Etorkizunean ere mendien alde
Etorkizunean ere mendien alde –
Orain dela hogei bat urte izandako mehatxuak datoz Gipuzkoako mendietara berriro ere, eta ez nolanahiko neurrian, gainera; tamaina eta kantitate handiagoan baizik. Proiektuok —bakarren bat jadanik eraikia; Zubietako erraustegia, kasurako— landa-eremuan edota mendian dute kokalekua. Orain, aerosorgailu erraldoien —200 metroko garaiera dutenak— txanda da eta hektarea ugari okupatzen dituzten zentral fotovoltaikoena ere. Guztiak energia jasangarriaren izenean. Asko dira suntsiketaren mehatxupean dauden mendiak: Aizarna, Sañu, Txoondegi, Komisolatza, Mendibeltz, Bidani, Illaun, Urraki, Izazpi, Samiño, Oleta, Meaka eta Irimo, Larramendi, Basalgo, Andutz, Ezkeltzu, Adarra, Zaburu… Horiek eta gehiago.
Neurri handiko azpiegitura energetiko horiek eragingo dituzten kalte ekologikoek betirako eraldatuko dute Gipuzkoa. Industriarekiko fedeari jarraituz gero, ultraindustrializatutako lurralde bilakatzeko arriskuan geundeke, mendiak eta landa eremuak zer diren jakiteko beste paraje batzuetara irten behar izateraino.
Mendiak eta landa eremuak erabateko garrantzia dute gure lurraldean; batez ere ekosistemarentzat, baina baita basogintzarako, nekazaritza eta abeltzaintzarako, ehiza eta arrantzarako, kirol jarduera eta erromerietarako ere… Ezin ditugu ahaztu mendiek eta espazio naturalek betetzen dituzten funtzio sozialak, komunitateen ehundura sendotzen dituztenak, gure kultura eta historia ere barnebiltzen dituztenak. Horiez gain, mendiak, Gipuzkoako paisaiak, identitate sortzaileak ere badira, garen bezalakoak egiten gaituzte. Lurraldearekin lotzen gaituzte. Zer-nolako lotura izango lukete etorkizuneko gipuzkoarrek erabat suntsituko bagenu?
Badirudi Eider Mendozari Energia Jasangarrirako Estrategia. Gipuzkoa 2050 txostena Gipuzkoako Diputazioko tiraderan ahaztu zaiola. Izan ere, esan berri du antzeko txostenak oso garestiak direla. Dokumentua 2021eko abenduaren 21ean onartu zen —San Tomas egunean, kasualitatea ote?— eta bere 534 orrialdeetan txostenak dio Gipuzkoak duen orografiagatik eta populazio dentsitateagatik, lurraldea ez dela egokia horrelako makroproiektuak garatzeko eta ez direla errentagarriak.
Txostenak berak, aldiz, dio autokontsumorako energia sare deszentralizatu bat sortu behar dela, gertukoa eta txikia. Bada, has gaitezen hortik eta inbertitu dezagun diru publikoa horretan, eta erabil ditzagun ditxosozko Next Generation diru funtsak etorkizuneko pertsonen bizitza guztiak bizigarriak izan daitezen; eta ez multinazionalek nahi duten tokian nahi duten proiektua garatuz poltsikoak bete ditzaten.
Badaude, beraz, inposatu nahi duten eredu horren aurretik, garatu beharreko alternatibak. Makroproiektu hauek egin besterik ez dagoela dioten eta Energia berriztagarrien LPSa aprobatzeko presa duten horiek badute nora jo: Energia Jasangarrirako Estrategia. Gipuzkoa 2050 txostena.
Bukatzeko, datorren irailaren 29an, eguerdiko 13:00etan, Zelatunen, Ernio azpian, iraileko azken igandean urtero egin ohi den erromeria nagusian Gipuzkoako Mendiak Askeko kideok Mendietan zentral eolikorik ez! lemapean egingo den kontzentraziora gonbidatu nahi zaituztegu. Orain dela bi hamarkadako borrokari leial izaten jarraituko dugu mendien eta landa eremuaren alde.
Josebe Blanco, Gaizka Otamendi eta Xabier Odriozola
Gipuzkoako Mendiak Aske, Sagarreta natur taldea, Larramendiko Arnasa, Karakate Bizirik!, Andatza Ezkeltzu Bizirik!, Oletan Ere Ez!, Sañu Bizirik!, Errezil Bizirik! eta Meaka-Irimo herri plataforma