Etorkizuna, asmakizun
Etorkizuna asmakizun –
Informazio turistikoen arabera, Davos hiria bisitatzeko urteko unerik onena uztaila da, baina udan bertara joanez gero, ez da iragan asteko jende-andanaren arrastorik izango. Urtarrilaren 21etik abian da urtero-urtero bertan elkartu ohi den Davos Foroa, munduko gaitzak, argiak eta itzalak, aztertzea helburu duena. Bisitak mereziko luke berdin-berdin paisaiaren edertasunaz gozatu ahal izateko, baina munduaren berri zehatzago izan nahi baduzu, irakurle, hobe zenuke aste honetan gerturatzea. Propio jantzita, hori bai.
Beste behin ere, kalapita geo-ekonomikoa, polarizazio geopolitikoa eta teilakatzen diren krisien uztardurak mahai gainean izango dituzte 55. Topaketan elkartuko diren mundu osoko agintari, aditu eta kuxkuxeroek (askotan, ez da erraza izaten argi jakitea nor den nor kategoria bakoitzean). Aurten Adimenaren Arorako Lankidetza goiburua aukeratu dute, munduko erronken aurrean elkarrekin erantzutearen premia azpimarratzeko-edo.
Egitarauan denetarik dago eta ugari, gerora nagusituko diren politika publikoak eta enpresa-estrategiak baldintzatzen dituzten txostenak eta erabakiak. Horien adibidea argia da The Future of Jobs Report delakoa, Davoseko foroaren ateak ireki baino lehen argitara eman ohi dutena.
Txostenaren arabera, 2030erako 170 milioi lanpostu berri sortuko dira munduan, eta hori horrela, denbora-tarte berean galduko direnak aise ordezkatuko direla aurreikusten da. Enpleguaren aldeko saldo positiboa iragartzen du ikerketak, 78 milioi lanpostukoa, baina argi erakutsi du hazkunde hori ez dela uniformea izango: teknologia-sektoreek gorakada izango duten bitartean, administrazio- eta laguntza-rolek behera egingo dute eta, beraz, enpleguaren merkatua, beste behin ere, desoreka-sortzaile izango da neurri zuzentzailerik ezarri ezean.
Joera nagusiak aztertzerakoan aurresateko moduko panorama marraztu du txostenak. Ez da inor harrituko, adibidez, trantsizio digitala faktorerik eraldatzaileena izango dela esaten badugu. Harrigarriago izango da, ordea, iraultza berdeak izango duen pisua nola neurtzen den jakitea: txostenaren arabera, suntsitutakoak baino bost aldiz enplegu berde gehiago sortuko omen dira epe labur eta ertainean, hitzetik hortzera zabaltzen ari diren aurreikuspen askoz ezkorragoen kontra. Bi faktore horiez landa, bilakaera demografikoak sortuko dituen aukerak ere aztertzen dira. Batetik, kontsumo-gaitasun handieneko merkatuetan biztanleriak zahartzera egiten jarraituko duela eta, herri garatuetan osasun eta zaintza-sektoreek lanpostuak sortuko dituztela eta bestetik, ekonomia emergentetan hezkuntza-sektorearen gorakadari adi jarraitu behar zaiola.
Lehendik existitzen diren desberdintasunak areagotuko dira datozen urte hauetan: herrialdeen artekoak, lehenik, baina baita belaunaldien eta generoen artekoak ere.
Datu-uholdearen artea, adibide argia da ondoko hau: emakumeek arlo teknologikoetan %30 baino gutxiago izanik, etorkizun-aukera hobeak dituzten ordaindutako enpleguetatik kanpo geratzen ari dira eta gainera, administrazio- eta laguntza-roletan duten parte hartzea gizonena baino nabarmen handiagoa izanik, automatizazioak gehien mehatxatzen dituenen artean daude. Gaude.
Ikuskizun da asmatuko ote duen, txostenak berak azpimarratzen duen bezala, ziurgabetasunik eza oso handia izango baita, tentsio komertzialak areagotuko direlako, eta maila geopolitikoan segurtasunik batere ez dagoelako eta ez delako izango. Txostenak hamarkada amaiera arteko epea hartzen du eta bost urte horietan zer jazoko den aurresaten ausartzean ausarkeria ere izan daiteke. Egin kontu, adibidez, atzo bertan munduko bulegorik boteretsuenean bere karguaz jabetu zela gizon zeharo desorekatu bat, aholkulari nagusi gisa gizon are desorekatuagoa duena.
Aurreikusitakoan asmatuko ote duten ez dakigu. Aurreikuspenak dira eta ez besterik, baina autobetetzen diren profezien gisan ere jokatzen dute maiz era honetako lanek.