EHZ, etengabe azalberritzen

EHZ, etengabe azalberritzen –

Euskal Herria Zuzenean festibalaren 27. edizioa heldu den ekainaren 30etik eta uztailaren 1/2an iraganen da, Irisarrin.

EHZ, etengabe azalberritzenSugea bezala sigi-saga segitzen du bere bidea EHZ-k, Arrosa, Idauze-Mendi, Heleta eta Lekornetik iragan ondotik, aurten, laugarren urtez Irisarrin. 27 urtez eraikitako ondarean sustraituz, EHZ etengabe azalberritzen da: gaur eta biharko belaunaldiek, elkarlanean, esperientziak eta koloreak elkar-korapilaturik, EHZ-ren Herensugea gorpuzten dute. Urratsez urrats eta herriz herri, EHZren Herensugeak ideia, praktika eta soinu anitzak zintzilikatzen segitzen ditu ibiltariaren gerrenaren adarretan. Biharko belaunaldiek Herensugea xingola berriekin janzten segi dezatela. Berriz ere, denek osatzen dugun Herensugea plazara jautsiko da, Irisarrin, gure kulturaren pindarrak zazpi haizetara ufatzeko, auzolanaren sua pizteko eta euskaratik euskarara arnasteko.

.

Nondik norakoak

Lehenik, azpimarratu nahi genuke urtean zehar EHZ-ak Euskal Herriko eragileekin elkarlanean hainbat proiektu eramaten dituela. Horien artean, joan den urtean Ipar Euskal Herriko ikastetxe ainitzetan euskal kulturaren inguruko saio pedagogikoak antolatu genituen, urririk, eta aurten esperientzia hori errepikatzera goaz. Berantago saio horien nundik norakoak azalduko ditugu. Oroitarazten dugu ere urtean zehar Erasoen Kontrako Brigada-k (EKB) eta laguntzaileek erasoen kontrako protokoloa lantzen dutela, festibal denboran izan daitezkeen jarrera sexistak, homofoboak eta arrazistak saihesteko. Festibalean ez dugu inungo erasorik onartuko!

Aurtengo edizioari dagokienez, formula bera mantentzen dugu. Egunean zehar URRIRIK izanen den plazan mota ezberdinetako animazioak izanen dira (zirko, kontzertu, haurren xokoa etab.). Ondoko Ospitalea kultur etxean gaur egungo erronken inguruan trukatzeko parada izanen da hitzaldi, mahain inguru eta tailerren bidez. Arratsean, iaz bezala bi eszenatan banatua izanen den pentzean segituko dute kontzertuek. Kapitalismoak eragindako krisi bete- betean garen honetan, gure ahalegin guziak egiten ditugu festibala denendako eskuragarria izan dadin.

Azkenik, Ipar Euskal Herriko lau ertzetatik festibalera hurbiltzeko autobusak antolatuko ditugu. Xehetasun gehiago emanen ditugu berantago.

EHZ, etengabe azalberritzen

.

Programazioaren lehen baieztapenak

Programazioaren aldetik, azken urteetako ildotik segitzen dugu, ahal bezain musika estilo anitza oholtzarat eramanez, doinu eta adierazpen mota ezberdinak deskubriaraziz eta sorkuntza berriei plaza bat eskainiz. Besteak beste, aurten talde hauek izanen ditugu oholtza gainean: Belako, Kolinga, Afrika Bibang, Ada Oda, Kristonak, Muare. Antzerki, zirko edota dantza ikusgarriek ere programazioa osatuko dute. Horien artean Ertza konpainiaren “Otempodiz” dantza sorkuntza izanen da ikusgai.

Adi, heldu diren asteetan, baieztapen gehiago emanen ditugu-eta!

.

Lehen aurresalmentak

Gaurtik goiti eta martxoaren 12ra arte, hiru eguneko sarrerak 40€ eurotan salgai dira ehz.eus webgunean. Ondotik, apirilean ekinen diogu berriz sartzeen salmentari, egunez eguneko sartzeak berantago etorriko dira eta festibalean laguntzaile izaiteko izen-emateak apirilean zehar idekiko ditugu.

EHZ, etengabe azalberritzen