ETAko kide ohiak eta etika
ETAko kide ohiak eta etika –
Martxelo Otamendi Egigurenek Berria egunkarian.
Bitxia da ETAko kide izan direnekin nola jokatzen duten komunikabide batzuek. ETAkoak izan eta ezker abertzalean edo gertu segitzen badute, eta edozein arrazoigatik albiste badira —duela gutxi, garrantzi arineko eztabaida bat udaltzain batekin Madrilen—, identifikazioari berehala eransten diote «ETAko kide ohia»; pertsona horrek ETA utzi zuenetik 40 urte pasatu badira ere.
Herenegun hil zen Andoni Unzalu, azken urteetan PSEren erreferentziazko militantea izandakoa. Patxi Lopezen oso gertukoa Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan zenean eta, geroago, Espainiako Kongresuko lehendakaritza hartu zuenean. ETApm-ko kidea izan zen Unzalu gaztetan, eta ez oinarrizkoa. Datu hori ahaztu egin zaie, herenegun eta atzo, Unzaluren biografia idazteko orduan beste batzuei «ETAko kide ohia» jartzen dieten komunikabideei.
Antzeko jarrera daukate alderdi politiko batzuek ETAko kide izan eta haien alderdian sartzen direnekin. Inoiz ez diete eskatu, militantzia berria ahalbidetzen duen karneta eman aurretik, ETAn edukitako jardunaren gaineko irakurketa kritikoa egitea. Adibide asko eta asko daude, nagusiki ETApm-koak izan eta EAJn edo PSEn sartu direnekin.
Alderdi horien jarrera oso bestelakoa da ETAkoak izan eta ezker abertzalean daudenekin. Etika, hitzetik hortzera.
ETAko kide ohiak eta etika