Etorkisuneko Sormen Beka, euskaradun gizartearen iruditeria elikatzeko
Etorkisuneko Sormen Beka, euskaradun gizartearen iruditeria elikatzeko –
Euskaradun gizartearen etorkizuneko iruditeria elikatuko duten disziplina anitzeko piezen sormen eta ekoizpen prozesuak laguntzea bilatuko du Etorkisuneku sormen deialdiak.
Norbanako eta kolektiboei zuzendutako lau beka independente izango dira. Bakoitzari 1.500€ko ekarpena egingo zaio sormen prozesua finantzatzeko bideratuko dena.
Sormen deialdiarekin batera, Nerea Arrien idazlearen Itzultzeko eskubidea izeneko fabula aurkeztu du Badalabek; Etorkisuneko proiektuaren lehen ekarpena.
Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak Etorkisuneku proiektuaren bi fruitu aurkeztu ditu gaur goizean Errenterian duen egoitzan. Etorkisuneku proiektuak euskaradun gizartearen etorkizuneko iruditeria elikatu nahi duen lan ildoa da. Etorkizuneko interakzio sistemetan euskararen erabilera bermatzea du helburu.
Goiatz Oiartzabal zuzendariaren hitzetan: “Egungo mundua globala da, digitala edo digitalizatua, abiadura oso handian doa, eta aldaketek edo berrikuntzek ezaguna dugunarekin geroz eta arrakala sakonagoak irekitzen ditu. Hizkuntzan eragin zuzena du horrek”.
Etorkisuneku proiektuaren bilakaera 1. FASEA: Fabula
Etorkisuneku proiektua urtearekin bat abiatu du Badalabek. Lehenengo fasean, Tipi kooperatibaren laguntzarekin eta Azala sormen espazioaren kolaborazioarekin, fabula bat landu zuten. Horretarako Euskal Herriko jatorri anitzeko dozena bat gazte bildu zituzten, eta etorkizuna irudikatzeko arkeologia espekulatibo metodologiak erabili zituzten 2073.urteko euskal gizartea nolakoa izan daitekeen irudikatzeko. Ekarpenak jaso zituen hainbat literatur sari irabazi dituen Nerea Arrien (Lekeitio, 1976) idazleak eta gaur aurkeztu dute esperimentazio ariketatik eratorritako Itzultzeko Eskubidea fabula. Arrienek azaldu duenez: “hizkuntz teknologiek berebiziko garrantzia izango dute, eta hizkuntza berari egin diezaioketen ekarpena ez da erdeinatzekoa izango”.
.
2. FASEA: Sormen deialdia
Soka bertsutik tiraka, alegia, sormena eta euskaradun gizartearen etorkizuna, beka deialdia ireki du Badalabek. Guztira, sormen prozesua finantziatzeko 1.500 euroko lau sormen beka esleituko ditu Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak. Dirulaguntza erabat irekia da eta edozein disziplina artistikok har dezake parte. Helburua etorkizuneko hizkuntza eta hiztun komunitatea irudikatzeko nahia duen edo/eta hizkuntzarekin
zerikusia duten etorkizuneko proposamenak, piezak, artefaktuak, gailuak edota hausnarketak izan daitezke. Hala nola, literatura, arkitektura, musika, arte garaikidea, telebista, antzerkia, teknologia… sormena iturburu duen edozerk izan dezake lekua.
Eskaerak bakarka edo kolektiboak aurkeztu daitezke eta entregatzeko epea 2023ko urriaren 15ean bukatuko da, 12:00etan. Urriaren 26an jakinaraziko dira lau saridunak eta urtea amaitu bitarte, hau da, abenduaren 31a arte izango dute proposamena burutu eta zuriketa egiteko.
Lan tarte horretan bidaidetza eskainiko dute Tipik eta Badalabek, baita, tresnak eta baliabideak ere.
Fabula eta deialdia badalab.eus webgunean daude eskuragarri.
Etorkisuneko Sormen Beka, euskaradun gizartearen iruditeria elikatzeko