Etsaia ulertzea komenigarri denean

Etsaia ulertzea komenigarri denean –

Amatiñok bere blogean.

“Zuk etsairen bat baduzu –eta legez kanpoko erakundeak etsaiak dira, hain zuzen ere demokraziaren etsaiak direlako—uste dut beti ere komenigarri dela etsaia ulertzea. Baina honek ez du esangura hedabidearen kontrola eman behar zaionik” (Sir Charles Curran. BBC).

Bostehun eta hamalu hiritarrek gutuna idatzi diote Donostiako Zinemaldiaren zuzendaritzari, Jordi Évolek Josu Urrutikoetxeari egindako elkarrizketa –“No me llame Ternera” (Netflix, 2023)— aurtengo ekitaldian ez aurkezteko eskatzen. Jose Luis Rebordinos zuzendariak kazetarien aurrean zehaztu du, ordea, Zinemaldian ez dutela idatzirik jaso, ez duela ulertzen nola hedabideei bidali dakiekeen gutuna hartzailea Zinemaldia baldin bada, eta are gutxiago ulertzen duela horrenbeste lagunek nola eman dezaketen elkarrizketari buruzko iritzia, filma ikusi ez baldin badute.

Etsaia ulertzea komenigarri deneanAreago, hainbati ikusteko aukera eman arren, ez duela “ikusi nahi izan, iritziz aldatu beharrik ez izateko”. Hau guztia, Zinemaldiaren aurtengo Jasangarritasun Planaren Aurkezpenean zehar erantzun behar izan die Rebordinosek kazetariei, gaur goizean, eguneko gaiz kanpo galdetu diotenean.

Oro har, Zinemaldiaren zuzendariak beste behin gogorarazi du “gutxienez 15 aldiz esandako berbera”. Alegia, “niretzat ETA banda faszista eta erailtzailea da. Ezin argiago esan”. Donostiako Zinemaldiak ez duela sekula proiektatuko “ETA zuritu dezakeen ekoizpenik”, eta ekoizpena ikusi gabe horrelakorik esatea “ulertzen ez dudan izugarrizko zorroztasun intelektualik eza da”.

Jose Luis Rebordinosek zehaztu nahi izan du: “filmak ez du bidezko edo legezko ez denik ezer”. Eta ezarri: “Elkarrizketa ez da inola ere ETAren aldekoa”, eta “mundu guztiak ikusi ahal izango du”. Zinemaldiaren zuzendariaren ustez: “Puxika puztu da, eta hustu ere hustuko da”.

.

 50 urteko aurrekaria

Ez omen daude, gero, kasu bi berdin, baina oraingo honek gogorarazten digu 1970eko hamarkadan Erresuma Batuan izan zen ika-mika BBCren zuzendaritzaren aurka, IRAko buruzagiren bati egindako elkarrizketa zela eta ez zela.

Sir Charles Curran Zuzendari Nagusiak esku hartu behar izan zuen azkenean, eta esan: “BBCk ez du inoiz erabat eragotzi legez kanpoko erakundeen ordezkariak elkarrizketatzea, zenbait abagunetan beharrezko izan daiteke-eta jendeak ulertzea zein den haien kausa. Zuk etsairen bat baduzu –eta legez kanpoko erakundeak etsaiak dira, hain zuzen ere demokraziaren etsai direlako— uste dut beti ere komenigarri dela etsaia ulertzea. Baina honek ez du esangura hedabidearen kontrola eman behar zaionik”.

Etsaia ulertzea komenigarri denean

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.