Etxebizitza?
Etxebizitza? –
Aspalditik hedabideetan etxebizitza duinerako eskubideari buruz hitz egiten ari da, eztabaidatzen, bai eta itxurabakotzen. Egia da Estatu Espainiarrean etxebizitza duin baterako eskubidea bere konstituzioaren 47. artikuluan aitortuta dagoela:
Espainiar guztiek bizitza duin eta egokizko bat izateko eskubidea dute.
Baina, artikuluaren bigarren zatian zentzu praktiko guztia kentzen diona gehitu zuten, hau da:
Botere publikoek behar diren baldintzak bultzatuko dituzte eta arau erakoak ezarriko eskubide hau egiaztatzeko, lurraren erabilpena arautuz interes orokorraren arabera espekulazioa baztertzeko.
Zer baldintza bultzatuko dituzte? Zer esan nahi du behar diren aipatzen duenean? Eta interes orokorraren arabera? Zein da modu egokiena espekulazioa baztertzeko? Guk, etxebizitzaren politika publiko kaltegarriak pairatzen ditugunok, galdera hauei erantzunak badakizkigu, baina manua hala idatzita, politika publikoak bideratzen dituen hasi-masi bihurtzen da eta eskubide hau bete dadin auzitegietan galdatzeko gaitasuna lapurtzen digute. Hortaz, azter dezagun egoitzaren egoera gure gizartean.
Gaur egun, gazteok Espainiako Erresuman egoitza-baztertzea jasaten dugu, gure diru-sarreren arabera bizitokia hautatzen da, gizarte-polarizazioa ekarriz eta sozioekonomikoki hiriak zatituz. Hego Euskal Herrian babes publikoko etxebizitza parkea ez da handitzen ari. Are gehiago, txikiagoa da, Espainiako Gobernuaren hautu politiko baten karietara: babes publikoko etxebizitzek izendapena galtzen dute denbora joanarekin, horrexegatik, epe jakin bat pasatu ondoren, babes ofizialekoa izanda erositako etxe bat merkatu pribatuan sal daiteke. Berriak argitaratu zuen bezala, urtean 54.000 etxebizitza publiko baino gehiago pribatu bilakatuko dira.
Halaber, eraikuntzak eta etxe berrien eskaintza eskari irreal baterako diseinatzen dira. Ez dira kalitatezko eta langileentzako etxebizitzak egiten ari, baizik eta garestiagoak eta ahalegin erraldoiekin sarbidea ahalbidetuz. Gainera, pertsona bakoitzaren diru-sarreren %30 etxea ordaintzeko gehienezko kopurua izan behar izango litzatekeela jakinik, gazteentzat batez bestea %56.8 da. Baina adin-atalak kontuan hartuz, 18 urtetik 24etara portzentaje hori %210 bihurtzen da. Izan ere, emakume gazteentzat gizonezkoenak %10 baino gehiago da urtero ia bi mila euro baino gutxiago kobratzeagatik.
Hala eta guztiz ere, Administrazioak ez dira alokairuen prezioetan sartzen, ez beste munduko hiri batzuk egin duten moduan. Jaurlaritzak badaki bi talka zehatz daudela: lehengoa etxebizitzarako eskubidea eta, gero, jabetza pribaturako. Politika publikoen arabera gobernu bat epaitu ahal bada, gurea patroien aldean dago. Jeltzaleek, zenbatekoak murriztu beharrean, diru-laguntzak aukeratu ditu. Berriz, hutsuneak dituenez gero, dirua ez zaio premia duen jende guztiari ailegatzen, eta, oro har, ez da nahikoa suertatzen ari.
Laburbilduz, etxebizitza (duin) baterako eskubidea eztabaidagarrienetakoa da munduan, ia araudi guztiek aitortzen baitute, baina oso gutxik, eta eragingarri gisan askoz gutxiagok, bermatzen dute. Hortaz sindikatu, galdatu, aldarrikatu, edo matxinatu, baina jarrai dezagun!