Etsiak jota ETBren albistegiekin
Etsiak jota ETBren albistegiekin –
Joxe Aranzabalek Faroa blogean.
Etsigarria izan da asteburu honetan Euskal Telebistaren zenbait albistegi ikustea, batez ere ostiral eta larunbatekoak. Kontuan hartuta pandemia baten erdian gaudela, ETBk gai bat izan du nagusi berriak ematerakoan: zein larria den ostalaritzaren egoera. Justifikatu beharra zegoen, antza, Eusko Jaurlaritzak zergatik lasaitu dituen ostalaritzaren inguruko neurriak, osasunari dagozkion parametroak txarrak izan arren, Alemaniak dituenak baino ia lau aldiz okerragoak.
Horrela, ematen zuen ostalaritzak sostengatzen duela herri hau, eta ostalaritza dela pandemiako sufritzaile nagusia eta bakarra. Medikuen sufrimenduaz, erizainen sufrimenduaz, ospitale eta anbulatorioetako profesionalen sufrimenduaz, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan dauden gaixoen sufrimenduaz, ospitaleetan eta etxeetan konfinatuta dauden gaixoen sufrimenduaz, arrastorik ere ez albistegietan.
Dudarik ez dago ostalaritzako profesionalak eta langileak gorriak pasatzen ari direla pandemia honetan, baina ez dira bakarrak. Jende asko dago sufritzen, alde askotan, eta Euskal Telebistako albistegiek ez dute beste horien sufrimenduaren berri ematen hain nabarmen. Eta horrek ondorioak ditu pandemia modu batean edo bestean ikusteko orduan.
.
Infantilizatu pandemia
Beste herrialde batzuetako telebista publikoek —Kanadakoak, esate baterako— ez dute eragozpenik Covid-19 pandemiaren aurpegi itsusia erakusteko. Horrela, albistegietan erakutsi dituzte erreportaje batzuk, non ikusten den kazetari bat eta kameralaria ZIUetan sartzen, eta, mediku batek gidatuta, erakutsi duten zelan bizi diren han daudenak, haien zaintzaileak eta ingurukoak. Gure telebista publikoak nahiago izan du gu infantilizatu, pandemiaren alde zatarra ezkutatuta.
Gurean ondorengo gaiak gutxi ikusiko ditugu albiste moduan tratatuta, eta, ikustekotan, oso aldian behin:
- Adituen iritziak egunero jendearen edo kazetarien galderei erantzuten. Felix Zubiak Euskadi Irratian igandero egiten duena, baina egunero bi-hiru medikuk hitz eginda. Orain arte ikusitakoagatik, ematen du ETBko zuzendaritzak ez duela nahi albistegietan protagonismorik eman osasunaren adituei.
- Hildakoak numero bihurtu ditugu. Kanadako albistegiak sarri erakusten ditu hildako bizpahiruren kasuak: izen-deiturak, argazkiak eta historia laburra. Era horretan, ikusleak barneratu egiten du pandemia honek hil egiten duela, eta, zenbaitetan, hildakoak gu bezalakoak direla.
- Ospitaletako profesionalek zelan egiten duten lana: medikuek, erizainek, garbitzaileek… Lehen olatuan txalo egiten genien; orain, ez txalorik, ez eta kasurik ere. Ez dakigu zelan dauden, zenbat hil diren, zenbat kutsatu, estresak jota dauden, zer eskatzen duten. Gauza asko ez dakigu.
- Gaixoek zelan bizi duten gaixotasuna. Ospitalean daudela, seguru badaudela gaixoak onartuko luketenak kamera aurrean hitz egitea, euren egoera esplikatzeko. Gaixotasun hau desberdina da, eta ikusleoi ondo letorkiguke gaixoen bizipenen berri izatea.
- Osatu direnak zelan bizi dira? Utzi die ondoriorik SARS-CoV-2 birusak? Zelako arazoak dituzte? Osakidetza zer egiten ari da horien bizimodua hobetze aldera? Zeintzuk dira birusaren epe luzeko ondorioak? Birikak, memoria, mugimendua, antsietatea… Zelan ulertu behar ditugu?
- Zaharren etxeetan zelan bizi izan zuten lehen olatua? Eta bigarrena? Hobeto prestatuta daude orain? Zer neurri hartu dituzte zaharrak babesteko? Bertako langileak pozik dabiltza? Eta egoiliarrak?
- Telelana. Zenbateraino zabaldu da? Zenbait enpresak zergatik ipintzen dituzte oztopoak telelana egin dezaketen enplegatuek etxetik lan egin dezaten? Zeintzuk dira telelanaren arazoak?
- Etxeak eta pandemia. Zenbateraino aldatuko dira etxeen diseinuak pandemia honen ostean?
- Radar COVID eta beste aplikazioak, pandemiari aurre egitekoak. Zenbat daude gure esku? Zenbat jaitsi dira EAEn, Nafarroan eta Iparraldean? Zergatik jende askok ez du nahi aplikaziorik jaisterik? Ondo esplikatu da horrelako app baten premia?
- Txertoa. Seguruak dira? Zergatik? Nola antolatuko da hura zabaltzeko logistika? Zer ezaugarri ditu txerto bakoitzak? Transplantatuek hartu ahal izango dute? Behin hartuta, firin-faran ibil gaitezke, ala oraindik neurriak hartu beharko ditugu? Hauek eta beste galdera batzuk ondo esplikatu beharko dira txertoa bera iritsi aurretik ere, bestela jende asko haserre bizian jarriko da, askok uste baitute behin txertoa hartuta, kito babes neurriak.
- Negazionistak eta eszeptikoak. Zergatik daude hainbeste negazionista edo eszeptiko txertoaren inguruan?
Iragan ostiral eta larunbatean Gaur Egun eta Teleberrialbistegiek anplifikatu egin dute pandemiak ostaralitzan eragin dituen kalteak, eta isildu beste kolektibo askotan eragiten dituenak. Igandean ez dut gogorik izan telebistaren aurrean jartzeko.
Halako batean, unibertsitate bateko norbaitek (berdin unibertsitatekoa ez bada ere) aztertu beharko du zer rol jokatu duten ETBren albistegiek pandemia garaian.