisa erabiltzen dituztelako eskubide sozialik ez aitortzeko.

Deigarria da EAJk Auzitegi Konstituzionalera joko duela iragartzea, noiz eta hauteskunde orokorretan astindua jasan duenetik hiru egun igaro direnean. Ez ote da boto jaitsiera halako erabakien ondorio? Eskuduntzak behar ditugu, noski, baina zertarako? Noren mesedetan baliatzeko? Hor dago koska…

.

Mikel Novalek (Azterketa Bulegoa) eta Leire Gallegok (Ekintza Soziala)

 

Etxebizitza: EAJ jendearen kontra
Etxebizitza: EAJ jendearen kontra

ELA - Genero Ekitatearen arduraduna