Etika eta legea: inmatrikulazioen nahaspila dela eta
Etika eta legea: inmatrikulazioen nahaspila dela eta –
“Legeak onartzeak ez du esan nahi etikoa denik” zioen gure erlijioko irakasleak, apaiza berau, trantsizioko garaian abortuari buruz. Egun hauetan asko gogoratu naiz don Javierrez immatrikulazioak gora eta behera ari garenean zeren bere “lankideei” sarri entzuten dieten hitza legea da, ez etika.
Honez gero denok dakigu immatrikulatzea Jabetza Erregistroan ondare higiezin bat norberaren izenean jartzea dela. XIX. mendean asmatu zenean EAE eta beste lekuetako jabeak alde batera eta bestera ibili ziren mota guztietako papera eta lekukoak lortzen gero gotzainek erabiliko duten “uso y disfrute desde tiempo inmemorial” esaldia ez omen zela nahiko eta. Ez orduan ez geroago baserritarrentzat. Baino frankismoa iritsi zen eta diktadoreak baimena eman zion elizari aurrean aipatutako ziurtagiririk gabe larre, lur eta soro immatrikulatzeko, nahiko zen gotzain jaunak “uso y disfrute” hori sinatzea.
Alde batera utzita nondik atera duten gure eliz agintariek meza ematen duten apaizek, entzuten duen herriak baino “uso” gehiago egiten dutela elizez, guk immatrikulatutako bi ondare aztertu nahi ditugu:
- Hain ezaguna den Kordobako meskita. Meskita hau 750. urtean eraiki zen eta garbi dagoenez musulmanen errezo lekua izan zen 1236ean katedrala bihurtu zuten arte. Alde batetik denbora ez da “inmemorial”, memoria dokumentatuta dagoelako, bestetik “uso y disfrute” zutenak oso katolikoak ere ez ziren (hori ere frogagarria da). Hau aipatzen dugu zeren egin dituzten akatsen artean errezo lekuak ez omen daude. Zuritzen dute meskita baino lehen hor eliza kristau bat zegoela esanez. Lastima arkeologoek aztarna zipitzik ez topatzea.
- Apotzagako elizatean (Eskoriatza), elizaren aurrean dagoen eta udalak mantentzen duen umeen parkea. Denok dakigu “ez esan sekulan ur hau ez dut edango” esaldiaren bigarren zatia baino benetan inguru hartako ume guztiak “desde tiempos inmemoriales” Apezarenak dira? Beste hau ere komentatzen dugu zeren Gipuzkoako gotzaintzak ez omen du akatsik egin.
Lehen esan bezala immatrikulazioak babestu dituen legea 1946ko Francoren lege hipotekarioa da. Baizik eta lege horrek ez duela onartzen orain aipatzen dituzten errezo lekuak inoren izenean jartzea. EAEko gotzainek jabetze gehienak 1980/90ko hamarkadan egin zituzten eta legeari zor dioten errespetoa mantenduz orubeak immatrikulatu zituzten eta gero “eta beraz” logika erabili dute; hau da “orubea guria da, beraz gaineko eraikuntza ere eta beraz barruko guztia ere…”. “In stricto sensu” eraikuntzak immatrikulatu gabe daude, hortaz EAEko alkate guztiak animatzen ditugu errezo lekuak immatrikulatzera. Leku horiek akustika onekoak izaten dira eta organoa dute, primerako udal musika eskolak izan daiteke. Gure herriko organoari dagokionez udal artxiboan dago ordainagiria eta Santa Katalinaren aldarearen agiria ere, herriak ordaindu zituen eta. Horretara ere animatuko genituzke, artxiboak arakatzera eta herriak ordaindu duena erreklamatzera. Kontuan izanik elizaren jarrera kasu askotan izan dela immatrikulatzea bertan behera usteltzen uzteko zaindu gabe, itokinak dituen elizan baino okerrago ez dira egongo udaleko ganberetan.
Immatrikulazioak asko aipatzen dira egun hauetan elizak onartu duelako ia 1000 egin behar ez zirenak omen dira eta ondo begiratu ondoren agian itzuliko dizkigute. Elizaren jarrera beti oso paternalista izan da eta ulertzen dugu pentsatzea herritarrak ume txikiak bezala tratatu gaitezkela, goxoki batzuk banatu eta isilduko garela. Ez duguna hain garbi ikusten Sanchez jaunaren jarrera, gotzainek deitu dutenean hor joanda txintxo-txintxo jopu jator bat lez eta poz-pozik jakinarazi digu “berri ona”. Egia esan PSOEk konkordatuarekin izan duen jarrera jakinda ez gaitu aho zabalik utzi baino zerbait gehixeago espero genuen; zehazki gotzainek Moncloara deitzea eta argi eta garbi esatea: “Jabetutako guztia itzuli behar duzue inolako aitzakia txororik gabe”. Ez gara umeak, ezta tontoak ez ditugu soberakinak nahi. 1946tik aurrera elizak bere izenean jarri dituen ondare guztiak berriro herriaren eskuetan nahi ditugu eta ez dugu etsiko.
Beraiek kontatzen dute erakundearen sortzaileak, nagusien-nagusiak, joka atera omen zituen merkatariak tenplutik “alde nire etxetik” oihuka. Garbi dago, historia honetatik Espainiako egungo elizak soilik NIREA hitza ikasi duela.
Etika eta legea: inmatrikulazioen nahaspila dela eta