Eta orain zer?

Eta orain zer?

ETA erakunde armatuak hartutako alde bakarreko erabakiak, ezker abertzalearen estrategiarekin sintonian, erreakzio andana sortu du han eta hemen. Haren eta honen ahotan. Batzuek diote “positiboa” dela, baina, ez dela “nahikoa”. Besteek “oso garrantzitsua” dela emandako pausua. Beti bezala jarraitzen dute eskuin espainiarreko bozeramaleek “haiekin amaitu behar dugu” kontsignari helduaz.

Erreakzioei begira jarri ordez, ikusi dezagun azken urteetan gertatua. Atzera egin ezin duen prozesu batez hitz egiten ari gara oraingoan, alde bakarreko prozesu batez, Ezker Abertzalearen barrenean, oinarrietan, emandako eztabaida sakonaren ostean. Altsasuko adierazpenean argi geratu zen zein den jarraituko den bide-orria, bortxarik gabeko eszenatoki batean. Konfrontazio demokratikoarena.

Gernikako ituna sinatu zuten Alternatiba, Aralar, EA, Ezker Abertzalea eta enparauek, prozesu berri honen oinarriak adostuz eta etorkizuneko elkarlanerako oinarriak jarriaz. Orain ETAk babesa eman dio alderdien bide-orri horri, Bruselako adierazpenari erantzunaz. Baina oraindik lan asko dago egiteke, atzokoa ez zen izan beste pausu bat besterik. Larunbatean Bilbon elkartutako herritarrek batera oihukatu zuten era berean, alderdi ezkertiar eta abertzale guztiek ezker abertzale bateratua artikulatu behar dute. Aralar eta Ezker Abertzaleak, eta gainontzeko sektoreek elkarren arteko frikzioak gainditu behar dituzte, errebantxismoak atzean utzi eta jendartearen nahiari erantzun.

Bada garaia indar subiranistak batu eta aukera politiko bakar bat eskaintzeko. Hortxe daude Gernikako oinarriak, hor jendarte bat ilusio eske. Izan dadila atzokoa sua piztuko duen txinparta, izan dadila su etena su berri baten hasiera. Eta orduan bai, orduan baten bat beldurtuko da, baten bat kezkatuko da eta ez da atzera bueltarik izango.

Irudia | Politikariak Donostiako Manifestazio batean | zz | Creative Commons By SA

Eta orain zer?

Zer duzu buruan “Eta orain zer?”-ri buruz