Etorkinen integrazioa? “Saretzen” inkesta: euskaldunen desintegrazioa
Etorkinen integrazioa? –
Pasa berria dugun Aberri Egun hau baino egun batzuk lehenago, EITBk eta Tokikomek inkesta bat atera berri dute, 2022tik elkarrekin daramaten lankidetzaren fruitu. “Datu kazetaritza”ren barnean kokatu duten proiektua da, eta hauxe dute 2. zatia, beren webgunean adierrazi dutenez. “Saretzen” du izena, gurean hain modan dauden euskarazko amu-hitz horietako bat, sarritan erdal diskurtsoaren apaingarri.
Euskaldun izanik informaziorako erreferentziatzat Saretzenen datu kazetaritza hori baliatu nahi baduzu, jai izango duzu. Euskarazko izenak izen, zu ez baitzara existitzen, gu ez baikara existitzen. Gernikako Estatutua motz geratu zela pentsatzen dugu sarritan, baina haren hitzaurrea irakurtzen badugu, ia iraultzailetzat jo dezakegu euskaldunen eta Euskal Herriaren errekonozimenduan: “Euskal herriak, bere naziotasunaren adierazgarri” eta “Euskara, euskal herriaren hizkuntza propioa” aipatzen ditu 1. eta 6. artikuluetan. Saretzenek, berriz, paso egin du Gernikako Estatutuaz. Nafarroa Garaiko Amejoramientora lerratu da gehiago: euskaldunik ez da existitzen, ezta bertako euskal errealitaterik ere.
Euskaltzaindiak, oso egoki, “herrialde batera atzerritik etortzea eta bertan kokatzea” definitu du immigrazioa. Saretzen txostenak etorkinak aipatzen ditu, ustez Hego Euskal Herriko biztanleriaren %12,7ko tasaz. “Atzerritar”/“gurera etorritako migratzaileak”/“immigrazioa” adierazpen eta terminoek ematen dute tasa horretara heltzeko giltza. Txosten horretan, izendapen hori dute Espainiatik kanpo heltzen direnak.
Gainerakoak ez dira “immigrazioa”, gure herrialdekoak ditugu antza (herrikideak, aberkideak, naziokideak…?), izan Ceuta, Madril edo Soria. 2021ean, 8.283 pertsona heldu ziren Frantziatik Hego Euskal Herrira (EAE eta Nafarroa Garaia). (Helas!) Ez dakigu tartean Ipar Euskal Herriko herritarrik ba ote zegoen ere, adibidez, Hendaiatik Irunera edo Garazitik Iruñera pasa direnak. Ez omen dira gure herrialdekoak, eta bai atzerritarrak.
Gaindegiak, 2021ean funts ekonomikoen faltaz desegin baino lehen (zinez galera penagarria, ez betiko agian), besterik zehaztu zuen immigrazio datuetan, gure kaleko pertzepzioari gehiago hurbiltzen zaiona: Hego Euskal Herriko herritarren artean, biztanleriaren %27a Euskal Herritik kanpo jaio da. Txostenak hitz egiten du etorkinak nola sentitzen diren, zein premia dituzten, zein jarrera dugun haiekiko.
Txosten lotsagabe honetan dena ondo doala dirudi. Aldiz, zein jarrera dute etorkinek euskararekiko? Zein euskaldunekiko? Zein eragin du immigrazio horrek guztiak gure eguneroko ohituretan? Euskaldunon (auto)pertzepzioan? Ahaztu azken galdera horiek ikusiko dituzula uste baduzu.
Euskadi Irratiaren apirilaren 5-6an elkarrizketatuak, txosteneko partaide, baieztatu du etorkinak eta euskal herritarrak pozik gaudela. Euskaraz lehen hitzak esatearren muturra jarri dizute? Zure arazo pertsonal eta pribatua izango da… hemen ez da ezer agertzen. Arnasguneetan etorkinak erdara dohainik ikasten jarri dituzte? Tira, nori axola dio. Antza denez, etorkinak “euskaldun” sentitzen dira, horrelakoak ere entzun baitziren Euskadi Irratiaren elkarrizketan. Jakina ez da dudarik euskaldundu direla batzuk, eta bejondeiela oztopo guztien gainetik horretan ari direnak!
Txosten horren kontsiderazioak ez dira herri gutxitu batenak: irizpide berdinak jarraituko lituzke izan Gaztela Leon edo izan Murtzia. Saretzenek argi eta garbi markatu du zeintzuk gara “gu” eta zeintzuk “besteak”, Frantziako Iraultzak jada zehaztu zuen “citoyannete/ciudadanía” horixe, eta gero espainiar eliteek XIX. mendean gerraz gerra eta diktaduraz diktadura gure gainean ezarria. Areago, tazituki “besteak” euskaldunak gara. Ez dago hemen datu kazetaritzarik, eta bai, aldiz, hutsune handiak eta espainiar pedagogia sozio-politiko gehiago, gordin-gordinik. Sarean ez erortzeko, inoiz baino beharrezkoagoa da Euskal Herriaren datutegi eta datu kazetaritza bateratu, zintzo eta ausart baten premia.
Hainbeste kanpotar erdaldun dut inguruan, ezen gero eta zailagoa da euskaraz bizitzea nire auzo eta hirian.
Batzuei ezin diezu ezta egun on esan.
Laster euskaraz egitea arrazista edo xenofoa dela esango didate.
Gorroto dut inguruan papá/mamá entzutea. Euskal senaren eta zenaren desagerpena egunez egun ikustea oso gogorra da.
Belatz, gauza ber-bera erran nezake ene herrian bizitzen dudan errealitateaz. Eta ez da hobetuz joanen.
Gaur egungo euskal politikari denak zuzentasun politikoaren diskurtso horretan lerrokaturik dauden bitartean, Euskal Herria desagertzen hasi da. Eurek kontrolatzen eta manipulatzen dituzten komunikabide eta azterketa soziologikoek egunero euren mezu horrekin bonbardatzen gaituzten bitartean, errealitate gordina oso desberdina da, baina horren aurka eginez gero, berehala faszista edo ultraeskuindar deitzen dizute. Ea behingoz euskal alderdi abertzale “ultraeskuindar” (euren esanetan, jakina) sortzen den, muturreko ederra jaso dezaten.
Arrazoia Iñaki! Baina ez dago alderdi abertzalerik lasai eta konplexurik gabe honi buruz hitz egiteko prest.
Eta jakina, lehen eta behin gure artean gauzak adosten ez baditugu gutxieneko arlo eta gai batzuetan, korrontearen menpe gaude, alderrai.
Berritsuko plazan, Orion eta Gernikako taberna askotan -adibideak ugariagoak izan daitezke- euskaraz baino ez duzu eskatu behar, erakus mahaiaz bestaldeko erantzunaz eta egoeraz jabetzeko. Gehienetan momentuan momentuko aurpegierarekin egingo duzu topo, hots, arrotz etxean.
Batzuk haserratuko zaizkizu euskaraz eskatzeagatik, hau Espainia edo Frantzia zaizkie-eta. Panorama ez da batere lagungarria onkeriak lagunduta.
Artikulu ona da. Adierazitako etorkinen kopurua, nago (%27 barik) askoz gehiago izan litekeela.
Atzerako kontuan aspaldi sartu gara. Herri hau urtuko da 10 edo 15 urteko epean jaiotza gabe, eta Bilduren eta PNVren indiferentziaz (konplizitatez) batera. Etsaiak diren estatu espainiarra zein frantsesa zain, erabateko asimilazioa gertatu bitartean. Jokaldi bikaina!
Bat goian esandakoekin. Ni ere, Semenogorri, ehuneko hori orain altuagoa delakoan, Hego Euskal Herrirako. Euskal Herri osorako, Gaindegiaren duela urte batzuetako datuei erreparatuz, are altuagoa izango da. Goiko iruzkinekin bat etorriz, diskurtso propiorik gabe, azukre bat uretan nola, holaxe joango gara gu ere, eta hala balitz, “presta” gaitezke euskaraz hitz egitearren kalean irainduak izateko.
Lehendabizi, hori gerta ez dadin, diagnostiko zintzoak eta ausartak egingo dituen Euskal Herriko datuen behatokia behar dugu, gure errealitate nazionalaren araberako galderak egingo dituena. Horrek erantzun bat emateko aukera zabalduko luke. Bitartean, uretan goxoki irakin arte eltzeko suan berotzen doan apoarena egiten jarraituko dugu.
Eskerrik asko Iñaki, gure herriaren etorkizunari begira hain garrantzitsua den gaia ekartzeagatik. Munduari gure etsaien begietatik begiratzen badiegu gureak egin du.
Hori da Iñaki. Ganorazko inkesta eskuartean izateko aukerarik gabe ezin da Jardun politiko, soziokulturala ala dena delakoa egin. Eusko Jaurlaritzatik egiten diren in kestetan Euskal Herria beti desitxuratuta azaltzen da, Gai sinpleenetan ere egiten du. Esaterako, museo batera joaten diren bisitetan Ipar Euskal Herrikoak bisitari “atzerritar” gisa zenbatuko da. Munduko edozein tokitako inkestetan: migrazio mugimenduak, naziotasun sentimenduak, erlijioa, jatorria…azalduko da. Wikipedian begirada botatzea aski da. Toki gatazkatsuenetan ere datu horiek erabiltzen dira: Afganistan; Palestina, Irak…Jakin dezakegu zenbat tamildarrak daude Sri Lankan, baina ezin ditugu ezagutu Euskal Herriko datuak. Zeren beldur daude? .
Zeren beldur Patxi? nik baino hobeto dakizu. Beldur dira adibidez beren jatorriari oraindik pixka bat atxikiak direnak sobera goiz larri daitezen.
Egiazko datuak behar orduan azalduko dituzte erraiteko : “Orai Pays basque berri batean bizi gara, euskaldunak ez dira populazioaren %10 ak baizik nahiz estatuak dena egin duen, beherakada hori gerta ez dadin. Baina zer nahi duzu, ezin da ezer egin ezinbestearen kontra, orai alferretan ari gara dirua gastatzen eta zorigaitzez ikastolak eta guzi hetsi beharko ditugu”
Adeitasunez
.
Erabat ados. Eusjal Herrian etorkinak Euskal Herritik kanpotik etorritakoak dira. Horrela kontuan hartua izan dadin estatu bat izan behar genuke, baina ez dugu aski indar horretarako.
Beharbada, etorkin guztiak kontuan hartuko bagenitu, konturatuko ginateke arazoa ez direla hegoamerikatik edo ipar afrikatik etorritakoak bakarrik, baita Espainiatik etorritako maketoak eta Frantziatik etorritako gabatxoak. Baita haien ondorengo asko ere. Eta euskararen datuak eta jatorria konparatuko bagenitu, konturatuko ginateke, halaber, zortzi apellido basko dituzten asko ere arazo dituela euskarak. Alegia, euskararen arazoa ez dela jatorria, baizik jarrera. Eta horri aurre egiteko baliabide falta. Zeren eta, euskal alderdiek euskararen aldeko zenbait erabaki hartzen dituztenean ere, epaitegi espainiarrek atzera botatzen baitituzte.
Eta hortxe dugu arazoa, egoerari aurre egiteko indar aski ez izatean. Estatu propiorik ez izatean.
Eta ez dugunez indar askirik estatu bat sortu eta euskararen egoerari buelta emateko, gure indar apurrak desbideratzen ditugu tabernako zerbitzariaren aurka.
Euskal Herrira etorritako migranteak %12,7 baino askoz gehiago dira. Kaleetatik ibili besterik ez dago hori ikusteko. Eta gizarte multikulturala, multietnikoa, multilinguistikoa lortzeko, txarra al da?
Bai, txarra da. Gizarte multikulturala, multietnikoa eta multilinguistikoa gizarte multiarrazista, multibaztertzailea eta multigatazkatsua da.