ETAren ostean, zer? (Txiki Muñoz)
ETAren ostean, zer? –
Adolfo Muñoz, ‘Txiki’ – ELAko idazkari nagusia
ELAk urrats historiko eta positibotzat jotzen du ETA desegin izana. Behin iritsi delarik ziklo honen itxiera, konpondu beharreko gai garrantzitsuak daude ebazteko: normalizazioa, biktimak, presoak, estatus politikoa…
ETAren amaiarekin poztu egin behar dugu, baina poza ez da erabatekoa guztiengan. Honek ziklo berri bati ekiteko aukera eman beharko liguke, non proiektu politikoen arteko konfrontazioa zibila eta demokratikoa izango den. Haatik, batzuek kontakizunen etengabeko gerra luzatzen segitu nahi dute, politika bahituta izateko.
Espainiar estatuak ez du bilatu ETAren desegite ordenaturik. Oraindik ere eragozten ari da normalizazio politikoa, izan ere, subiranismoa ahuldu nahi baitu, eta ezkerreko proiektu alternatibo bat garatzea galarazi. Estatuaren bi helburu horiek bat datoz ezartzen ari den agenda inbolutiboarekin. Autogobernuari dagokionez, inboluzio agenda hori PPko ministroek aldezten dute; Estatuak eskumenak berreskura ditzan nahi dute. Hauek argi esaten dute: «Ahora toca España» (Orain Espainiaren ordua da).
ETAren ostean ezinbestekoa da galdetzea helburu hori, subiranismoa ahultzea eta ezker politiko eta soziala indargabetzea, soilik PP-PSOE-Ciudadanos blokearen asmoa ote den.
PPk eta EAJk elkarren beharra dute. Euren gizarte-eredua kontserbadorea da. Politika ekonomikoei buruzko akordio guztietan bat datoz (aurrekontuak, fiskalitatea, gastu-araua, murrizketak, AHT…). Urkulluk politika horiek aplikatzeko «egonkortasuna» nahi du, patronalari babesa ematen dio, ez du pentsamolde kritikorik onartzen eta Estatuarekiko konfrontazio oro saihesten du. Politikaren ikusmolde «instituzionala» du, eta hor jendarte zibil antolatuak traba egiten du.
Jeltzaleen buru den Andoni Ortuzarrek dio pozik dagoela egungo egoerarekin. Berrogei urtean izan den inboluziorik larriena gertatzen ari denean esan du: «EAJk sekula ez zuen Espainiako politikan hainbesteko eraginik izan». Ba ote? Noski, bera ziur badago «eragin» handia duela, ez da harritzekoa estrategia, helburu eta aliantzak aldatzeko beharrik ez ikustea. Politika neoliberaletan bat datozenez, PPri babesa eman diote, Ciudadanosen aitzakia medio. Espainian eskuin ekonomikoak (Ibex-35) PPren gainbehera aurreikusi eta eskuin politikoan lidergo berriak sustatu ditu. Litekeena da Ciudadanosek hartzea PPren lekua alderdi nagusi bezala, eta ondorioa izatea Espainia are intoleranteagoa estaturik gabeko nazioekin, diruarekin abegikor den bitartean. Bere aldetik PSOErena espero genezakeen: Lehenago ere Konstituzioaren 135. artikulua erreformatu zuen (krisian hartu den erabakirik gogorrena), Katalunian 155. artikuluaren aplikazioaren alde agertu da, Bildurekin Gipuzkoan adostutako aurrerapauso fiskalei uko egin die eta, agintzen duen lekuetan, PPk eta EAJk ezartzen dituzten politika berberak aplikatzen ditu.
EAJk entzungor egiten die Rajoyk PPren Sevillako biltzarrean esandako hitzei: «Orain agintariek badakite zer gertatzen den egin ezin daitekeena egiten denean: Espetxea».
Ulergarria da nortzuk egon ziren Kanbon eta nortzuk Bertizen. Urkulluk ukatu egin nahi dio protagonismoa jendarte zibilari. Kataluniaz esan du: «2010etik hona demokrazia parte-hartzailea gailendu eta bizitza instituzionala baldintzatzen ari da». Instituzioen eremua da, haren ustez, politika egiteko onar daitekeen eremu bakarra. Horregatik ez zen Kanbon izan. Horregatik, eta ETA osteko agenda berak bakarrik kudeatu nahi duelako. Hori ez da lehenengo aldiz gertatu: 2017ko apirilaren 8an armagabetzeko zegoen planaren berri izan zuenean, hura baldintzatu egin nahi izan zuen; ezinezkoa zela ikusirik, Donostian beste ekitaldi bat antolatu zuen. Orain gauza bera egin du Bertizen, Uxue Barkosekin batera. Urkulluk kargu hartu zien Kanbon bildutako nazioarteko ordezkariei, eta Etchegarayri (Euskal Elkargoaren lehendakaria) leporatu dio ez dakiela zer gertatzen den eta Lehendakari bakarra dagoela, bera.
Urkulluk dio Rajoyren jarrera espetxe politikan «ulerkorra» dela. Zoido ministroa entzunda, ez dirudi. Txalotzekoa litzateke espetxe-politika Madrilekiko harremanetan baldintza gisa jartzea. Baina gaur ez dago halakorik. Ez espetxe-politikaren kasuan, ezta Altsasun edo Katalunian egin diren inputazio irrazionalen kasuan ere… Estatuaren agenda inbolutiboa ez da oztopo EAJrentzat eta bere gobernuarentzat.
EAJk beste lehentasun batzuk ditu: politika neoliberalak ezartzea, makroproiektuen bere lizitazio eredua zalantzan ez dadila jarri (horren adierazgarri, Zubietako erraustegia geldiarazi zutenen aurka bultzatzen ari den zigor ekonomiko neurrigabea) eta, estatus berriari dagokionez, Gasteizen akordiora iritsiz gero Madrilen kudeatzeko modukoa izan dadila, konfrontaziorik gabekoa alegia. Urkulluk berak esan du honetaz: «Errespeta dadila espainiar Konstituziotik datorren legedia». Abiapuntu honekin azkenean «estatus berria» erabakiko dute autogobernuari betoa ezartzen diotenek. Eta inboluzio garaiotan EAJk denbora kontrolpean dauka eta euskal jendartea despolitizatzen ari da.
Diagnostiko hori eginik, ELA ez dator bat EH Bilduk egin duen «herri proposamena» delakoarekin, bide hori egin nahi ez duenari zuzendu baitio (EAJ). Proposamen hori subiranismoak behar duen lan pedagogikoaren kontrakoa da. Subiranismoa eta ezker politiko eta soziala indartzea ez dago Estatuaren, ezta EAJren esku ere. Posible izateko lehentasuna eman behar zaio jendarte-ereduari, eta horretarako aliantza estrategikoak bilatu. ETArik gabeko aro berri honetan zeintzuk izango dira gure ekintza politiko eta sozialaren ardatzak?
ELA ziur dago Euskal Herrian badela indar militante nahikoa justizia sozialaren eta burujabetzaren aldeko borroka demokratikoan bustitzeko prest. Hori bultzatzeko, esparru guztietan antolatuta dagoen jendarte bat eraiki behar da; arlo sindikal, sozial, kulturalean, euskaran, feminismoan… baita politikan ere. Jendarte antolatua ahaztea amaiera litzateke klase eta nazio ikuspuntutik. Ez da harritzekoa neoliberalek baztertzea, ez baitute beste inoren beharrik.
ELA Ezker Abertzalea erradikaltasunetik aurreratzen, hamaika ikusteko jaioak gara!
Alternatibako eta EHBilduko kidea naiz, eta nire egiten dut Txikiren kritika (auto gurean). Dena den, eskatuko nioke naiz eta beren desadostasunak izan LAB eta EHBildurekin, ez ahaztea zernolako garrantzia duen denok bat egitea ezker sobernista esparru hori gauzatu ahal izateko.
EHBilduren propopsamenari buruz. Ez dut ukatzen koiunturaren baitan proposamen orokorren edo gai zehatzen inguruan “enplazamientoak” egitea PNVri, baina tentuz. Adibidez, EAJren aldetik borondaterik izanez gero herri akordio bat posible litzatekeela behin eta berriro azpimarratzeak, ilusio faltsuak sortzen ditu, eta horrek ez dio mesederik egiten gure estrategari.
Kontraesan itzela da, LAB eta ELAk esatea EAJ ren garaipena patronalarena dela, eta gu Gobernu horrekin paktu orokor bat egin nahi izatea. Ez dut ulertzen nola uztar daitezkeen zerua asaltoan hartzeko asmoa eta egonkortasuna eta gobernagarritasuna (EAJrena) errazteko asmoa. Gurean ez dago Katalunian bezala, independentzia helburu duen haustura prozesu bat zeinean bertako burgesiaren zati batek talka egiten duena Espainiar estatuarekin eta bere faktikoekin, paktu herritar trasbertsala justifikatzeko. Erkidekoan ez dago ere, Nafarroan bezala, urtetan izaniko indar atzerakoien erresumarekin bukatzeko laukoen paktu baten beharra (kontuan izanik gainera, Nafarroa bai eta EAJ ez dela gauza bera). Erkidegoan, EAJk ordezkatzen du sistema, “kasta”ren (nahiz eta modu trebeaz ezkutatu) zati bat da, inondik inora aldaketarako indarra (honekin ez dut esan nahi EAJ eta UPN gauza bera direnik) eta gure helburua egoera horrekin bukatzea dela argi eta garbi ez badugu aldarrikatzen, jai dugu alternatiba gisa. Eta bide horretan gure aliatua, oraingoz bakarra, Podemos da, nahiz eta bere anbiguotasuna oztopo handia izan. Oso frustrantea izan da Podemosen azken hilabetetako bilakaera (noraeza) zeinak EAJ garaitzeko asmoa aldarrikatzetik oposizio zintzoa egitera mugatuko dela esateak adierazten duenak, eta gainera PSErekin adostasuna egitea proposatu.
Gure zintzotasuna herritarrei zor diegu, ez dinamika instituzionalari. Hitzetan eta kontzeptuetan ematen ari den (des) egokitze horri oso penagarria deritzot.
Azken finean, ezkerrak, errealitatea aldatzea izan behar du helburu. Ezin du dagoena ondo kudeatzera mugatu, edo mundu injustu batean egokitu edo goxo egin. Ezin du alternantziaren (gaur zu, bihar ni) itsas lamien kantuei amore eman.
Horregatik, hauteskunde mailan oraingoz nagusitasuna ez lortzeak ez gaitu urduri jarri behar. Pazientzi inpazientea izan behar du gurea, errealista borrokatzeko orduan eta aldi berean egoerarekiko egoskorra. Behar dugun jauzi kualitatiboa gizartean, aldaketatik etorriko da, “EAJren herrialde miresgarriaren ipuinetatik” jendeak siniskeri uzten duenean. Baina hori ez da lortuko EAJren atean deika ibiliz.
Zaila dela? Jakina, baina Espainiako Podemosen estrategak bezala sinistea plano diskurtsibo soilean eta alor mediatikoan posible dela alternatiba bat lortzea, ikuspuntu estrategikotik akatsa larria izateaz gaian (helburu eraldatzaile ikuspegitik, bederen) gainera ezinezkoa da (Espainian ikusi denez zein erraz sortu zioten neurriko arerioa). Eremu horretan beraiek beti irabazten dute. Aukera bakarra egoera desengorkortzean datza. Beraiek Gipuzkoan guri egin ziguten bezala. Instituzional alorrean kontrakotasun gogorra, eta kalean gogorrago.
“Gure aliatua, oraingoz bakarra, Podemos da”
Uste dut ez zarela askotaz konturatu Bikila.
Espainiar langile klaseak hartuta zeukan kontzientzia hartze eta autoantolakuntza joera geratzeko eta amorrua desbideratzeko oligarkiak sortutako tresna besterik ez da Podemos, nazio okupatuetan abertzaletasunari galga jartzeko mekanismoaz gainera. PSOE 2.0 alegia, onenean txontxongilo hutsak, txarrenean geure Herriaren aurka GAL berri bat bultzatzeko gai direnak. Okerrena bihotz oneko hainbat euskaldun engainatzen dituztela da, zu zeu artean.
Gorrotori gabe diot, erabat oker zaude(te) eta egoeraren azterketa politikoa goitik behera berrikusi beharko zenuke(te), diskurtsoa eta errealitatea ez datozelako bat inondik inora.
Zentratu dezagun eztasbaida: gure aliatua, oraingoz bakarra, Podemos da, nahiz eta bere anbiguotasuna oztopo handia izan. Hori esn dut. Usten dut , Katalunian ere gauza bera geratzen da Comuns-ekin. Agian, zurrunagoa jokatuz, esan beharko nuke ezker soberanisten, balizko, aliatu bakarrara, konszientea bainaz Euskalerriko Podemosen zigi-zagak nolakoak diren. Podemosek ez nau engainatzen, baina aliatuek behar ditugu, eta Podemosekin ezin badugu, beste inoirekin gutxiago. Eta hemen dago benetako eztabaida: PNVrekiko enplazamenduak ez dutela ezertarako balio eta gure norabidea lausatzen duela.
Nire desadostasuna zurekiko erabataekoa da Podemos oligarkiaren jugada bat dela. diozunean. Niretzako gehiago da M15 tik sortutako bulkada baten ondorio frustratua. Baina ez dezagun konfunditu bata eta bestea. Dena den berriro diot: ze norabidea gurea? Lehenik eta behin, ezker soberfanismoaren oinarri diren partidu, sindikatu eta erakun de sozialen bat egitea eta aktibatzea. Aliatuak aliatuak dira…
Bueno, Podemos oligarkia masonikoaren tresna dialektikoa da horiek gidaturiko sozialismo teknokratiko europarraren bidean aurrera egiteko, eta hori gauza argia da azaletik harago ikusten dakienarentzat. PSOE boterera eraman zuten berdinak dira Podemosen atzean daudenak, finean.
Krisi-garaiko sumindura guztia kanalizatu eta kaleak desaktibatu dituelarik, jada amortizaturiko alderdi bat da oligarkiarentzat. Horrexegatik filtratu dute Pablo Iglesias “iraultzailearen” 600 000 euroko txaletaren kontua (existitzen ote da señorito burges baten moduan bizi ez den lider komunistarik??) hain justu PPren ustelkeriaren aurkako sententziarekin batera, bai batzuek bai besteek Ciudadanos bozkatu dezaten hirugarren aukera eta bi alderdi horien sintesi modura (dialektika hegeliarra).
Ciudagramosen zeregina, izan ere, Espainiar subiranotasun ahulduarekin behingoz akabatzea da “Europako Estatu Batuetan” (Riverak dixit) behingoz disolbatzeko. Alegia, globalismoan sakontzea da Bilderberg kluba aitabitxi duen Rivera horren zeregina, hain zuzen ere, Rothschild bankuaren seme den Macronen modu berean.
Podemos, indar globalista horien panpina, ezin da zinezko aliatu bat izan euskal aberria eta subiranotasun nazionala helburu duen inorentzat.