…eta igande goiza ezagutu nuen
Ohea aukeratu zenuen… ohea, behingoz igande goiza ezagutu ahal izateko. Astelehena ez, Igandea.
Gortinen atzetik datorren argi apalak esnatu zaitu. “Bost minutu gehiago”pentsatu, baina bi minututan jada ohetik jaiki eta ezin izan diozu eutsi zerua begiratzeko irrikari; urdina ageri da eta ez dago eguzkirik. Eguzkia, hodei zuri bakarti eta apal baten atzean ezkutatu da. Irratia piztu orduko ohartu zara. 9:00ak dira. Igande goiza da!
Buruko minik ez, guztia arraroa egiten zaizu… Beti jakin nahi izan zenuen igande goizak nolakoak ziren, batzuetan kondaira huts zirela pentsatzera ere iritsi zinen “lagun batek behin esan zidan, beste lagun batek kontatu ziola… Igande goizak Elizak asmatuak direla meza emateko”, eta halakoak. Fantasia, ipuin, gezur huts, kimera zirela uste zenuen… Baina ez, zure begiez ikusi duzu “Igande goizak ere existitzen dira!”
Gelako atea zabaldu eta sukalderantz abiatu zara eta bidean egongelako tximinian olentzerok oparirik utzi ez duela ikusi duzu, “igande goizetan ez da olentzero etortzen, zurrumurruak faltsuak ziren”
Sukaldera sartu eta izugarria! Mahaian gosaltzeko ogi xigortuak eta mazedonia bat… hau bai ez zenuela espero! Ez horixe! Sukaldeko lehioa zabaldu eta haize frexkoa sartzen utzi duzu, Igande goizetako haize purua, eta mazedoniaz gozatzen hasi zara fruitu zati zukutsu bakoitza luze dastatuz.
Gurasoak ez dira inondik ageri, ez daude etxean, dirudienez mendi buelta egitera atera dira edo amonaren etxera joanak agian… “Que buena!”
Egongelara erretiratu eta irratia piztu duzu musika apur bat ipintzeko asmoz. Mikel Urdangarinen doinu eztiak, aukera ona. Sofan jesarri zara hankak luzatuz. Paradisua. Isiltasuna da nagusi eta udaberriko txorien txioak entzuten dituzu kalean. Haize purua, eguzkiaren epela gortina atzetik, Mikel irratian eta zu sofan hankak luze… eta burukominik ez. “Oh yeah…”
“Katakraaaak!!!”
Ixiltasuna apurtu da mila zatitan, beirazko kopak lurra jotzen duenean bezala. Zure anaia gaztea esnatu da eta armoniak lehiotik ihes egin dizu. Pubertaroaren gandorrean dago; egongelara sartu, irratia itzali eta telebista piztea okurritu zaio. Okurritu eta egin. “Kaka zaharra! Hik ze uste dek!” Erantzuna erraz askatu du “Famako finalan errepikapena emateie! Kikek ez dik irabazten!” Igande goizetan horrelakorik! Ez duzu txintik ulertzen… “oooooh… Kikek ez dik irabazten… hi! pena eh! Kaben la …” baina telebistari aiduru jarri zara, ez duzu nahi anai arteko borroka odoltsu bat hasi.
<<Energy! Amazing! Vamoz markoz mírate al ezpejo, no voy a admitir kakitaz, kagadaz ni zuper kagadaz…>> <<…zi ezke mira alex tu para mi erez el ganador de verdad, el público te ha eliminao pero zin ti fama no ez nada. (negar malko artean)>> … zur eta lur utzi zaitu. Fama bilatzen dabiltzan ustezko dantzariak kamara atzean patetikoki antzezten… plastikozko negar malkoak… hipokresia gehiago… eta anaia hipnotizaturik telebista aurrean guztia ondo aztertu eta detaile guztiak memorizatuaz gero lagunekin ikastolan komentatzeko eta eztabaidatzeko. “Hau al da gaur egun modan dagoena? Jendartea hipnotizatzea horrelako zakar mordoarekin… tentelduta…kalean benetako arazoei buruz hitz egin beharrean Kike famako galtzaileari buruz hitzegiteko” Desanimoan erorita, burukomina berriz agertu da eta gosaria bueltaka hasi zaizu hesteetan… ondoeza, botagurea…
Bazoaz ohera; pertsianak itxi eta maindirepean sartu zara, garbi duzu: Hurrengo Larunbatean sekulako parranda botako duzu. Benedictine kopa, vermouth-a eta lagunekin mundua konpontzera. Bai Horixe, desfasea!