Eta zu, Laespada jauna, zeren alde zaude?
Eta zu, Laespada jauna, zeren alde zaude? –
Deustuko Unibertsitatean euskara irakaslea da, eta sarri idazten du Bizkaiko egunkari batean. Esan dezadan gaian sartu aurretik, euskal idazle batzuei buruz idazten hasita, unibertsitatean euskara irakasle den batek euskaraz egitea espero zitekeela. Baina noan gaurko kontura.
Otsailaren 2an egunkari horretan argitaratu zen artikulua galdera batez hasten da: Idazleok zeren alde zaudete? Artikulua bera ez zitzaidan batere originala iruditu, beti errepikatzen dituzten mantra batzuekin bete zuen orria: terrorearen mundua, erakunde kriminala, hilketa gupidagabeak… Nori zuzendua zihoan Laespada irakaslearen gezia? Donostiako Bulebarrean Mikel Antza berriro epaitegietara deitu izana gaitzesteko bildu ziren 124 euskal idazleei. Nola gaitzetsi zezaketen idazle haiek epailearen deia «delitu batean zerikusirik ote zuen» argitu beste asmorik ez izanda!
Laespada jaunak dagoeneko jakin behar luke epaitegiak euskaldunontzat aspaldi bilakatu zirela amesgaizto, eta esperientzia oso gogorrak pasatu ditugula leku horietan. Harrituta bezala dio «han bildutako inork ez du sinesten Justizian eta?». Noski, nahiko eskarmentu badugu hemengo justizian ez sinesteko. Eta ez gara bakarrak Justiziarekin mesfidatiak izaten: Europako Justizia Auzitegiak behin eta berriz kargu hartu dio Espainiari kontu horretan. Ongi dakigu herri honetako milaka pertsonak nola banatzen den hemen Justizia!
124 euskal idazle horien jokaera deitoratzeko hara zer argudio erabili duen: a) Mikel Antzari leporatzen dizkion 120 hildako. Espainian gauzak nola egiten diren jakinda, epailearen zigorra propina eta guzti bete izana ez dut dudan jartzen. b) Idazle euskaldunak liburuak maite dituzten jendeak izango direla pentsatuta, Lagun liburu dendaren kontrako erasoen aurrean isilik egona. c) Eta, azkenik, «Raul Guerra Garrido, Nadal eta Nazioko Letren sariak irabazi zituena pertsegitu, hari eraso egin eta iraindu» izana. Eta barreneko garrasia: «Eta non egon zen euskal idazleen babesa? Faltan bota genituen…».
Nola joango ziren, bada? Bere hitzetan argi uzten du eraso horiek eta beste mila «ezker abertzalearen ingurumariak» eginak edo babestuak izan zirela. Batek daki ingurumari hori noraino heltzen den, ez ote dituen barne hartzen idazle horiek berak. Nolanahi ere, eskertzekoa da «ETAren ingurumaria» ez erabili izana. Ez oso aspaldi dena ETA baitzen. Garzon dixit eta hori aski zen.
Deustuko euskara irakasleak «euskal idazleei» bakarrik egin die salaketa hori. Bulebarreko agerraldia itxura txarreko ezezagun batzuek egin izan balute… baina «euskal idazle batzuek!». Baina tira, seguru nago badakiela nor zen Pepe Rey. Bere Galizia maitetik gurera etorrita, hainbat liburu idatzi zituen gazteleraz, isilik gorde nahi ziren gauzak paperean jarriz. Pentsatu nahi dut eman zioten tratuaren berri izango duela euskara irakasleak. Eta nork ez ditu gogoan Alfonso Sastre eta bere emazte Eva Forest, Espainiako letretan ospe handikoak baina askatasunaren bila Euskal Herrira etorriak. Jakina da ze tratu goxoa eman zitzaien polizia eta epaileen partetik: «pertsegituak, eraso egindakoak eta irainduak». Eta idazle erdaldunen babesa? Isilik geratu ziren, bai ezkerrekoak eta nola eskuinekoak.
Eta euskal letren mundura mugatuta, nola ez du jakingo Laespadak, euskara irakasleak, Euskaldunon Egunkaria-rekin gertatu zena? Han sartu ziren jende armatuak eta jaun togadunak kazetariz kamuflatutako etakide terroristen bila. Espainiako leize zuloetan mugitzen zen askorentzat onartezina zen guk euskarazko egunkari bat izatea, lehen aldiz historian gauzatua. Joan Mari Torrealdaik, bera hil eta gero kalera atera den Egunkaria liburuan dioenez, kolpeka birrintzen saiatu ziren polizia haiek aitortza xume bat besterik ez zioten eskatzen: «Esazu Egunkaria-ren atzean ETA dagoela». Gauza bera beste lankideei ere: «Aitor ezazue hau ETAren kontua dela». Tortura basatiak jasan ondoren atxilo eraman zituzten, eta, gero, epaitu zituztenean, aske geratu ziren. Baina Egunkaria eta hura aurrera ateratzen egindako mila ahalegin deus ez bilakatu ziren.
Beste horrenbeste gertatu zen Egin-ekin urte batzuk lehenago. Txikizioak, eta urte pila baterako kartzelara bertako arduradun kuadrilla. Euskaldunok aspaldiko ametsak bi egunkari xume haietan gauzatu genituen. Akabo geneukan apurra. Non egon ziren iritzi emaile, idazle, unibertsitateko irakasle… etiko horiek?
Baina amaitu baino lehen aipa dezadan idazleen munduko pasadizo bat. Deustuko Unibertsitatean gertatu zenez, nik baino hobeki ezagutuko du bertan euskara irakasle den Laespada jaunak. Mende honen lehen hamarkadan, aurretik terrorismoaren biktimez hainbat ikerketa egin eta argitaratuak zituzten elkarrekin Etikako bi irakasle hasi ziren lubakiaren beste aldean zer gertatu zen ikertzen. Eta berme handiko lana egin ondoren hala ondorioztatu zuten hitz bitan esateko: terrorismoa ez dela ETArena bakarrik, Estatua bera ere bilaka daitekeela terrorista, batez ere torturaren bidetik. Hori hemen gauza jakina da. Kontua da, luzaro baino lehen, esandakoa jan egin behar izan zutela, gehiegiko arrazoirik eman gabe. Galdera hauxe da: argudio berririk eman gabe lehen esandakoan atzera egin badute, zer gertatu da horren ikerketa serioa egin ondoren isil-isilik geratzeko? Isildu egin dira ala isildu egin dituzte? Eskertuko nuke egunkariren batean horretaz askatasun osoz argitasun apur bat eskaintzea.
Eta zu, Mikel Arginarena, zeren alde zaude. Ez zaitut imaginatzen, urte gogorrenetan Gesto por la pazen konzentrazioetan, pentsatzen dut orduan ere pesteak esango zenituela horiengatik eta zu justu Gestoren aurrean manifestatuko zinela, Etari apoioa ematen, Gesto manifestatzen zen hilketengatik, horiek ontzat ematen eta bahituak, Aldaia,
Iglesias Zamora et abar ordaindu arte bahituta segi dezatela eskatuz. Fabián Laespadaren ibilbidea oso garbia izan da urte huetan, beti Etaren aurrean tinko eta Geston lehenengo momentutik. Zein izan da zure ibilbidea?
eta
Zu ordea gustora egongo zinen zipaioek parean zeudenak nola jipotzen zituzten ikusten, Rosa Zarra ahaztu gabe, modu koldar eta basati batean eraila, PNVkoak bezala erdia-erdian kristau onak bezalaxe, Ez zaitez erdian jarri, parte aktibo izan zarete errepresioan. Baina betiko koldarkeri eta faltsutasuna nagusi, dena ukatzen duzue