Etorkizuneko erronkei aurre egiteko bideak irudikatu ditu Enpresareanek Kursaalen

Atzo, urriak 23, egin zen Donostiako Kursaal Jauregian Enpresarean jardunaldia. Guztira, 115 bat lagunek parte hartu zuten, 80 erakunde eta enpresa ordezkatuz. Rober Gutiérrez, Bai Euskarari Elkarteko zuzendariaren hitzetan, “helburuak bete dira eta etorkizunean gure enpresek izango dituzten erronkei aurre egiteko bideak irudikatu ditu Enpresareanek”.

Etorkizuneko erronkei aurre egiteko bideak irudikatu ditu Enpresareanek Kursaalen

Laboral Kutxako Josu Arraizak, Donostiako Udaleko ordezkari Nerea Txapartegik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zigor Etxeburuak eta Bai Euskarari Elkarteko zuzendari Rober Gutiérrezek ireki zuten jardunaldia aurkezpen instituzionalarekin.

Ondoren, Euskal Herriko enpresen etorkizuneko erronken inguruko mahai-ingurua egin zen eta bertan izan ziren Gaindegiako Imanol Esnaola, Laboral Kutxako Josu Arraiza, Azaro Fundazioko eta Lea-Artibai Garapen Agentziako Ainara Basurko, ADEGIko Xabier de la Maza eta Jean-Louis Haringardoquy, Ipar Euskal Herriko Hemen elkarte ekonomikoko zuzendaria. Guztiek bat egin zuten hausnarketan eta etorkizunera begira bidaia-orri antzekoa idatzi zuten: “Leihakortasuna sustatzeko elkarlana berrikuntzan eta kalitatezko zerbitzuetan”.

Bigarren mahai-inguruan komertzio elektronikoa izan zen mintzagai, eta beste bost lagun aritu ziren mahaiaren bueltan. Jabi Asurmendi (Bitarlan), Gari Araolaza (CodeSyntax), Iruri Knörr (Nolatan, Ideateca, Ludei), Arkaitz Sukuntza (Ttalaka) eta Mikel Aranburu (Euskal Herriko plaza). Salmenta elektronikoaren esparru zabala aztertu zuten, zerbitzu zein produktuen salmenta, abantailak eta eragozpenak, saldu osteko zerbitzua…

Arin-arin formatuan

Arin-arin formatuan 16 enpresak euren proiektuak aurkeztu zituzten. Askotariko sektoreetako ordezkaritza izan da taula gainean. Komunikazioa, industria, eraikuntza, hezkuntza, hizkuntza… eta oro har, oso formatu dibertigarri eta berritzailean, hiru minutuko saioetan euren burua aurkeztu zuten. Etorkizuneko erronkei aurre egiteko bideak irudikatu ditu Enpresareanek Kursaalen

3D printing-eko aurkezpen bat ere egin zuen Mikel Arbeloa iruñarrak eta eredu arrakastatsuenen atalean, Aner Garmendiak, Egamaster enpresa gasteiztarraren esperientzia azaldu zuen. Gainera, Donostia Sustapeneko Ainhoa Aldasorok bere erakundea aurkeztu zuen.

Saioari amaiera emateko formazioaz aritu ziren, Deustuko, Mondragon Unibertsitateko, Euskal Herriko Unibertsitateko eta HETEL erakundeetako ordezkariak. Nolakoak behar du izan etorkizuneko ikasleak? Enpresan moldagarria eta irekia pentsakera eta egiteko eratan. Hori omen da etorkizuna.

Aurtengoa amaituta, 2016koa prestatzen hasiko da orain Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea.

Streaming bidez, 200 lagunetik gora

Streaming bidez zuzenean jarraitu ahal izan da jardunaldia eta 200 lagunetik gora izan dira jarraitu dutenak. 11:30ean 188 ikusle zeuden, 13:00etan 232 ikusle eta 14:00etan, berriz, 224.

Argazkiak

Jardunaldiko argazkiak dituzue ikusgai Flickr.com-en.
Etorkizuneko erronkei aurre egiteko bideak irudikatu ditu Enpresareanek Kursaalen