Eta gero zer?
Pasa den astean Daniel Innerarity eta Juanjo Álvarez-ek San Telmo Museoan egindako hitzaldi batean egoteko aukera izan nuen. Bertan, politikaz, krisiaz, Euskadiz eta Europaz mintzatu zitzaizkigun Globernance-ko presidente eta idazkaria. Gai sakona, interesgarria eta oso zaila gogoeta egin nahi duen edonorentzat. Besteak beste, Europak zer nolakoa izan nahi duen erabaki behar duela esan zuten; eta hortaz, gu europarrak izanik, baita guk Europarentzat nahi duguna pentsatu behar dugula ere. Nire zalantza hau izan zen, ordea: nola jakingo dugu zer nahi dugun Europarentzat Euskadirentzat, Euskal Herriarentzat, gure lurraldearentzat, nahi duguna ere ez badakigu? Eta hau independentziaren alde edo aurka egotea baino haratago doa.
Euskaldun askok hitz egiten du independentziaz, estatu zapaltzaileek noizbait gure lurraldea zapaltzeari utziko diotelakoan. Iraultzaz hitz egiten dute, nazio-estatuaren kontzeptuaz, berezitasunez, eskubideez, askatasunaz. Etorkizunari begiratzen diote itxaropentsu, noizbait egiten utziko diguten (edo ez) erreferendum baten bitartez zoriontasuna eskuratuko dugulakoan. Ez bakarrik telebistan, egunkarietan, mahai-inguruetan edo mitinetan; baizik eta baita kalean, tabernetan, manifestazioetan eta festetan ere. Independentzia gai garrantzitsua da hemen, jakina. Azkenean, edonork ateratzen du gaia, ia-ia edonoiz, edonon, eta edonoren aurrean.
Haatik, kalean gutxi batzuk besterik ez dira mintzatzen independentziak ekarriko lukeenaz, edo beste era batera esanda, “independentzia eta gero, zer?” horretaz. Ez dute, funtsean, proposamen tinko, sakon, erreal eta sendorik egiten: ez dute adierazten zein sistema politiko ezarriko litzatekeen, edo hauteskundeetan boz batek zenbat balioko lukeen, edo zeintzuk izango liratekeen zergak edo hezkuntza-legeak, edo polizia ezagutzen dugun bezala desagertuko litzatekeen, edo sektore publikoa ala pribatua sustatuko litzatekeen, edo Espainia eta Frantziarekin lotuta dauden tren sareak suntsituko liratekeen, edo zein izango litzatekeen hizkuntza ofiziala (gaztelania edo/eta frantsesarekin zer?), edo hiriburua, edo onartuko luketen hiru probintziek osatutako Euskal Herria bat.
Inkontzienteki idealtzat jotzen den independentziaren ikuspegi batean murgildu dira euskaldun asko, hau gertuago edo urrutiago ikusita ere. Independentzia bai ala bai, baina gero ezin jakin zer datorren, zer gertatuko den gure bizimoduarekin, eta barru-barruan, denoi axola zaigu. Kalean utopikoak gara, teorikoak, ideia pragmatikoak inoiz baino beharrezkoagoak ditugunean.