Etorri-berriak eta bozka abertzalea
Etorri-berriak eta bozka abertzalea –
Txomin Poveda, Enbatan.
Enbatako azken edizio koloretsuek, dosier berezia eskaini zioten etorriberrien fenomenoari. Bagira prozesuaren bide orrian ere, erronka nagusi gisa identifikatutako gaia da. Kronika honen bidez etorri-berriak eta ondorio elektoralak argituko dira 2017ko eta 2022ko legebiltzarreko hauteskundeen datuetan oinarrituz.
Azken urteetan, han eta hemen asko entzun edo irakurri dugu hazkunde demografikoarekiko beldurra. «Etorri-berrien» izenaren atzean, Frantziatik etorritako erretretadun, zahar, eskuindar, burges eta frantsesdun elebakarrak irudikatzen direlako gehienetan, haien etorrera Mugimendu Abertzalearentzat ondorio kaltegarriak sortzen dituela pentsatzen da. Arazoa da intuizio horren baieztatzeko edo ezeztatzeko datu objektiboak eskas direla. Denis Caniaux-ren elkarrizketak informazio asko ekarri zituen. «Etorri-berrien» atzean profil ezberdin asko atzematen direla agerian ezarri zuen. Haatik, fenomeno horren ondorio elektoralak ez zituen argitzen. Kronika honek gaiari ekarpen xume bat egin nahi lioke. 2017ko eta 2022ko legebiltzarreko hauteskundeen datuetan oinarritzen da, 2024koen lehen itzulia aitzin idatzia izanik.
Etorri-berriek ez dute asko bozkatzen
Lehen irakaspena da etorri-berriek aski guti bozkatzen dutela. 2014tik 2020ra etorri-berrien saldoaren hazkundea +22.194koa izan zen (banabeste +3.699 urtean). 2017tik 2022rako tartean, legebiltzarretan bozkatzeko izena eman zuen kopurua 15.211 pertsonaz emendatu zen (+% 6,62), baina 1.991 bozkatzaile gehiago izan ziren bakarrik (+% 1,61).
Ez dute ezkerreko abertzaleen gorakada kaltetzen
Etorri-berrien kopurua emendatzen den bitartean, EHBairen aldeko bozak gora doaz. 2017tik 2022ra, EHBaik 3.376 bozka irabazi zituen legebiltzarren lehen itzulian. Beste hauteskundeetan ere, ikusten dugun tendentzia orokorra da. Sekula lortu ez dituen emaitzak biltzen ditu EHBaik, etorri-berrien kopuruek sekula ikusi gabeko emendatzea bizitzen dutelarik ere.
«Sekula lortu ez dituen emaitzak biltzen ditu EHBaik, etorri-berrien kopuruek sekula ikusi gabeko emendatzea bizitzen dutelarik ere»
Baina hori baino gehiago erran daiteke. Kopuru handienetan instalatzen diren herrietan, EHBairen boto hazkunde kopuru handiena atzematen da ere. Etorri-berrien hazkundea eta EHBairen botoena azkartuz doaz Lapurdiko itsasbazterrean eta iparreko herri guzietan (Ziburu salbuespena izanki etorri-berrien hazkunde negatiboa eta EHBai boto positibo azkarra baitu), baita Maulen, Donapaleun edo Donibane Garazin ere. Etorri-berrien instalazioak ez du beraz ondorio kaltegarririk ekartzen EHBairen bozetan eta nolabait, alderantzizkoa lirudike.
Etorri-berrien eta EHBairen botoen hazkundeek ez dute loturarik
Datuak, herriz herri hurbilagotik begiratzean, etorri-berrien eta EHBairen botoen hazkundeek, batera doazen bi fenomeno baldin badira ere, ez dute korrelazio estatistiko adierazgarririk. Bi fenomenoen arteko hazkundeak ez dira proportzionalak. Beste indar politikoekin konparatzen delarik ere, ez da lotura estatistiko adierazgarririk atzematen. Etorri-berrien botoek edo instalazioak ez dute baldintzatzen EHBairen aldeko edo kontrako botoa.
Hauteskundeak baldintzatzen dituzten parametroak beste batzuk dira
Funtsean, etorri-berrien hazkundeak ez dio onurarik edo kalterik ekartzen ezkerreko abertzaleen bozkari hiru arrazoi nagusirengatik:
1. Lehen erran bezala, guti bozkatzen dutelako.
2. Bozkatzen dutenen artean, profil biziki ezberdinak direlako: EHBairen aldekoak (itzultzen diren ikasleak, sentsibilitate progresista dutenak, Hego Euskal Herritik etorritako ezkerreko abertzaleak, etab.) edo gainerateko indarren aldeko botoa ematen dutenak.
3. Oroz gainetik, hauteskundeetan azkarki eragiten duten faktoreak beste batzuk direlako: momentuko giro politikoa (gobernatzen duen alderdiarekiko nazka maila, gauzak aldatzeko aukera, mediatizazioa, sondeoen eragina…) eta eskaintza politikoa (hautagaiek edo alderdiek duten babes soziala eta ordezkagarritasuna, hautagaitzen aliantza konfigurazioa, etab.).
Halere, gaurko egunean eraginik ez badu, COVID garaitik goiti, etorri-berrien hazkundeak sekulako azkartzea bizitu du. Ondoko urteetan efektu bat izan dezake baina hemen sortu eta sekula mugitu ez direnen multzoari konparatzen delarik, etorri-berriek hauteslegoan duten pisua aski mugatua dela gogoan atxiki behar da.
Datu horiek, etorri-berriak ezkerreko abertzaleen kalte elektoralen iturrian liratekeen intuizioa ezeztatzen dute eta errealitate gordina agerian uzten: ezkerreko abertzaleen alde bozkatzen ez duten, eta azken urteetan azkarki eskuin muturrera lerratzen ari diren bozkatzaileak, ez dira etorri-berrien fenomenoari lotuak. Kalte elektorala, gure herriaren barnetik heldu zaigu nagusiki, kanpo-faktoreen eraginez seguruenik, baina ez kanpotik etorritako jendearengatik.